Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

ELBETEKO ANTZINAKO ERAIKIN NOBLEAK

Ondarea_t

Askoa Leinu-etxearen kanpoaldea

Hona hemen Elbeteko jauregien arkitektura hobekien ezaugarritzen duten bi eraikinak:

  • Askoa leinu-etxea: XVIII. mendeko jauregien arkitekturari jarraiki, Askoa bloke kubiko ederra da. Harlanduzko etxaurrean hiru atal ditu elkarri gainjarriak eta lau isurkiko teilatua du, baita zurezko irtengune bat ere, oso ondo eraikia. Eraikinak barroko kutsua du: portalea, balkoi nagusia eta bertikalki eta ezin hobeki gurutzatutako armarriak dira erakusgarri onena. Balkoi gainean, lekua kenduz, armarri bat dago, eta, modernoa bada ere, efektu egokia sortzen du etxaurrearekin ondo ezkontzeaz gain. Armarri hori Leyundarrena izan daiteke, agian, antzinako jabeak baitziren. Antzinako armarria, sinpleagoa diseinuan, barroko estiloan markoztatua dago, fruituez inguratua, eta bi eremutan banatzen da; lehen eremuan, Santiagoren bi gurutze ageri dira, eta, bigarrenean, berriz, bi otso.
  • Jarola leinu-etxea: Eraikin bikaina da. Jauregi hau Ameriketan aberastutako Migel Bergara militar eta merkatariak eraikiarazi zuen. 1674an kontratatu ziren obrak. Ateak eta leihoak egiteko, Erratzuko Apestegia jauregia hartu omen zuten eredutzat, erlaitza egiteko Lesakako Urdanibia etxean oinarritu ziren eta kordoiak eraikitzeko, berriz, Amaiurko Martin Borda izenekoan. Etxaurreak harlandu gorri adierazgarria du oso, eta hiru atalekoa da. Atal bakoitzeko hiru hutsarte dauzka. Solairu nagusian balkoiak daude eta goikoan, berriz, leihoak. Bada gauza aski deigarririk: beheko solairuan, ate eder bat dago, eta barrualdea kiribildua dauka pilastra eta zutabe doriko aurreratuen artean; azken horien gainean oinarritzen da triglifoz eta erronboz osaturiko taulamendua. Balkoi nagusia, atearekin ardatzean, orejetekin apaindua dago, alegia, goiko leihoa apaintzen duten berberekin, eta frontoi hiruki batean amaitzen da, piramide artean zatiturik eta erdian armarria duela.