Zerbitzuak

Zerbitzuen atalean, hau da, Baztan Ibarreko hirugarren sektoreari dagokionez, bi eratako zerbitzuak bereizi behar ditugu: batetik, pribatuak daude, txikizkako merkataritza eta hostalaritza nagusiki, baita lurreko garraioa ere; bertzetik, zerbitzu publikoan, administrazio publikoa, hezkuntza eta osasun jarduerak dira azpimarragarrienak.

Elizondon biltzen da Baztan Ibarreko merkataritza jarduera nagusia, baina Iruritan eta Erratzun ere garrantzitsua da. Merkataritza jarduera gutxien dagoen lekuetan merkataritza ibiltaria nagusitzen da, antzina indar handia baitzuen. Kuarteletan banatuta, Elizondon daude saltoki gehien, Erberean, Baztangoizan eta Basaburuan ondoren.

Ez dago Ibarreko merkatariak biltzen dituen elkarterik, baina oraintsu Elizondoko merkatariak biltzen dituen elkarte txiki bat sortu berri da. Bertze zenbait saltoki Bertizko Turismo Partzuergoko Merkataritza Elkarteko bazkide dira. Halako saltokien arazo nagusia da merkataritza jarduera nagusia Irunen, Donostian eta Iruñan biltzen dela, kalitatezko merkartaritza espezializatuak eta saltoki handiek erakarrita. Ildo horretan, Ibarreko merkataritzak txikizkako merkataritzaren hainbat arazo gainditu behar izan ditu, baina azken urteetan, saltokiak modernizatzearen eta berritzearen aldeko jarrera izan da.

Inguruko merkataritzarendako arras garrantzitsua da Ibarrera iristen diren turisten eta bisitarien kontsumoa, batez ere udan eta jai-zubietan. Elikadura arloko saltokiak faboratzen ditu batez ere kontsumo horrek, eta pixkanaka turismorako produktuak eskaintzen dituzten gero eta saltoki gehiago daude (eskulanak, bertako produktuak, opariak, eta abar).

Ildo horretan, landetxeen indarraldia errenten osagarri garrantzitsua izan da, Ibar honetan, lehen sektorean aritzen baitziren herritar asko. Herritarren eta oro har gizartearen ustez, ekologia, bizi kalitatea eta natura gero eta hobeak dira Baztanen, eta horri esker, barneko turismoa asko garatu da, antzina “hondartzako turismoa” baitzen nagusi. Litekeena da nekazaritza eta natura arloko turismoa eta kultura nahiz gastronomia turismoa uztartuz, etorkizunerako apustu sendoa lortzea, eta Baztan Ibarra sektore horretan eredugarri izatea.