Itziar Otegi Aranburu eta Sandra Garayoa Cotera egileek irabazi dute 2020ko Etxepare saria “LORERIK GORRIENA” albumarekin

ekaina 30, 2020

Etxepare sarian 35 lan aurkeztu dira, inoizko ediziorik emankorrena izan da aurtengoa. Guztien artean LORERIK GORRIENA hautatu dute Leire Salaberria ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatutako epamahaiak.

LORERIK GORRIENA albumak gutako bakoitzaren bizitzan Gertakari Handiek duten zama nabarmentzen digu, norberaren beldurrek, edo bertzeengandik jasotzen ditugunak, zenbateraino kateatzen gaituzten galdetuz. Ipuin tradizionalen ildotik, Txano Gorritxoren alaba dugu ardatz eta protagonista, eta berak erabaki beharko du etxean geratu edo oihanean barneratu, historia errepikatu edo berritu, eta, jakina, oihanean basapiztia ezaguna dauka zain, lerde jario.

Garayoa donostiarra da eta diseinu grafikoan eta ilustrazioan graduatua da. Otegi, berriz, oiartzuarra eta itzultzaile-interpretea da lanbidez.

Irabazleek 5.000€ko saria jaso dute, eta euren lana 2020ko udazkenean argitaratuko du Pamiela argitaletxeak.

 


<< atzera