ORAKUNDE BESTA

April 23, 2013

Fiesta del OrakundeOrakunde besta zen antzina, inauteri bestaren aurretik, Baztan Ibarrean ospatzen zen azken besta. Hiru aste lehenago, ostegunetan, Gizakunde ospatzen zen lehenengo, gizonen besta. Hurrengo ostegunean, berriz, Emakunde, emakumeen besta. Hausterre asteazkenaren aurreko ostegunean, berriz, Orakunde besta ospatzen zen, guztien besta.

Sarreratxoan iragana aipatu dugu antzina ospatzen ziren hiru bestetatik Orakunde baino ez baita egiten egun. Hala ere, Jo ala Jo eta bertze hainbat kultur talde Gizakunde eta Emakunde bestak ospatzeko ahaleginean ari dira. Orakunde egunari Ostegun Gizen edo “Egun Tuntún” ere esaten zaio, eta egia erran, arras ezberdinak dira garai bateko ospakizuna eta egungoa.

Izan ere, antzina asteazkenean hasten zen festa, “puske biltzea” izenekoarekin. Auzokoak janari eske joaten ziren herriko etxe eta baserri guztietara, txistulari eta musikariek lagunduta. Ondoren, jasotako guztiaz (txistorra, arrautzak, etab.) hurrengo eguneko bazkaria prestatzen zuten.

Goizeko bederatziak inguruan hasten zen Orakunde eguna, mutikoak eskolaren atarian biltzen zirenean (neskatoek arratsaldean hartzen zuten parte). Prozesio moduko bat osatu eta mezara joaten ziren, herriko Irakasle, Alkate eta Apaizarekin. Meza ondoren, txistuaren doinura paseon joaten ziren herriko kaleetan barrena, eta auzokoek emandako jakiak eta dirua biltzen zuten. Eguerdian herriko ostatuan biltzen ziren eta jasotakoarekin prestatutako menua jaten zuten. Irakaslea, Alkatea eta Apaiza ere joaten ziren, baina horiek gazteek baino askoz ere menu hobea jaten zuten. Bazkaldu ondoren, eguneko ekitaldi nagusia izaten da, “Oilarraren Jolasa” herriko plazan. Mutilek zurezko ezpatak eskuan eta begiak estalita izaten zituzten. Lurreko lauza bat kendu eta bertan lurperatzen zen oilarra, burua kanpoan zuela. Irakasleak txalo egin ondoren mutilak itsu-itsuan oinez hasten ziren eta oilarraren burua ukitzen saiatzen ziren. Lehenengo ukitzen zuenarentzat zen oilarraren burua. Oilarraren hainbat jolas egin ondoren (adinka banatuta), bertzelako jolasak egiten ziren eta amaieran dantza bat besta amaitzeko. Hain zuzen ere, “ilun ezkile” gaueko kanpai-hotsak jotzen zuenean amaitzen zen festa, Orakunde egunaren amaiera adierazten zuen eta jendea etxeratzeko abisua zen.

Gaur egun, Orakunde egunean ezin izaten dira Ibarreko herri guztietarako musikariak lortu eta ondorio, herri askok asteazkenera aurreratu dute besta. besta bera ere aldatu egin da. Mezari eusten diote, baina goizean haurrentzako hainbat jolas egiten dira. Bazkaria jatetxe eta elkarteetan izaten da eta menu gisa, paella, oilasko errea patatekin eta izozkia. Eta bazkalondoren, “Oilarraren Jolasa” egiten da, pilotalekuan, oilarra zoruan osorik jarrita. Jolasaren ondoren herritar guztiek hartzen dute parte dantza batean eta hala amaitzen da Baztan Ibarreko Orakunde eguna.

Sare sozialetara gehitu

<< atzera