-
Egunon: Joan den astean Nafarroan lege gau sartu zen: 10.º Sociedades gastronómicas y peñas. La actividad de las sociedades gastronómicas y peñas quedará suspendida, debiendo permanecer cerradas. Se exceptúan de esta suspensión las que se ubiquen en pequeños municipios y concejos menores de quinientos habitantes (en los que no haya cafeterías, restaurantes ni bares y sean los únicos locales de reunión para toda la población. Baztango bailara, municipio edo udalherri bat bezala konsideratzen denez legala izango zen herri txiki bateko elkarte bat erabiltzea?
Egun on
Orain artio arau hori ulertzeko erabili den irizpidearen arabera bai. Adibidez: ekaina aldean iduriko mugak indarrean zirelarik Azpilkuetakoa, Anizkoa… erabili ahal izan ziren.
Adeitasunez,
Joseba Otondo (2020/09/16)
-
Iepa! Lehen ere galdera egina nuen gai honi buruz, baina erantzunik jaso ez nuenez, berriro ere galdetzen dut. Ikusi dut Elizondoz gain beste herri batzuetan ere zuntz optikoa sartzen ari direla. Jakin nahiko nuke, zuntz optiko hau etxeetarat iritsi behar den edo eskola eta mediku etxerat bakarrik iristsiko den. Jakin nahiko nuke, batez ere Iruritan, baina baita beste herrietan ere bai. Baita ere jakin nahiko nuke ze konpainiarekin egiten ari diren instalazioak. Movistar, Adamo, Vodafone, Masmóvil, etab. Millesker, Joxe Mari
Egun on Joxe Mari
Hasteko, barkamen eskea erantzun berantiarrarengatik. Erantzun genuelakoan nengoen.
Nafarroako Gobernuak Nasertic enpresa publikoaren bidez Nafarroako herri kozkorrenetarat zuntza eramanen du. Zuntza errepide nagusiaren bazterra baliatuz hedatzen ari dira, hortaz, errepidearen ondoan dauden herrietarat ere ailegatuko da. Gobernuaren zuntza gobernuaren eraikin publikoetaraino eramanen dute: osasun etxe, ikastetxe… Aldi berean, Nafarroako Gobernuak zuntz muturra herri horien sarreran utziko du eta interesa duten enpresa pribatuek herrietan hedatuko dute. Baztanen adibidez Movistar Elizondon hedapena egiten ari da. Adamok berriz Oronoz, Arraioz eta Elizondon egiteko asmoa du. Iduriz Iruritan ere bai.
Gainerakoan, Gestel irrati frekuentzia bidez zerbitzua ematen ari da, eta modu horretan bailarako bertze zenbait tokitarat ailegatzen da. Bertze enpresa batzuk ere irrati frekuentzia bidez emateko interesa agertu dute, baino oraino ez dira hasi.
Izan ongi
Joseba Otondo Bikondoa (2020/01/10)
-
Epa! Egun on! Hezitzaile eskolako haur hezkuntzako lehenengo mailako ikasleak gara. Baztango haur eskoletako bazkal orduko proiektuari buruzko lana egin behar dugu eta hori burutzeko informazioa eskuratu nahiko genuke. Zure erantzunaren zain egongo gara. Ongi izan. Esker mile. Alazne eta irune.
Egun on Alazne eta Iruñe;
Haur eskolako jangelari buruzko informazioa eskuratzeko deitu udalerat 948 580 006 telefonorat, eta zinegotziarekin edo alkatearekin egon nahi duzuela erran. Nahi duzuen guztia argitu ahal izateko hitzordua finkatuko dugu.
Esker mila
Joseba Otondo Bikondoa (2019/09/09)
-
Kaixo! Posible litzateke jakitea erratzuko camping-ean dagoen taberna publikoa den? Eta ala badan zeintzuk diran betebeharrak? Mila esker
Egun on,
Erratzuko kanpineko ostatua ez da publikoa. Kanpina pribatua da eta nagusiak ostatua errentan ematen du.
Joseba Otondo Bikondoa (2019/09/09)
-
Egun on, Joseba. Zer moduz? Orain dela urte pasa Aitor, nire senarra, eta nik Mugairin apartamentu bat erosi genuen eta oso oso gustura gaude. Baino gauza da gure ametsa Baztanen, agian Mugairin bertan, etxe bat edukitzea da. Jakin nahiko genuke, lehenbizi urbanizatzen ahal den terreno bat erosi behar badugu ere, ea etxe prefabrikatu bat paratu ahal genuke ala ez. Jakin dugunez hainbertze motako etxe prefabrikaturik badaude eta batzuk antza haundia dute edozein ladrillozko eta Baztanen eraikitzen diren etxeekin. Aldez aurretik, Joseba, eskermile aunitz. Ongi segi!
Egun on Edurne
Hirigintza araudiak eraikuntza aurrefabrikatuak ez ditu onartzen, baina gaur egun badaude eraikuntza aurrefabrikatu edo modular batzuk eraikuntza eta eraikuntza-sistema tradizionalen itxura lortzen dutenak eta zirrikituren bat egon daiteke. Hortaz, komenigarriena udaleko hirigintza zerbitzuarekin egotea litzateke eta buruan duzuena bertatik bertara azaltzea. Horretarako udalerat deitu eta arkitektuarekin biltzeko hitzordua hartzea aski duzue.
Izan ongi
Joseba Otondo Bikondoa (2019/01/22)
-
Egun on! Irakurri dut baztango haur eskolan sukaldea jarriko dela Abuztuan eta nire galdera da ea sukaldaria behar den? Non jakiten ahal dut informazio gehiago? Eskerrik asko
Egun on,
Baztango Udalak haur eskolako sukaldea sukaldatzeko moduan paratu du eta, orain, sukalde zerbitzua emateko plegua prestatzen hasiko gara. Udalak ez du sukaldaririk zuzenean kontratatuko. Zerbitzua hartu nahi dutenek pleguko baldintzak kontuan hartuta beren eskaintzak egin beharko dituzte. Plegua prestatzekin deialdi publikoa eginen dugu, eta orduan, interesik izanen gero zure eskaintza aurkezten ahalko duzu.
Esker mila eta ongi izan
Joseba Otondo (2018/01/15)
-
Mi nombre es Iñigo Maeztu y quería solicitarle información sobre la cantera de piedra roja de Harri-Lan. La pregunta es debido a que deseo comprar una propiedad en la cual debería invertir una muy importante cantidad de dinero para restaurar un caserío, y dicha cantera esta en la visual de la vivienda causando un considerable impacto visual muy desagradable dentro de la naturaleza y belleza del paisaje del Baztan. Es por este motivo que quería preguntarles si podría disponer de algún plano de la propiedad que tienen autorizado, así como cuantos años mas tienen autorización para explotarla, ya que si seria mucho mayor la huella de impacto visual de lo que ya tienen, no realizaría la inversión. Le agradecería una contestación lo antes posible En espera de sus noticias, reciba un cordial saludo Muchas gracias IM. (Galdera jatorrizko hizkuntzan)
Iazko urtearen hondarrean harrobiaren ustiapena bertze hamar urtez luzatzeko Harri-lanekin hitzarmena sinatu zen. Nolanahi ere den udaletxeko erregistrorat joz gero egitasmoari buruzko informazio guztia eskatu eta eskuratzen ahalko duzu.
Ongi izan
Joseba Otondo (2017/06/19)
-
Lehenik, zorionak plaza berritzeagatik. Ttipi-Ttapan ikusi dut proposamena eta iduritzen zait kioskoak ez duela betetzen irisgarritasunaren Ley Foral 5/2010, Foru Legea, apirilaren 6koa. Ez dut arranparik ikusten. Nola igoko dira elbarrituak? Eta musika taldeen ekipo pisutsuak? Uste dut orain dela unea honako oker hau zuzentzeko. Nik ere guztiontzat hoberena desiatuz agurtzen zaitut.
Egun on
Elizondoko plaza eraberritzeko batzordeko bileretan eta Herriko Batzarretan kioskorat igateko arrapala egiteko aukera aztertu zen.
Azterketa egin zen eta horren ondorioa hau izan zen:
VIV/2010 Aginduaren 1. Art.aren arabera, oinezkoendako bidea irisgarria izateko baldintza hauek bete behar dira:
– Arranparen zatiek igarobide librerako guttienez 1,80 m.ko zabalera eta gehinez 10m.ko luzera izanen dute.
– 3 eta 10 m. luzerako zatietan malda gehienez %8koa izanen da.
– 10 m. baino gehiago izaterakoan tartean laugunea behar da guttinez 1,5 m. luzekoa eta arrapalaren akaberan kioskora sartzeko 1,80m.ko eskailera-burua
– Zorua ez-labaingarria behar du izan
– Baranda izatekoan bi aldeetan luzatzen dena 30 zm.koaHorrek guztiak laugunea eta eskailera-burua kontuan hartuz 15,80m. luze eta1,80 m. zabal izanen zen arrapala suposatuko luke, 28.44m2ko azalerarekin eta 32,20m.ko barandarekin.
Kioskoak 45,63m.ko azalera du eta 29,80m.ko baranda.
Arranpak kioskoaren azaleraren %62ko handitzea ekarriko luke eta barandaren %113.
Datu horiek kontuan harturik arranpa egiteko hasierako nahia baztertu zen.
Aipatutakoaren ondorio bezala egiten ari den proiektua onartu zen 2016ko irailaren 30eko batzarrean, arkitektuak erran zuen arranpa egiteko aukera aztertu zela baina irisgarritasun baldintzek 16m luzekoa izatea eskatzen zutela eta horrek obra zaildu eta garestitzen zuela eta, gainera kioskoetan ez-ohiko elementua zela. Horregatik behar den unetarako gailu mekanikoak erabiltzea erabaki zen.
Joseba Otondo Bikondoa (2017/06/01)
-
Mesedez galdeketa hau bete ezazu, Baztango euskalkiari buruzkoa izango da. Galdeketan ez dago konpromexuan jartzen duen galderarik. Eskerrikasko. 1) Nola ikusten duzu Baztango euskalkiaren egoera? 2) Zer iritzi duzu euskera batuari buruz? 3) Nola ikusten duzu Baztango iragana? Galadeketa labur hau egitea eskertuko nizuke.
1) Baztango euskalkia, bizirik dagoen neurrian, etengabeko aldaketan dago. Horrela, nahiz aitatxi-amatxien eta belaunaldi gazteenen euskararen artean nabarmena den segida egon, nabarmena da ere, aldaketak ematen ari direla: -en/-go etorkizuneko marka, atzean-aurrean gero eta gehiago erabiltzea…
Denbora luzaz Baztango azpieuskalkia lapurteraren eta goi-nafarrareraren artean kokatu izan badute ere, euskarazko komunikabieetan, eskola-materialetan… nagusi diren formak barneratzen ari da.
2) Euskaldunok euskaraz bizitzeko euskara batua bai ala bai behar dugu. Euskara baturik gabe ezinezkoa litzateke oraingo jendartean euskaraz bizitzeko eremuak irabaztea: hezkuntza, lana, aisialdia… Hortaz, euskara batuak duen garrantzia aitortu behar da. Baina, aldi berean, azkeneko aldi luzean nagusitu den euskara batu pobrearekin ez gara konformatzen ahal. Euskara batua euskalkien ekarpenak onartzeko tenorean kontzeptualki eskuzabala eta aberatsa da; baina ezjakintasunarengatik, zabarkeriarengatik edo errazkeriarengatik ez dugu halako ahaleginik egin eta euskara batu pobre eta uniformean gelditu gara.
3) Baztango iragana iragan aunitzek osatzen dute: klase, genero, hizkuntza… alderditik, nondik aztertzen den, iragana ere desberdin ikusiko genuke. Ezbairik gabe, Baztango iragana joan da. Aitzinerat egiteko edozein giza-komunitatek bere burua aldatu eta egokituz joan beharra du eta iragana orainaldian horrela ageri zaigu, oraturiko bizipen bezala. Haatik, maiz, iragana testuingururik gabe, oinarri objektiborik gabe eta mitifikaturik ikusten dugu. Iraganak irakasbide behar luke ez, morrontza.
Joseba Otondo 2017/05/08
-
Asteazkenetan Udaletxean zegon NAN berritzeko bulegoa, itxi da? Ez da berriz izanen? Karneta egiteko edo berritzeko baztandar guziek Iruñerat gan behar dugu? Esker mile. M.O. (2017/02/13)
Egun on,
NANa egiteko bulegoko arduradunekin harremanetan paratu ondotik zerbitzua berregituratzen ari direla jakinarazi digute eta herrietako zerbitzu guztiak: Tafalla, Lizarra, Leitza… bertan behera gelditu direla. Estatuko administrazioan izaten ari diren murrizketen ondorioa omen da. Horrela, berregituraketa egin bizkitartean, baliabideak modu eraginkorrenean erabiltzeko Iruñean zentralizatu dute dena. Uda pasatu artio ez dute aldaketarik aurrikusten. Herrietako zerbitzua berriz hastekotan, uda ondotik izanen litzateke.
Baztandik zerbitzuaren arduradunari herritarren kezka eta arrangura jakinarazi diogu.
Esker mila
Joseba Otondo (2017/03/01)