Koldo Bigurik irabazi du 2020ko (H)ilbeltza beka

maiatza 28, 2020

Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao euskaratzea eskatu du aurtengo deialdiak eta itzultzaile gasteiztarrak egindako lana izan da 10 laginen artetik itzulpenik onena.

Epaimahaikideek azpimarratu dutenez “itzultzaileak jatorrizko obraren letrari eta estiloari tentuz eta zentzuz jarraitu die euskaraz baliokide bat sortzeko garaian. Ahalegin horretan bereziki nabarmentzekoa da elkarrizketen bizitasuna, italierazko obran erabiltzen den lagunarteko erregistroa imitatu nahian”.

Beka honen xedea euskarazko nobela beltza sustatzea da, eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurten, IV. edizioan, itzulpen lana egiteko beka egokitu da.

Baztanek aspalditik du euskal nobela beltzarekin lotura. Izan ere, Jose Antoni Loidiren Hamabost egun Urgainen eta Mariano Izetaren Dirua galgarri izan ziren lehendabiziko euskal nobela beltzak. Euskal Nobela Beltzaren astearen harira sortu zen beka. Beraz, esan dezakegu Baztan euskarazko nobela beltzaren erreferentziazko eskualdea dela.

Bekaren antolatzaileak Baztango Udala, (H)ilbeltza elkartea eta Txalaparta argitaletxea dira.

Aurreko edizioetako irabazleak: Miel Anjel Elustondo, Josu Barambones eta Miren Gorrotxategi izan dira.

Saria: Lagin irabazleari 3.000€ emango zaizkio orain eta beste 3.000€ lana akitzerakoan.

Argitalpena: 2021eko abenduan argitaratuko du lana Txalaparta argitaletxeak.

(H)ilbeltza beka – prentsa-oharra 2020 (1)


<< atzera