Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

GARTZAINGO SAN MARTIN PARROKIA

Ondarea_t

Gartzaingo San Martin parrokia XVI. mendearen azken hamarkadan hasi ziren eraikitzen, nahiz eta lanak hurrengo gizaldi osora luzatu. Hori dela-eta, tenplu barruan ez dago estilo-batasunik, ezaugarri ezberdinak hartu baitziren kontuan une bakoitzeko eraikuntza-lanak egiterakoan. Badirudi artelanaren muina edo oinarria 1678an bukatu zutela.

Latindar gurutzeko oinplanoa du eraikinak eta baita bi ataleko nabe handia ere, gurutzadura ez da oso irtena eta burualdea pentagonala da. Oin-atalari (behekoari) beste txikiago eta estuago bat lotzen zaio eta horren gainean dago dorrea. Eraikinaren kanpoaldean – malda txiki batean dago – garaiera handiko bloke gisa nabarmentzen da, eta, dituen hormak, harlandu gorrikoak, sendotasuna eta bermea ematen diotenak, inguruko baserriak baino garaiagoak dira, nabarmen.

Barrualdean, bi erretaula daude, neoklasiko estilokoak eta XVIII. mende bukaerakoak edo XIX. mende hasierakoak. XVII. mende bukaerako erretaula barrokoak ordezkatu zituzten, baina ez da erretaula zahar haien inolako arrastorik geratu. Jakina da erretaula nagusia San Martini eskainia zela, eta alboan ba omen ziren beste bi, Santa Barbarari eta Andre Mari arrosariokoari eskainiak. Haien partez, egun, bi erretaula ikus daitezke: San Joserena eta San Jokinena, ahur edo konkabo itxurakoak biak, presbiterioaren erdi-zirkunferentziara egokitze aldera. Bi erretaulen erdian, zirkulu-erdiko harrizko nitxo bat dago, eta azken horren barruan San Martínen tailla neoklasikoa.