Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

LEKAROZKO SAN BARTOLOME PARROKIA

Ondarea_t

Lekaroz kaskoan dago, herriko gunerik garaienean. Parrokia honek badu nolabaiteko batasuna estilo aldetik haraneko bertze parrokia batzuekin. Hainbat garaitan eraiki zuten, baina badirudi, dokumentuen arabera, 1579an hasi zirela. Urte hartakoak dira gurutzadura eta burualdea. Nabeak eredu modernoago bati jarraitzen dio, VXIII. mendekoa da, barrokoa. Dorrea 1896an eraitsi zuten egungoari bide emateko. Herriko seme eta arkitekto Lino Plazak eraiki zuen.

Elizak latindar gurutzeko oinplanoa du, eta nabe bakarra lau atalez osatua, baita hegal txikiko gurutzadura ere; horrez gain, zirkulu-erdiko absidea barrualdean, eta poligonala kanpoaldean. Kanpoaldetik, harlandua eta igeltsuztatutako paramentua nahasten dira, eta eraikinaren luze-joera argi nabarmentzen da. Eliza inguratuz, erromes-leku bat dago, eta Epistolaren aldetik zirkulu-erdiko zortzi arku hedatzen dira, harrizko zutabeetan oinarriturik, portiko modura, eta ondoren barruko estalkia, sabai izun modura. Barrualdean, bertzeren artean, 1500 urte-inguruko Gurutziltzatu gotikoa nabarmentzen da, zurruntasun anatomiko handikoa. Horren ondoan, Andre Mari arrosariokoaren erretaula dago. Erretaula horrek, bertze aldeko Santa Katalinarenarekin batera, erretaula nagusiarekin batera (San Bartolomeren martirioa irudikatzen duen taldea ageri da), eta mihise bana irarria daukaten bertze bi erretaula txikiekin batera, XVIII. mendearen bigarren erdiko rokoko estiloko batasun zoragarria osatzen du.