Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2021eko urriak 15

Baztango Udala bi orduz aritu zen atzo Baztango emakume migratuekin haien bizi-baldintzak hobetzeko proposamenak aztertzen

Foto noticia

Berdintasunaren bila aritzea lan gogorra da. Baztango Udalak badu, jada, ibilbide bat egina emakume* eta gizonen* berdintasuna sustatzeko bidean. Denon zeregina denez, udal teknikariekin, ordezkari politikoekin, eta zenbait emakume* talderekin biltzen ari da udala, Elhuyarren bitartekaritza medio.

Atzo, urriaren 14an, emakume* migratuen txanda izan zen. Bi orduz aritu ginen Baztango emakume* migratuen bizi-baldintzen inguruan. Saio gogorra izan zen benetan. Haien bizi-esperientziek neskame eta morroi garaietara eraman gintuzten. Familiak urruti utzi behar izan zituzten, haien senideak zaintzeari ere utziz, sostengu ekonomikoa ziurtatzearen truke. Egoera ekonomiko zailei bakardadea eta tristura gehitzen zaie; herri-mina, maite-mina.

Kultura ezberdina izatea ere, ez da erraza. Euskara ez ezagutzeaz gain, otordu-motak, ordutegiak, elkar-ulertzeko kodeak, eta abar luze bat gehitu behar zaio arrakala kulturalari.

Ezin aipatu gabe utzi jazarpen- eta indarkeria-gaiak. Emakume* izateak etxe ezezagunetan indarkeria matxista pairatzeko arrisku bizia dakar. Baita bizi ere. Bizi eta lan. Eta langile diren heinean, bizi dituzten lan-eskubideen urraketak etengabeak dira.

Kontakizun iluneko adierazpen horietan, ordea, bazen eguzki-izpirik. Emakume* gehienek aipatu zuten Baztango paisaiaren edertasuna, pasioan ibiltzeko bideak, arnasgune eta aberastasun moduan. “Bertako mendi eta zelaiek nire herria gogorarazten didate eta hori oso gustuko dut” zioen haietariko batek.

Baztango II. Emakume* eta Gizonen* Berdintasunerako planean gehitu beharreko erronka mordoa ekarri zuten emakume* hauek. Ea datozen egunotako bileretara zer ekartzen duten hezkuntza, kultura, eta bestelako sektoreetako emakumeek*, bai eta nekazal guneetakoek  ere.

Elhuyar Aholkularitza eta Baztango Berdintasun Zerbitzua.

NOTICIAS RELACIONADAS