2023ko apirilak 24

Euskararen Plan Estrategikoa lantzeko parte hartze prozesua abiatuko du Baztango Udalak

Foto noticia

Baztango Udalak prozesu parte hartzailea abiatuko du, euskara plana diseinatzeko asmoz.

Prozesuak bi mugarri nagusi izanen ditu. Lehen-lehenik, nondik heldu gara? galdera luzatuko die herritarrei, hau da, euskararen egoera zehatza zein den galde eginen die baztandarrei. Horretarako, galdetegi bat prestatu du, eta gaur bertan hasiko da hedatzen.

Galdetegia betetzea erraz-erraza da, eta laburra. Euskararen inguruko galderak dira eta Udalak aunitz eskertuko luke ahalik eta baztandar gehienek erantzutea.

KLIKATU HEMEN GALDETEGIA eskuratzeko eta erantzuteko (10 minutu izanen dira). 

Udalak azpimarratu du Baztan bere osotasunean hartuko duela aintzat, eta horren adierazle izanen ditugu ekainean eta irailean kuartelka eginen dituen lan-mahaiak, bilera irekiak, alegia; hartara, herri bakoitzeko errealitatea aditzeko parada izanen du. Horrez gain, alkateak aipatu duenez, gazteengana iristeko helburu irmoa du eta haiei propio zuzendutako saio bat antolatuko du Elizondon.

Iritzi bilketaren ondotik eta diagnosia eskuartean duelarik, nora goaz? zehaztera ekinen dio. Eta hori izanen da, hain zuzen ere, eginbidearen bigarren mugarri nagusia. Beraz, iraila eta urria aitzinera begiratzeko hilak izanen dira. Hots, proposamenak egiteko unea eta gakoak identifikatzeko garaia. Udalak proposamenak egiteko modua errazte aldera, bilera zabalak antolatuko ditu iritziak bertatik bertara aditzeko.

Laburbilduz, euskara plana diseinatzeko xedez, iritziak entzuteko eta proposamenak egiteko espazioak zabalduko ditu Baztango Udalak apiriletik azarora, eta espazio horietan herritarrek eta eragileek parte hartzea eskertuko du.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Imagen Bizirauteko sareak ehunduz: indarkeria matxista pairatu duten emakumeei zuzendutako laguntza psikoedukatibo eta musikoterapeutikoko landa-proiektu batek saria jaso du

Bizirauteko sareak ehunduz: indarkeria matxista pairatu duten emakumeei zuzendutako laguntza psikoedukatibo eta musikoterapeutikoko landa-proiektu batek saria jaso du

Baztango Udalak, Bortzirietako eta Malerrekako Mankomunitateekin batera, aitortza jaso du Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Tokiko Jardunbide Egokien Lehiaketaren X. edizioan (2025-2026), FEMPk eta Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzak antolatutako deialdian, “Babesgune terapeutiko egonkorra: indarkeria matxistaren biktima eta biziraule diren emakumeendako laguntza psikoedukatiboa eta musikoterapeutikoa” proiektuari esker.

Imagen Baztango Udalak Berdintasunerako II. Plana luzatzea adostu du

Baztango Udalak Berdintasunerako II. Plana luzatzea adostu du

Luzapenari esker, 2026an eta 2027an oraindik burutu gabe dauden ekintzak garatzen segituko da. 2028a berriz, kanpo-ebaluazioa egiteko urtea izanen da; urte horretan eginen da planaren ebaluazio orokorra, berdintasunaren egoeraren diagnosia eguneratuko da, eta Baztango Emazteki* eta Gizonen* Berdintasunerako III. Plana prestatzeko oinarriak landuko dira.

Volver arriba