Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

ETXEPARE SARIA: 2016

2016ko ekainaren 29an iragarri zen 2016ko Etxepare sariaren irabazlea  Antsoaingo Udaletxean. Isaak Martínez eta Liébana Goñiren Zerua Gris Dago obra saritu zuen aurtengo edizioak, lehiaketan parte hartu zuten 23 lanen artetik; eta, orain, Pamiela argitaletxeak argitaratu du.ZERUA GRIS DAGO
AURKEZPENA

Zerua gris dago

Idazlea: Isaak Martínez

Ilustratzailea: Liébana Goñi

Deialdia: Albumak sortzeko VII. Etxepare Saria

Argitaletxea: Pamiela

Hizkuntzak. Euskara

OBRA

 

Zerua grisa egon arren, elurrez eta koloreetako etxeez inguraturiko istorioa kontatzen du obra honek. Ipuinaren protagonistak bi haur dira, elurraren isiltasunari eta lasaitasunari bizitza ematen diotenak hain zuzen ere.

2016ko Etxepare sariaren epaimahaia Patxi Zubizarretak, Mikel Valverdek eta Yolanda Arrietak osatu zuten, eta, besteak, beste honakoak azpimarratu zituzten obra honi buruz:

  • Albumean adiskidetasun baten sorrera kontatzen bazaigu ere, generoak eragindako aurreiritzien kontrako aldarri isila eskaintzen zaigu, laguntasunaren aldeko proposamen sotila.”
  • Zerua gris dago lanak zeru grisaren azpiko zelai zurian aurki daitekeen bizitzari gorazarre egiten dio, poliki eta kontu handiz, elur maluta elurtzara erori ohi den eran, eta hoztasunean lagun bat izateak ekar lezakeen konplizitate koloretsua erakusten digu, berdin dio lagun hori neska ala mutila izan.”
  • Testuaren eta irudiaren —gutxitan bezalako— oreka nabarmendu nahi dugu, apenas aditzik duen testu finaren eta finezia handiz eraikitako paisaia eta pertsonaien artean; ematen du isiltasuna entzun egiten dela, elur giroak koloreak indartu egiten dituela.”
  • Zerua gris dago lanak elurraren isiltasun mutuan murgiltzen gaitu, gainerako doinuak aditzeko. Elurretan oinak sartzeko gonbita egiten digu urrats-soinuekin gordeketan jolasteko.”
  • Irudiak oso aberatsak dira erabilitako kolore zein testuraregatik eta erakusten dituzten xehetasunengatik. Xehetasun horiek guztiek irakurketa ezberdinak ahalbidetzen dituzte eta erakargarriago bihurtu historia. Gainera, planoak aldatzen direnez, erritmoari esker, irakurlearen arreta mantentzen da.”
  • Zerua gris dago lanak hitz solteak, esaldi laburrak, onomatopeia esanguratsuak eskaintzen dizkigu irakurleoi, orriz orri, irudiak lagun eta erritmo pausatuan, ipuineko bi protagonisten jokoan parte hartzeko.”

EGILEAK

Isaak Martínez Ortíz Zerua Gris Dago obraren testu egilea Hondarribian jaio zen 1975ean. Bertan institutua amaitu ondoren, Iruñera etorri zen Irakasletza egitera. Haur Hezkuntzako maisua da gaur egun eta Uharten bizi da. Txikitatik gustatu izan zaio idaztea eta afizioz idazten du. Aspaldidanik lagunentzako edo bere buruarentzako ipuinak edo olerkiak egiten ditu. Ilusio handiz jaso zuen saria, eta beste proiektu batzuekin aurrera egiteko bultzada izan daiteke.

Liébana Goñi Yárnoz Zerua Gris Dago obraren ilustratzailea. Iruñean jaio zen 1986ean. 2009an Arte Ederretan lizentziatu ondoren, Diseinu Grafikoan eta Publizitate Artistikoko Zuzendaritzan espezializatu zen. Ilustrazioarekin zerikusia duten jardueretan parte hartu du, bai bakarka edota Y Peluda kolektiboaren partaide bezala. 2015ean Ilunean Argi argitaratu zuen (Denonartean Argitaletxearekin). Gaur egun ilustrazioarekin zerikusia duten proiektu desberdinak egiten jarraitzen du.

Isaak Martínezek eta Liébana Goñik ikastetxe berean lan egiten dute. Isaakek Liébanari ipuina erakutsi ondoren, elkarlanari ekin zioten, Liébanak ilustratu zezan. Bakoitzaren espazioa errespetatu badute ere, albumaren bi alderdi horiek uztartzen asmatu dute: istorioa kontatzeko, ilustrazioen eta hitzen esangurarekin jokatu dute, eta, horretarako, testuak birmoldatu dituzte irudiak ere kontakizunaren parte bihurtzeko.

Martínezek aditz gutxi eta onomatopeia adierazgarriak erabili ditu idazterakoan, testuari indarra emateko asmoz. “Iruditzen zait, idazterakoan, musikan eta zineman bezala, sinpletasuna konplexutasuna baino esanguratsuagoa izan daitekeela”. Goñik, berriz, teknika berriak probatu ditu, eta horrek, besteak beste, elurraren kontrasteak, koloreak eta ehundurak lantzeko aukera  eman dio.

Egindako ahaleginaren eta jarritako ilusioaren ondoren, pozik jaso zuten sariaren berri. “Banekien Isaak eta biok egindako lana ona zela, baina azkenean lehiaketa bat da, eta ipuin eder askok parte hartzen dute”.

LEHIAKETA

ETXEPARE SARIA haurrentzako albumak sortzeko

2017

1. Sari honetara haurrei zuzenduriko lan ilustratuak aurkeztu ahal izanen dira. Proposamenak albumaren ezaugarriak izanen ditu; hau da, osagarriak diren irudi eta testu laburren bitartez, hari narratiboa duen istorio bat kontatuko du.

2. Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izanen dira. Ez da onartuko beste inondik moldatutako lanik, ezta aurretik saririk jaso duenik ere.

3. Lehiaketan honela parte hartu daiteke: bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean. Egileek nahi beste lan aurkez ditzakete.

4. Formatua librea da, baina lanak ez dira 20 cm x 21cm baino txikiagoak izanen, eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izanen dituzte (bakarrik kontuan hartuko dira barneko orrialdeak). Testuek ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko (zuriuneak barne).

5. Sari hau azken bi deialdietako batean jaso duten idazleen edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira, nahiz eta arestian aipatutako baldintzak bete.

6. Lehiaketan parte hartzen duten egileek albumaren maketa aurkeztu beharko dute, hau da, azken bertsioa inprimatuta, bukatutako albumean agertuko liratekeen testu zein ilustrazioekin. Ez da maketa koadernatu beharrik, nahikoa da maketa modu xume batez jostearekin (grapekin, uztaiekin, espiralarekin e. a.). Horretaz gain, maketaren kopia bat bidali beharko dute: pdf formatuan, lan osoa fitxategi bakarrean. Kopia pendrive batean entregatuko dute (aholkatzen da fitxategiek ez izatea 10 mega baino gehiago). Albumaren testua ere aurkeztu beharko dute, word formatuan (pendrivean sartu beharko dute). Egileek nahi badute, irudi originalak bidal ditzakete epaimahaikideek jatorrizko lana ikus dezaten.

7. Lanak izengoitiaz izenpeturik egongo dira. Lanarekin batera gutun-azal itxi bat aurkeztuko da, kanpoko aldean lanaren titulua eta egilearen goitizena izango dituena eta barruan egilea edo egileen datuak: izen-abizenak, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, NANaren edota pasaportearen fotokopia eta egilearen aipamen bio-bibliografikoa.

8. Lanak helbide honetara bidaliko dira: ETXEPARE SARIA, Leitzako Udala-Euskara Zerbitzua, Elbarren 1, 31880 Leitza (Nafarroa).

9. Originalak aurkezteko epea 2017ko maiatzaren 19an itxiko da. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna 2017ko ekainaren 30a izanen da.

10. Epaimahaia haur literaturan eta ilustrazioan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta udal eta mankomunitate antolatzaileek izendatuko dute. Udal eta mankomunitate antolatzaileetako teknikari batek idazkari lanak eginen ditu (hitza izanen du, baina ez botorik). Pamielak  izendatutako pertsonak egon daitezke epaimahaiak egiten dituen bilkuretan (hitza izanen dute, baina ez botorik). Ez da saririk emanen epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez badago. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da.

11. Sari bakarra emango da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan. Zergen atxikipena indarrean dagoen legediari jarraiki eginen da.

12. Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, eta argitalpenean Etxepare sariaren aipamena eginen da.

13. Saria eman eta hilabeteko epean originalak itzuliko zaizkio eskatzen dituenari. Epe hori igarota, eskatzen ez diren lanak suntsitu egingo dira.

14. Oinarri hauetan zehaztu gabeko zalantzaren bat agertzen bada, epaimahaiak argituko du eta hark egiten ez badu udal eta mankomunitate antolatzaileek erabakiko dute. Sari honetan parte hartzeak oinarri hauek ezagutzea eta onartzea dakar.

Antolatzaileak:

Agoizko Udala; Antsoaingo Udala; Atarrabiako Udala; Barañaingo Udala; Baztango Udala; Berriobeitiko Udala; Berriozarko Udala; Bortzirietako Euskara Mankomunitatea; Burlatako Udala; Esteribarko Udala; Garesko Udala; Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea; Estella-Lizarrako Udala; Malerrekako Mankomunitatea; Sakanako Mankomunitatea;  Tafallako Udala; Uharteko Udala; Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak eta Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatua.

Laguntzailea:   Pamiela