2022ko azaroak 8

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA – Azaroak 25 – Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna

2022ko urriko osoko bilkuran Baztango Udalak aho batez onartu du Nafarroako Berdintasun Teknikarien Sarean prestatutako adierazpen instituzional hau:

Foto noticia

Ekintzen inguruko informazio guzia hemen.

2022ko urriko osoko bilkuran Baztango Udalak aho batez onartu du Nafarroako Berdintasun Teknikarien Sarean prestatutako adierazpen instituzional hau:

2022ko azaroaren 25eko ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

GERTATZEN DA, ETA BADIRA HORREN ERANTZULEAK

Azaroaren 25ero bezala, elkarretaratzeen, manifestazioen eta adierazpenen bidez berriz ere gogora ekarriko ditugu emakumeen aurkako indarkeria betikotzen duten arrazoiak eta mekanismoak.

Hala ere, zenbait diskurtsotan berriro zalantzan jartzen da indarkeria hori, honako hau esanez: “indarkeriak ez du generorik”. Horren aurrean, azaroaren 25ean, berriz ere azpimarratu nahi dugu indarkeriak baduela generorik eta, gainera, gizartean egiturazkoa den eta errotuta dagoen indarkeria dela. Horrek azaltzen du zergatik ematen den testuinguru kultural guztietan eta maila guztietan. Izan ere, jatorria ulertuta soilik eragin dezakegu hura ezabatzen lagunduko duten egitura-aldaketa sakonak sustatzen. Indarkeria horren egiturazko erroak eta izaera kulturala ukatzeak ez digu aurrera egiten uzten eta ezkutatzen du femeninoa denari balioa kentzen dion eta emakumeak mendekotasun-egoeran jartzen dituen gizarte antolaketa bat dagoela. Gizonek eragin eta emakumeek jasaten duten indarkeria da. Horregatik, aurten gizonak premiatzen ditugu gogoeta egin dezaten emakumeen giza-eskubideen kontra doan sistema honetan duten boterearen eta parte hartzearen inguruan.

Azken urteotan gizon askok egin dute bat berdintasun aldarrikapenekin, eta maskulinitate hegemoniko tradizionalak ezarritako genero-aginduak berrikusi dituzte, gizarte berdinzaleago baten alde egiteko xedez. Hala ere, aurrera egin behar dugu, are gehiago, eta gizon gehiago inplikatu behar dira modu aktiboan, normalizatutako portaerak (norberarenak zein besteenak) eta kultura matxista betikotzen duten sinesmenak identifikatuz eta aldatuz, justifikaziorik gabe eta beste alde batera begiratu gabe.

Emakumeen aurkako indarkeria EGON BADA eta badira erantzuleak, indarkeriaren oinarria diren desberdinkeriak iraunarazi eta birsortzea eragiten duen engranajea elikatzen dutenak.

EGON BADA eta badira erantzuleak, emakumeak gutxiagotzen dituen eta aldatzeko prest ez dagoen gizarte androzentriko eta patriarkal batean bizi garelako.

EGON BADA eta badira erantzuleak, indarkeria eragiten, onartzen eta legitimatzen duten gizonak daudelako, beste alde batera begiratuz eta beraiek bezalakoen indarkeriazko jarrera matxistak justifikatuz.

EGON BADA eta badira erantzuleak, genero-ikuspegia txertatzea bermatuko duen prestakuntza falta delako, mundua ikusteko modua eraldatzeko, betaurreko moreak jantzita, gizarte-antolaketaren esparru guztietan: judizialean, heziketan, osasunean eta ekonomikoan, besteak beste.

EGON BADA eta badira erantzuleak, komunikabideek erantzukizuna emakumeengan kokatzen duten mezuak zabaltzen dituztelako, arrisku sexualaren gaineko diskurtsoarekin gertatzen den bezala, zeinak emakumeak erasoen errudun eta beren segurtasunaren arduradun egiten baititu.

Horregatik, modu kolektiboan, toki-entitateek honako hau ADIERAZTEN DUGU:

GURE GAITZESPENA, emakumeek edozein esparru eta testuingurutan pairatzen dituzten askotariko diskriminazioek eragindako indarkeria matxista mota orori.

GURE KONPROMISOA, Administrazio Publiko garen aldetik, modu aktiboan lanean jarraitzeko desparekotasunen aurka, emakume zein neskatoen aurkako indarkeria-egoeren sorburu baitira, eta horrekin batera gonbit egitea hala gobernuei eta erakunde publikoei nola nazioarteko entitateei eta gizarte zibilari, gogoeta egin eta konpromisoak har ditzaten.

GURE ELKARTASUNA, eraso edo hil dituzten emakume eta neskatoei, indarkeria sexistari aurre egin behar dioten emakumeei eta haien seme-alabei.

GIZON GUZTIAK PREMIATZEN DITUGU, adin orotakoak, konpromisoak eta jarrera aktiboak har ditzaten, emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurrean.

HERRITAR GUZTIAK GONBIDATU NAHI DITUGU jarrai dezaten emakumeen kontrako indarkeria gaitzesten eta hura deuseztatzeko konpromisoa adierazten, baita patriarkatuaren kontrol mota guztiak eta emakumeei askatasuna eta autonomia erabiltzea eragozten dieten muga eta baldintza guztiak salatzen ere, eta, hartara, azaroaren 25ean antolatzen diren jarduera guztietan parte har dezaten.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Imagen Bizirauteko sareak ehunduz: indarkeria matxista pairatu duten emakumeei zuzendutako laguntza psikoedukatibo eta musikoterapeutikoko landa-proiektu batek saria jaso du

Bizirauteko sareak ehunduz: indarkeria matxista pairatu duten emakumeei zuzendutako laguntza psikoedukatibo eta musikoterapeutikoko landa-proiektu batek saria jaso du

Baztango Udalak, Bortzirietako eta Malerrekako Mankomunitateekin batera, aitortza jaso du Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Tokiko Jardunbide Egokien Lehiaketaren X. edizioan (2025-2026), FEMPk eta Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzak antolatutako deialdian, “Babesgune terapeutiko egonkorra: indarkeria matxistaren biktima eta biziraule diren emakumeendako laguntza psikoedukatiboa eta musikoterapeutikoa” proiektuari esker.

Imagen Baztango Udalak Berdintasunerako II. Plana luzatzea adostu du

Baztango Udalak Berdintasunerako II. Plana luzatzea adostu du

Luzapenari esker, 2026an eta 2027an oraindik burutu gabe dauden ekintzak garatzen segituko da. 2028a berriz, kanpo-ebaluazioa egiteko urtea izanen da; urte horretan eginen da planaren ebaluazio orokorra, berdintasunaren egoeraren diagnosia eguneratuko da, eta Baztango Emazteki* eta Gizonen* Berdintasunerako III. Plana prestatzeko oinarriak landuko dira.

Volver arriba