Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2022ko abuztuak 4

Elizondoko bestetan gertatutako eraso sexistak gaitzesteko ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Elizondoko bestetan 5 emaztekik jasan dituzten intentsitate desberdinetako eraso sexisten aitzinean, Baztango Udaleko talde politiko guziek, Elizondoko Herriak eta Elizondoko Besta Komisioak adierazi nahi dugu erabat gaitzesten ditugula eraso sexista horiek, eta Mugimendu Feministak egindako elkarretaratze deialdian parte hartzeko eskaera luzatzen diogu Baztango herritar guziei. Elkarretaratzea abuztuak 4, arratsaldeko 8etan, Elizondoko Plazan izanen da

Foto noticia

Indarkeria eta eraso matxistek emazteki guziei eragiten diete, adina, egoera sozioekonomikoa edo nazionalitatea kontuan hartu gabe, eta edozein unetan agertzen dira, baita jaietan ere. Maila sinboliko eta materialean, gizonak emaztekien gainetik jartzen dituzten botere-harremanetan oinarritzen dira, eta emaztekiak gizonen aitzinean mendetasun-egoeran bizitzea betikotzea dute helburu. Indarkeria matxista horiek hainbat modu eta jarrera dituzte. Horietako bakoitza detektatzea, ikusaraztea, baztertzea edota gaitzestea ezinbertzekoa eta premiazkoa da adierazpen sexista guztien prebentzioan osorik lan egiteko.

Erran bezala, indarkeria matxista era askotara agertzen da. Batzuetan nabarmenago agertzen da baina, gehienetan, oharkabean pasatzen zaigu. Indarkeria matxista da emaztekiak gutxiesten dituen portaera oro, mehatxuak, umilazioa, irainak, kontrola, debekuak eta jendaurreko deskalifikazioak. Indarkeria matxista da hedabideetan eta publizitatean emaztekiak objektu gisa aurkeztea. Indarkeria matxista dira sexu-erasoak, norberaren borondatearen kontra sexu-harremanak inposatzea.

Hau lehen mailako arazoa da. Emaztekien eguneroko ogia. Jendarte osoaren arazo larria. Oraindik, neurri handi batean, ezkutuan mantentzen da, justifikatu eta tapatu egiten da. Ez da inola ere, ordea, esparru pribatuari dagokion arazo bat. Arazo kolektiboa da, guztiona, eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea, emazteki eta gizonena, herritar, elkarte zein erakundeena.

Indarkeria eta eraso matxistak ezin dira gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu: sistema heteropatriarkalaren adierazpide bat da, adierazpiderik edo ondoriorik larriena. Indarkeria matxista emazteki eta gizonen arteko botere-harremanak mantentzeko baliabide indartsua da. Indarkeria matxista egiturazkoa dela diogu indarkeria-mota honen oinarrian ordena soziala bera dagoelako; indarkeria-mota hau sostengatu, sustatu, babestu eta ahalbidetzen duen sistema oso bat, alegia. Horregatik ezinbertzekoa da nabarmentzea, gaur inoiz baino gehiago, indarkeria matxistak gizon eta emaztekien arteko botere harremanetan duela jatorria.

Indarkeria matxistak jatorri estrukturala duen heinean, aurre egiteko neurriak eta erantzunak ere integralak behar dute izan. Pertsonen arteko harreman-sistema berria sortzea da erronka, gaur egungo jendarte antolaketa eraldatzea, azken finean. Horrekin batera, indarkeriaren prebentzioan egin behar da bereziki ahalegina. Pertsonak askatasunean heziko dituen hezkuntza sustatu behar da (sistema heteropatriarkalak sortzen dituen emazteki eta gizonen arteko botere harremanak eta emazteki eta gizon izateko eredu bakarrak gaindituko dituena). Pertsonon sozializazio-prozesuei erreparatzea ezinbertzekoa da, hortaz. Era berean, ezinbertzekoa da emaztekien ahalduntzea eta herritarren arteko babes-sareak sustatzeko neurriak martxan paratzea, bakardade sentsazioari eta babesgabetasun egoerei aurre egiteko.

Horregatik, Elizondoko bestetan 5 emaztekik jasan dituzten intentsitate desberdinetako eraso sexisten aitzinean, Baztango Udaleko talde politiko guziek, Elizondoko Herriak eta Elizondoko Besta Komisioak adierazi nahi dugu erabat gaitzesten ditugula eraso sexista horiek, eta Mugimendu Feministak egindako elkarretaratze deialdian parte hartzeko eskaera luzatzen diogu Baztango herritar guziei. Elkarretaratzea abuztuak 4, arratsaldeko 8etan, Elizondoko Plazan izanen da.

Baztanen, 2022ko abuztuaren 4a

NOTICIAS RELACIONADAS

Imagen Artearen ibilbidea

Artearen ibilbidea

Baztango Udalak antolatuta, aurten ere hemen da “Artearen Ibilbidea” Baztan-Bidasoko paisaiak liluragarriak dira eta hortaz ere, behin eta berriz margotuak . Naturak eska...