Mesedez galdeketa hau bete ezazu, Baztango euskalkiari buruzkoa izango da. Galdeketan ez dago konpromexuan jartzen duen galderarik. Eskerrikasko. 1) Nola ikusten duzu Baztango euskalkiaren egoera? 2) Zer iritzi duzu euskera batuari buruz? 3) Nola ikusten duzu Baztango iragana? Galadeketa labur hau egitea eskertuko nizuke.

May 9, 2017

1) Baztango euskalkia, bizirik dagoen neurrian, etengabeko aldaketan dago. Horrela, nahiz aitatxi-amatxien eta belaunaldi gazteenen euskararen artean nabarmena den segida egon, nabarmena da ere, aldaketak ematen ari direla: -en/-go etorkizuneko marka, atzean-aurrean gero eta gehiago erabiltzea…

Denbora luzaz Baztango azpieuskalkia lapurteraren eta goi-nafarrareraren artean kokatu izan badute ere, euskarazko komunikabieetan, eskola-materialetan… nagusi diren formak barneratzen ari da.

2) Euskaldunok euskaraz bizitzeko euskara batua bai ala bai behar dugu. Euskara baturik gabe ezinezkoa litzateke oraingo jendartean euskaraz bizitzeko eremuak irabaztea: hezkuntza, lana, aisialdia… Hortaz, euskara batuak duen garrantzia aitortu behar da. Baina, aldi berean, azkeneko aldi luzean nagusitu den euskara batu pobrearekin ez gara konformatzen ahal. Euskara batua euskalkien ekarpenak onartzeko tenorean kontzeptualki eskuzabala eta aberatsa da; baina ezjakintasunarengatik, zabarkeriarengatik edo errazkeriarengatik ez dugu halako ahaleginik egin eta euskara batu pobre eta uniformean gelditu gara.

3) Baztango iragana iragan aunitzek osatzen dute: klase, genero, hizkuntza… alderditik, nondik aztertzen den, iragana ere desberdin ikusiko genuke. Ezbairik gabe, Baztango iragana joan da. Aitzinerat egiteko edozein giza-komunitatek bere burua aldatu eta egokituz joan beharra du eta iragana orainaldian horrela ageri zaigu, oraturiko bizipen bezala. Haatik, maiz, iragana testuingururik gabe, oinarri objektiborik gabe eta mitifikaturik ikusten dugu. Iraganak irakasbide behar luke ez, morrontza.

Joseba Otondo 2017/05/08

Sare sozialetara gehitu

<< atzera