Gainerako leku erakargarriak

XORROXIN

Cascada de XorroxinErratzu herrian, Gorostapolo auzotik heltzen bagara, herri gunetik kilometro eta erdira eta bide harritsu batetik (Andre Mari doloretakoaren baseliza ondotik jaisten den bidea), berrogei minutuan ibili eta gero, lau metro garai den ur-jauzia aurkituko dugu. Ur-jauziak Xorroxin izena du eta pago, haritz eta urritzez jantziriko oihan batez inguratua dago.

Xorroxin hitzaren esanahia bi hitzen elkarketa da: zorrot (txorro) eta osin. Putzu sakon horretan freskatu on bat har dezakete bertako ur hotzetan sartzeko ausardia duten guztiek. Ur hori hotza egoten de beti, eguzki-izpiak ez baitira gai osina inguratzen duen arboladi trinkoa zeharkatzeko.

Aipaturiko ur-jauzia errekasto edo errekatxo ttipi baten zati da, Iñarbegi errekastoa hain justu. Aurrerago, Izpegi izeneko bertze errekasto batekin elkartzen da (hau izen bereko mendatetik behera jaisten da) eta Baztan erreka sortzen dute. Erreka horrek haranetik iragaten denean hartzen du izen hori. Haraneko mugetarik irteten denean, berriz, Bidasoa izena hartzen du.

Erraten dutenez, Xorroxingo ur-jauzia elezahar askoren sorburu da. Bertan lamiak ibiltzen omen ziren, ahate hankak zituzten eta beren adatsa urrezko orraziz orrazten zuten emakumeak, alegia.

Gune horretatik igaroz, eta, berrogei minutu inguruko ibilaldi txiki baten ondoren, haranean ikus daitekeen paisaiarik ederrenetako batera hel gaitezke.

ERROMATAR GALTZADA ETA BELATEKO SANTA MARIA

Paisaia eder, monumentu multzo eta erromatarren garaiko aztarna historiko ugariz inguraturik, ezagutzea merezi duen bertze leku bat ikus genezake Baztango eta Ultzamako haranak muga egiten duten lekuan, hots, Belateko mendate barruan.

Belateko gainetik gora egiten duen bide ttipia hartuz gero, hamar minuturen buruan antzinako erromatar galtzada-zati bat ikus daiteke. Bide horri segika, Belateko Santa Maria baselizak eta erromesen aterpetxe zaharrak osatzen duten monumentu multzora hel gaitezke. Aipatu dugun erromes-etxea Baztango Donejakue bidean zeuden aterpetxeetako bat zen, betiere, Arreko Trinitatera bidean, hor egiten baitzuen bat Orreagatik iragaten zen Frantziako bidearekin.

Egun berreskuratze bidean da Baztango bid ehori, nahiz eta Belateko aterpetxearen berrerabilpena, oraindik, ez zegon aurreikusia. Santa Maria baseliza (baseliza barrua kanpoko burdin hesitik ikus daiteke) eta aterpetxea bera itxita badaude ere, lekua zinez erakargarria da mendiko leku ezkutu batean, kasik 2.000 metroko garaieran, hain tamaina handiko eraikinak ikusirik. Harridura sortzen du duela hainbertze urte leku horretatik iragaten zen jendearen (erromatarrak lehenik eta erromesak ondoren) joan-etorria imajinatze hutsak.

Calzada Romana de Belate                     Ermita de Santa María

INFERNUKO ERREKASTOKO ERROTA

Orabidea auzoan, Etxebertzeko Borda jatetxea aurki dezakegu. Hortik abiatzen da bide ttipi bat Infernuko Erreka izeneko errekastoaren aldamenetik, eta, denbora gutxian, Baztango Haranean aurki dezakegun lekurik ederrenetako batera hel gaitezke: Infernuko Errekastoko Errotara.

Inguru ezin hobean, oihan trinko batez inguraturik, errota zahar bat ikus ahal da. Egun, guztiz zaharberritua dago, baina, garai batean, leku ezkutuan egonik ere, derrigorrezko topaleku zen Orabidea auzoko bizilagunentzat. Hortxe biltzen ziren hirigunetik hainbat kilometrora bizi ziren herritarrak artoa ehoz irina lortzeko. Irin hura erabiltzen zuten gero hainbat plater edo artirinezko ohiko taloak prestatzeko.

Arras ikusgarria da bi hegiren artean, kasik zintzilik, errota hori aurkitzea, non egun oraindik indarrean den ur-jauzia bere oinetara erortzen den, paisaia-koadro arrunt polita sortuz. Horrek guztiak, gainera, indar gehiago hartzen du lekuan bertan edo inguruetan entzuten diren elezaharrei esker.

BAZTANGO BEHATOKIA

Iruñetik gatozela, Almandozera garamatzan saihesbidea hartzen badugu, eta, behin herria zeharkatu eta biaduktuez behetik iragan eta gero, N-121 errepidea utzi eta Iruritara garamatzan bigarren mailako bidea hartuko dugu. Berroeta, Aniz eta Zigatik pasatu ondoren, Baztango Behatokian izanen gara, justu errepidearen ondoan.

Leku horretan merezi du geldialdi labur bat egitea Baztango Haranaren panoramika ederraz gozatzeko, hagitz ongi ikusten baita puntu horretatik.

Balkoi ttipi horretatik, Legate eta Alkurruntz mendiak beha daitezke mendebaldera so eginez gero, Gorramendi, Otanarte eta Gorramakil tontorrak ipar-ekialdera so eginez gero, eta ekialdera so eginez gero, berriz, Auza ikus daiteke urrunean, eta, baita Ezkaldo mendia ere, askozaz hurbilago. Haranaren zokogune edo erdigunean, Irurita, Lekaroz, Gartzain, Elizondo eta herriak ikus daitezke, baita Zigaurre (Ziga), Etxarri eta Aitzano (Gartzain) auzoak ere.

Herrien gainetik, ordea, paisaia naturala bera nabarmentzen da, baserri eta borda (azienda babesteko) anitz ageri baita hegietan eta mendietan barreiaturik. Soro eta larreak ere ikus daitezke, baita pagadi, harizti, iraleku, eta urriztiak ere. Erreka-bazterretan, berriz, makalak, haltzak, satsak eta lizarrak nabarmentzen dira gehien behatokitik.

Azken batean, bisita egokia eta polita Baztango Harana ezagutzeko, baita bertako klima ozeanikoa, kontraste topografikoak eta paisaia berdea (borda eta baserri ugariz josia) ikusteko ere.

AMAIURKO GAZTELUA

Monolito de AmaiurAmaiurreko gaztelua Nafarroako erresumaren azken gotorlekuetako bat izan zen, Gaztelako Erreinuaren konkistari luzeen eutsi zionetakoa. Nafarroak, Gaztelaren mesedetan, independentzia 1512an galdu zuela aintzat hartzen dugun arren (Noaingo gudua galtzean, alegia), badakigu Nafarroako koroari leial zitzaion tropel batek Amaiurreko Gazteluan hartu zuela babesa, Frantziako mugetarik arras hurbil. Eta hain izan zen indartsua zaldunok agertu zuten erresistentzia, ezen, gutxiago izanik ere, hainbat gudu eta triskantzari aurre egiteko gai izan baitziren 1522ra arte. Urte horretan, etsi egin behar izan zuten kopuruz eta prestakuntzaz indartsuagoa zen Gaztelako armadaren aurrean.

Behin Erresuma Zaharra kontrolpean zegoelarik, Cisneros Kardenalak, Errege Katolikoen konfiantzako gizonak, eraitsarazi eta desegin egin zuen Nafarroaren erresistentziaren ikur zen gotorleku oro. Horren ildotik, Amaiurreko Gaztelua deuseztatu egin zuten, beste hainbat gaztelu nafar bezalaxe, eta zortzi edo bederatzi baizik ez ziren zutik geratu.

Bitxikeria modura, zera kontatu ohi da: gazteluko harriak herriko eliza eraikitzeko berrerabili zirela, eta, gazteluaren atea, egun, Arraiozen dagoela, Jauregizar jauregian, jauregi-ate berri gisa. Egun, Amaiurrera joaten bagara, XX. mende hasieran eraikitako monolito bat ikusi ahal dugu gaztelua zegoen leku berean. Monolito hori Amaiurreko Gazteluaren defentsan erori ziren oroimenez eta ohorez eraiki zen. Arantzadi Elkartearen azterketa arkeologikoei esker, betiere, Baztango Udalak eta Amaiur herriak sustaturik, argia ikusi ahal izan dute gazteluaren dorrea inguratzen zuten harresi zahar batzuk, eta, etorkizunari begira, baliteke gazteluaren zati gehiago berreskuratzea.

LAXOA

Una persona jugando a LaxoaErrebote gisa ere ezagutua, euskal pilota modalitaterik antzinakoena da Laxoa. XVIII. eta XIX. mendeko kroniketan, jada, agertzen dira modalitate horri buruzko erreferentziak, eta “kirol errege” gisa jotzen zuten Baztanen Nafarroako Erresuma Zaharraren garaian. Egun, Nafarroan soilik jokatzen da, eta, zehatzago erranda, Baztango eta Malerrekako haranetan.

Gauza jakina da antzinako artzainek Laxoa partidak jokatzen zituztela edozein soropiletan (belarra ebaki ondoreneko lursail laua). Egun, ordea, 50-70 metro luze eta 12-20 metro zabal den zelai angeluzuzen batean jokatzen dute. Zelaiaren aldeetako bat mugatua dago, eta “errebote” izeneko pareta dago bertan. Zelaia bi erdi edo eremutan banatzen da arrasto baten bidez, eta eremu horietako bakoitzean talde bat kokatzen da. Zelaiaren hegalak ere mugatuak daude “eskas” izeneko arrasto batzuen bitartez.

Jokoari sakearekin ematen zaio hasiera, eta sakea zelaiaren mutur batetik egiten da, botaharria erabiliz. Botaharria zurezko, harrizko edo zementuzko lauki moduko bat da. Talde bakoitzak lau jokalari ditu: Sakatzailea, Numeroa eta bi Laurden. Jokalariek eskularru bat dute eta horrekin jotzen dute pilota (larruzkoa). Lehen biek eskularru meharragoak eta luzeagoak dituzte, eta, bi Laurdenek, berriz, eskularru laburragoak eta zabalagoak. Jokoaren bertze elementu garrantzitsu bat “txatxari” izenekoa da, berak kantatzen baititu kintze, joko eta arrastoak.

Modalitate hau ahanzten joan zen pixkana-pixkana, harik eta, 1960 eta 1964 artean, lehen aipatutako guneetako herrien artean, txapelketak antolatu zituzten arte. Handik gutxira, berriro, ahanzturan erori zen, harik eta, 1979an eta 1980an, behin betiko errekuperatu zen arte. Izan ere, Baztan-Errekako Laxoa Txapelketa antolatu zen urte horietan, eta, egun ere, jokatzen da oraindik.

AMAIURKO ERROTA

Artxibo iturrien arabera, 1280. urtean Amaiurko errotak diru saria ordaintzen zion Nafarroako Erresumari. Horregatik, Amaiurren aspaldi errota zegoela erran dezakegu. Errota hau, XVIII. mendeko erdialdekoa dela uste dugu, nahiz eta eraikinean 1897 data duen harri-tailatua egon. Villarrealeko Vidal Perez Monjeak 1977. urtean Baztango errotak biziki dokumentatu zituen, hogeitabederatzi zenbatuz eta erraten zuenez, denbora haietan zortzi bakarrik funtzionatzen zuten. Herritarrek kontatzen dutenez, badakigu Amaiurkoa izan zela azkenekoetatik ixterakoan. 15 urtez itxita egon dela kalkulatzen da, legezko jabeek, eraikinaren jabetza heredatu zuten herritarrek, Baztango Udalari kudeaketa eman arte, errota berritzearen truke…Eta hemen gaude gu, bere historia eta funtzionamendua berreskuratzen, Amaiur eta Bailararentzat erakargarri turistiko-kulturala bihurtzeko. Gure bisitariei, arto eta gari ehoketaren erakusketa, gure aurrekoen modura,  eta txistor, gasna eta xinger taloen dastaketa eskaintzen zaie. Gure inguruko eskol eta ikastolei ere eskaini nahi diegu AMAIURKO ERROTAKO bisitaldia, gure seme-alabei herriko ohiturak eta lanbideak erakusteko asmoz. Informazio gehiago: http://www.amaiurkoerrota.com