Elizondo

Vista de Elizondo nevadoAltitudea: 200 metro.

BIztanleria 2005ean: 3.335 biztanle.

Iruñetik 50 km-ra dago. Elizondora heltzeko N-121-B errepidea hartu behar da. Elizondon dago Balleko Etxea, udalerriaren egoitza administratiboa. Elizondon daude, halaber, dendarik gehienak. Bortz auzo ditu: Antzanborda, Beartzun, Berro, Kinto eta Etxaide.

Aipatzekoak dira Elizondon:

Elizondo daude ibarreko zerbitzu eta denda gehienak. Ohar praktiko hori alde batera utzita, gure bisitaldia Elizondoko alde zaharreko karriketan barrena hasiko dugu, Jaime Urrutia eta Braulio Iriarte karriketan barrena. Ibilbide horretan antzinako xarma duten dendak topatuko ditugu. Halaber, bertako produktuak erosteko aukera ere izanen dugu.

Ondoren aipatzen diren etxeak eta jauregiak topatuko ditugu:

  • Paularena (Santiago karrika, 13). Hemeretzigarren mendeko arkitekturaren eredu garbia.
  • Baztan Balleko Etxea (Jaime Urrutia karrika, 12). Hemeretzigarren mendeko arkitekturaren eredu garbia, eta harlanduzko aitzinalde ederra duen eraikina.
  • Arizkunenea (Jaime Urrutia karrika, 14). 1730ean eraikia, barroko itxurakoa. Garai hartako jauregitxo frantsesen antzeko itxura du.
  • Arotzarena jauregia (Jaime Urrutia karrika, 17). Leinu-etxea. XVII. mendeko eraikin barroko noblea.
  • Poskonea (Jaime Urrutia karrika, 43). Garrantzi arkitektoniko handiko etxea da.
  • Istekonea (Jaime Urrutia karrikako 46. zenbakiaren parean). Garrantzi arkitektoniko handiko etxea da, eta aitzinaldean, nabarmen, armarria du.
  • Apezenea (Jaime Urrutia karrika, 51). Aitzinaldean XVIII. mendearen bigarren erdialdeko armarria du.
  • Puriosenea (Braulio Iriarte karrika, 36). XV: mende-bukaerako edo XVI.aren hasierako eraikina, gotikoaren amaierako elementuak dituena.
  • Datue jauregia. Leinu-etxea. XVII-XVIII. mendeen artean eraikitako eraikin barroko soila.

Herriko plazan, Udaletxearen aitzinaldean, uztailaren 25ean, Santiago Apostoluaren egunean, mutil-dantza ikusiko dugu, mezaren ondotik.

Elizondok xarmaz beteriko txoko anitz ditu, herri honen berezitasunaren lekuko diren txokoak. Horietan, izan garen lekurik ederrenetakoan gaudela sentiaraziko diguten ikuspegi ezberdinak antzemanen ditugu:

  • Arizkuneneako gibeleko aldea. Bertatik Baztan ibaiaren paisaiarik ederrenetako bat ikusteko aukera izanen dugu. Leku ezin hobea da Jaime Urrutia karrikaren gibelaldeari, ibaian islaturik, argazkiak egiteko.
  • Elizondoko Abesbatzaren Plaza (Balleko Etxean eta Arizkunenea artean). Elementu nagusia iturria da, eta betan Xabier Santxotenaren eskultura bat dago.
  • Jaime Urrutia karrikako arkuak. Arkupe politak, Javier Ciga margolariak “Elizondoko azoka”  izeneko koadroan betikotuak.
  • Jaime Urrutia karrikako azken tartea. Bertatik Braulio Iriarte karrikako eraikin dotoreak ikus ditzakegu.
  • Antxitoneako zubia. Bertatik herriko txokorik xarmangarrienetako bati argazkia egin diezaiokegu.

Elizondon, oraindik ere, ume garaiko oroitzapenak ekartzen dizkiguten eraikin eta dendak daude, bertzeak bertze:

  • Antxitonea trinketea (berriki zaharberritua). Ingurune berezi batean pilota-txapelketak ikusteko kirol-instalazio ederra.
  • Xarma berezia duten dendak.

Bi azienda-feria garrantzitsu egiten dira: bat udaberrian, eta urrian bertzea. Feria horietan, bertako aziendak ikusteko aukera izaten dugu, bertzeak bertze: herriko behi gorriak eta pottokak (zaldi txikiak). Azienda-feriarekin batera saltzaile ibiltari anitzek beren postuak paratzen dituzte Elizondoko karriketan.

Merkatuaren plazaren ondoan, plaza luzea dago. Horretan, gaur egun oraindik ere bizirik dirauen euskal pilotaren modalitate zaharrenaz gozatu ahal izanen dugu: Laxoa. Malerrekan eta Baztanen bakarrik jokatzen da joko horretara.

Herriko Bestak uztailaren 25ean ospatzen dira, herriko zaindari Santiago Apostoluaren omenez.