SOLASLAGUNA

April 18, 2017

Ongi etorri 2016/2017 ikasturtera!

Iraila ailegatu zaigu eta honekin batera ikasturte berria martxan paratzeko tenorea.
Iazko ikasturtean 100 lagunetik goiti eman zenuten izena Solaslaguna egitasmoan eta osotara 21 talde aritu ginen ikasturtean zehar gure Eskualdean.  
Aurtengo  ikasturteari eutsi nahi diogu, irailean zehar iaz ibili zineten horiekin harremanetan jarriko gara eta ahal den heinean erroturik dauden talde horiek martxan jarriko ditugu.
Solaslagunean oraindik aritu ez bazarete eta gurekin parte hartzeko prest baldin bazaudete edo informazioa nahi baldin baduzue, urrian kanpainarekin hasiko gara buru belarri eta Solaslaguna egitasmoaren berri emanen dizuegu: esku-orriak, kartelak, aurkezpen berenduak eta bertze izanen dituzue Eskualdeko hainbat herritan. Bertako hedabideei esker ere, zuen etxeetaraino ailegatzea lortuko dugu. Hauen guzien  bidez, jasoko duzue egitasmoaren inguruko beharrezko informazioa eta izena emateko aukera. Erne ibili, zuen ondoan egonen gara eta!
 
Akitzeko, oroitu, irailean euskaltegiak beraien matrikulazio kanpainetan ari direla, euskara ikasi edo hobetu nahi baldin baduzue, hurbildu zuen herriko euskaltegirat eta eskatu informazioa beldurrik gabe; Malerrekan, Bortzirietan zein Baztanen izanen duzue aukera.
Euskara beso zabalik zuen zain dago, beregana hurbilduko al zarete?  

Zer da Mintzapraktika?

Mintzalagun, Berbalagun, Mintzakide, Solaskide, Solaslagun… herrien eta euskalkien arabera izen ezberdinak hartzen dituzte Mintzapraktika programetan parte hartzen duten kideek.

Baina zer dira Mintzapraktika programak? Euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzen dituzten egitasmoak dira.  

1993an jarri zituen martxan, Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak, lehen mintzalagun taldeak. Ordutik, milaka izan dira euskaraz bizi eta aritzeko hautua egin duten euskaldunak, eta gaur egun 5.500 lagun inguruk hartzen dute parte Euskal Herri osoan hedatutako egitasmoetan.

Aipatu bezala, bi motatako euskaldunak biltzen dira Mintzapraktikan. Batetik, euskaraz bizitzeko ohiturarik ez dutenak: egunerokoan beren inguruan hitz egiteko aukerarik ez daukatenak, euskara ikasten ari direnak, aspalditik euskaraz hitz egin ez eta jariotasuna berreskuratu nahi dutenak… Programak euskaraz aritzeko trebakuntza eta aukera ematen die parte hartzaile hauei.

Bestetik, euskaldun askok hizkuntzaren normalizazio prozesuari beren ekarpena egin nahi diote, zailtasunak dituzten euskaldunei elkarrizketaren bidez lagunduz. Eta, noski, badira lagun berriak egin nahi dituzten kideak ere, giro euskaldunean murgildu nahi dutenak. Mila arrazoi mintzalagun izateko!

Zein da zurea?

http://solaslaguna.blogspot.com.es/

Sare sozialetara gehitu


<< atzera