EDUKIONTZIAK ETA BILKETAK

March 10, 2014

Hondakin motak eta bilketa zerbitzuak

Gaikako bilketa:

Materia organikoa.

Gai organikoa edo ustelgarria den gaiaren kudeaketarako Baztanen aukeraturiko sistema konposta da, auzo edota etxe konposta. Nahi izanez gero etxean konposta egin dezakezu eta bertzela, auzo- konposta da frakzio organikorako aukera. Hainbat auzo-konposta gune ditugu Baztan guztian zehar sakabanaturik. Konpostari esker hondakin organikoa hemen kudeatu dezakegu. Konposta egiteko Udaletxean izena ematea komeni da eta bertan beharrezko materialak doan jasoko dituzu.

Gai organikoa kantitate haundietan sortzen duten establezimentuek frakzio honen atez ateko bilketa eskatzeko aukera daukate baita ere. Bilketa honen bideragarritasuna aztertu ondoren Udaletik erantzuna emanen zaielarik.

Arraioz

Errefusa.

errefusa_2

Birziklagarriak ez diren etxe, denda  eta zerbitzuetako hondakinak 1000litro inguruko edukiontzi gurpildunetan biltzen dira. Hemen bildutakoa Tuterako tratamentu plantara bidaltzen da. Tratamentu plantan sartzen den zabor tona bakoitzeko tratamentu tasa ordaintzeaz gain kanon bat ordaindu beharko da, beraz, ARRAS GARRANTZITSUA da edukiontzi hau behar bezala erabiltzea, bertara hondakin EZ BIRZIKLAGARRIAK bakarrik botaz. 

Beira bilketa.

beira_2

Hauxe izan zen, bilketa berezituei dagokionez, abian paratu zen lehendabizikoa. Ecovidrio arduratzen da honen bilketaz Nafar Gobernuarekin sinatutako hitzarmen baten bitartez, bilketa beraz, ez dago Udalaren esku.  2,5 eta 4 m³-ko edukiera bitarteko iglu formako edukiontzietan (berde kolorekoak) biltzen da beira. Jasotako beira Gasteizko birziklapen planta batean tratatzen da.. Baztanen hainbat beira edukiontzi daude, 15 herri eta auzoetan barna hedaturik.

Paper eta kartoi bilketa.

papera

Bilketa honetarako Baztanen ehundik goiti edukiontzi ditugu. Bi eratara egiten da bilketa:

a) 2,5-3 m³-ko edukiera duten edukiontzi urdinen bitartez. Hauek hainbat gunetan paratuak daude, eta astero jasotzen dira.

b) Atez ateko bilketa bitartez (dendetan eta industrietan). Astean behin egiten da bilketa hau.

Bildutako papera Iruñeko hainbat paper kudeatzaile baimenduri eraman eta saltzen zaie (Bidasoa Ecogestion, Despanorsa, Servicios Ecologicos…). Bildutako paper eta kartoi salmentak beraz, diru sarrerak sortzen ditu,  honek zerbitzuan inbertitzeko aukera eskeintzen duelarik.

Ontzien bilketa. 

ontziak

2,5-3 m³-ko edukiera duten edukiontzi horien bitartez egiten da  bilketa hau. Hauek ere ehundik goiti dira. Astean behin egiten da bilketa. Edukiontzi horietan jasotakoa Peraltako ontzien sailkapen plantara eramaten da bertan botatako materiale desberdinen (brikak, latak eta plastikozko ontzi ezberdinak) sailkapena egiten delarik, hauen ondorengo birziklapena ahalbidetuz. Baztango Udalak, Ecoembes ontzien kudeatzailearen eskutik, edukiontzi hauetan bildutako ontzien kantitate eta kalitatearen araberako dirusarrerak izaten ditu urtero.

Pila bilketa.

pilak

Pila  bilketa edukiontzi, zenbait establezimentu, beiraren iglu batzuetan edo eta garbigune ttikietan edo garbigune mugikorraren bitartez egiten da.

Edukiontziak beteta daudenean husten dira eta hondakin arriskutsuak kudeatzen dituen enpresa kudeatzaile batetara eramaten dira.

Etxeko olioaren bilketa.

olioa 2

2011. urtean Baztanen gris eta laranja koloreko 4 edukiontzi paratu ziren sukaldeko olio erabilia biltzeko. Olioa edukiontzi hauetan sartu behar da, ongi itxitako enbaseetan beti. 2013. urtean, zerbitzua hobetze bidean, naranja koloreko 4 edukiontzi gehiago jarri ziren helburu berdinarekin. Edukiontzi hauetako 4 Elizondon daude kokatuak, eta bertzeak Erratzu, Arizkun, Irurita eta Oronozen. Gaur egun badaude Ziga, Amaiur, etab.ean ere.

Etxeko olioa bertzalde garbigune ttiki finkoetan eta garbigune mugikorrean ere biltzen da.

Traste handien bilketa.

Bilketa hau astean behin egiten da eta altzariak, mota ezberdinetako tresneria, etxetresna elektrikoak, arropa, jostailuak, etab. jasotzen dira. Zerbitzua  doakoa da. Bilketarako, aldez aitzinetik 672045734 telefono zenbakira deitu behar da eta etxeetara joaten dira traste haundi horien bila. Bildutako hondakinak hainbat enpresa kudeatzaileetara eramaten dira, berrerabili edo eta birziklatzeko.

Silo plastikoen bilketa.

2004. urtean abian paratu zen zerbitzu hau eta bi hilez behin biltzen dira siloetako plastikoak. Zerbitzu honen funtzionamendua objektu handienaren antzekoa da, erabiltzaileek  dagoeneko izena emana ez badute, 672 045 734 telefonora deituz eskatu behar dute bilketa zerbitzua. Plastiko hauek garbiak entregatu behar ditu nekazariak.

Etxeko hondakin berezien bilketa.

Zerbitzu honen helburua etxe eta kGarbigune ttikiaomertzioetako hainbat hondakin berezi biltzea da, besteak beste: sukaldeko olioa, pinturak, pestizidak, autoko produktuak eta spray ontziak.

Hondakin hauek biltzeko puntu finko batzuk ditugu: GARBIGUNE TTIKIAK deiturikoak. Etxola ttiki batzuk dira eta bertan hainbat leihatiletan hondakinak sartzen ahal dira. Garbigune edo etxola hauek Oronozko plazan eta Elizondoko merkatuko plaza ondoan daude.

Bada herrietan barna ibiltzen den garbigune mugikor bat ere: hilean behin, kamioi bat herriz herri ibiltzen da eskualdean, eta adostutako lekuetan gelditzen da, herritarrek eramaten dituzten hondakin berezi hauek jasotzeko. Ikusi ibilbideak hemen:

EGUTEGIA_2018

Arropa eta oinetako bilketa

Aipaturiko bilketa hauez gain, edukiontzi bidezko arropa eta oinetako bilketa zerbitzua ere badaukagu. Hauetan behar ez ditugun arropa eta oinetakoak poltsa itxietan utzi behar dira. Ongi daudenak  bigarren eskuko dendetan jartzen dira salgai eta gainerakoekin trapuak egiten dira. Hau honela izanik, behar ez dugun arropa guztia bota behar dugu hemen, edozein egoeratan dagoela ere.

Jasotzen ez diren hondakinak

  • Nekazaritza eta abeltzaintza ustiapenetan sortzen diren hondakinak.
  • Obra lanetan sortzen den zaborra, betiere obra txikietakoa ez bada.
  • Lur mugimendu eta hondeaketetatik sortutako zaborra.
  • Lantegietan, tailerretan eta biltegietan sortzen diren hondakinak, errautsak eta zepa.
  • Hobi septikoetan eta araztegietan sortzen den lohia.
  • Likidoak, ez eta bidoi itxitan badaude ere (olioa izan ezik).
  • Pneumatikoak.
Sare sozialetara gehitu

<< atzera