FEMINISMOARI ESKER… GAUR IZAN, EGON, ESAN ETA ERABAKI DEZAKEGU
Kanpainako bideoa hemen
ADIERAZPEN INSTITUZIONALA (deskargatu hemen)
Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Nafarroako Toki eta Lurralde Entitateek ezinbesteko errealitate bat gogorarazi nahi dugu: gaur egun barneratuta ditugun eta gure eguneroko bizitzaren parte diren eskubide eta askatasun asko mugimendu feministaren borrokei eta historian zehar emakumeen antolamendu kolektiboari esker lortu dira.
Diskurtso antifeministen edo erredukzionisten bidez feminismoa zalantzan jartzen edo deslegitimatzen den testuinguru sozial batean, haren eginkizun erabakigarria aldarrikatu behar da garapen sozialean, eskubideen hedapenean eta sistema demokratikoaren indartzean. Feminismoa ez da eguneroko bizitzatik kanpo geratzen, ezta ideologia iragankor batetik kanpo ere: indar historiko bat da, pertsona guztien bizitza eraldatu duena, gizon zein emakume, eta bizi garen oraina ahalbidetu duena.
Azken mendean zehar, eta ez erresistentziarik gabe, feminismoak funtsezko mugarriak bultzatu ditu, egun zalantzan jartzen ez direnak. Borroka horiei esker, emakumeek boto eskubidea eta parte-hartze politikorako eskubidea lortu zuten; berdintasunean hezteko eskubidea; lan ordaindua, norberaren dirua kudeatzeko eskubidea eta autonomia ekonomikoa; mugitzeko askatasuna; dibortzioa; eta norberaren gorputzari buruz erabakitzeko eskubidea, sexu eta ugalketa eskubideak barne. Era berean, feminismoa funtsezkoa izan da zainketen banaketaren balio soziala eta ekonomikoa ikusarazteko eta aldarrikatzeko, horiek gabe ezin baita bizitza sostengatu.
Aurrerapen horietako bakoitza ez zen ezerezetik heldu, ez ziren egun batetik besterako prozesuak izan. 300 urteko oinarri teorikoaren, hausnarketa kritikoaren, mobilizazioaren eta emakume belaunaldien iraunkortasunaren emaitza dira. Hala ere, borroka horiek deslegitimatzen, minimizatzen edo ukatzen dituzten diskurtsoak ugaritzen ari dira gaur egun, berdintasuna lortuta dagoela esanez edo feminismoa mehatxu gisa aurkeztuz. Diskurtso horiek, historiari ezikusiarena egiteaz gain, arriskuan jartzen dituzte konkistatutako eskubideak, eta zaildu egiten dute berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egitea.
Horren aurrean, berresten dugu feminismoa justizia sozialerako aldaketaren motorra izan dela eta izaten jarraitzen duela, eta horrek eskubideak ugaritu dituela, ez bakarrik emakumeentzat, baita gizarte osoarentzat ere. Haren balio historikoa eta egungo indarraldia aitortzea erantzukizun instituzional eta demokratikoa da.
Honengatik guztiarengatik, adierazpen hau sinatu dugun toki eta lurralde erakundeok konpromiso hauek hartzen ditugu:
- Sentsibilizazio eta komunikazio ekintzak bultzatzea, feminismoaren lorpen historikoei eta horrek eguneroko bizitzan izan duen eraginari balioa emateko, diskurtso antifeministen aurrean herritar informatu eta kritikoak izan gaitezen.
- Tokiko politika publikoetan genero ikuspegia zeharka txertatzea, berdintasunerako benetako aurrerapausoak bermatuz.
- Berdintasunean eta giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza indartzea, desberdintasunei eta indarkeriei aurre hartzeko funtsezko tresna gisa, batez ere gazteenen artean, betiere teoria eta historia feministari balioa emanez.
- Mugimendu feministaren eta elkartegintzaren lana aitortzea eta babestea, kohesio sozialari, justiziari eta demokraziari egindako ekarpen historikoa eta egungoa baloratuz.
Ekintza horiek guztiek Nafarroa bidezkoagoa, berdintasunezkoagoa eta demokratikoagoa eraikitzen lagunduko dute, konkistatutako eskubideen defentsarekin eta hedapenarekin konprometitua. Izan ere, gaur egun eskubideez eta askatasunez gozatzen badugu, borroka kolektiboari esker da. Feminismoak ekarri gintuen honaino. Feminismorik gabe ez dago erabateko demokraziarik.
Berari esker, GAUR IZAN, EGON, ESAN ETA ERABAKI DEZAKEGU.
ADIERAZPEN INSTITUZIONALA irakurketa erreza formatuan, hemen.
MARTXOAK 8KO EKINTZAK BAZTANEN

ESNE BERRIKETAN – BERTSO SAIO LITERARIOA
Herriz herri bildutako emakumeen istorioak ahoz jasoak eta idatziz emanak.
- UXUE ALBERDIK kontatuak
- IBAN URIZAR AMORANTEK musikatuak
- ONINTZA ENBEITA ETA MADDI ANE TXOPERENAK kantatuak
Martxoak 1, igandea ⏰ 19:00
Arizkunenean
FEMINISMOARI ESKER… GAUR IZAN, EGON, ESAN ETA ERABAKI DEZAKEGU – Elkarretaratze Instituzionala
Emakume* eta gizonen* arteko berdintasuna eta jendarte eredu parekide baten aldarrikapena egiteko eguna dugu martxoak 8. Hurbildu zaitez eta erakutsi zure konpromisoa!
Martxoak 6, ortziralea ⏰ 12:00
Elizondoko Plazan
KATIXA AGIRREren BARNEKO ZERBITZUAK – Liburu aurkezpena
1937-1943 urteetara garamatza Katixa Agirreren nobela berriak. Garai latzak. Espainiako gerra aurrena, eta horren segidan II. Mundu Gerra hurrena: ehunka mila gizon lubakietan, itsasoan nahiz airean elkar hiltzen, baina hau ez da gizonen gerra-kontakizun ohikoa, sasoi ilun hartan bere bizia jokatuz beste askorenak salbatu zituzten emakume ausart batzuei buruzkoa baizik. Izan ere, Euskadin gerra galdua zelarik, kartzela eta kontzentrazio-esparruetan preso zeuzkaten senar eta nebei bisitan hasi ziren eleberri honetako protagonistak; espetxera mezu klandestinoak sartzen eta handik ateratzen segitu zuten gero, eta hortik abiatuta espioitza-sare zabal bat eratu zuten, erregimen frankistaren eta haren kide aleman eta italiarren xehetasunak ematen zizkiena aliatu frantses eta britainiarrei. Horra, Alava sarea zer izan zen. Garai zirraragarri batean kokaturiko eleberri historikoa ondu du egileak, misteriozko thrillerraren teknikaz osatua eta irakurleari keinu egiten dioten hainbat jolasez aberastua. Irakurketaren plazer hutsa, zure zain.
Martxoak 6, ortziralea ⏰ 19:00
Arizkunenean

FILIPA BALBINA – Gazte eta helduendako antzerkia
Emakume pailazoak eta zirkua historian. Zuzeneko clown ikuskizuna, proiekzio dokumentalarekin bat egiten duena.
Pailazo erreferenteak aipatzen ditugunean, gizonen clown-en irudiak datozkigu, bai Zirkuan, bai Zineman. Charli Chaplín, Charli Rivel … Baina… Non zeuden Emakume Pailazoak? Izan ere, egon badaude…. Historian izan ziren Emakume Pailazoak ezagutuko ditugu eta etorkizunari ikuspegi irekiago batekin begiratuko diogu.
Martxoak 13, ortziralea ⏰ 19:00
Iruritako Gizarte Bilgunean

BARREA ETA KOMIKOTASUNA – Emakumeendako lantegia
Jolas- eta erlaxazio-dinamiken, dinamika fisikoen eta ahots-dinamiken bidez konfiantzazko eremu ludiko bat sortuko dugu. Ondoren, teknika komikoak ikasiko ditugu. Hala, barrera iritsiko gara, eta barre egiteko eta eginarazteko teknikak lortuko ditugu. Zertan lagunduko dizu? zure alderik dibertigarriena eta gogotsuena ezagutzen; erridikuluarenganako beldurra, beldur eszenikoa, gainditzen, eta zure umore-sena sustatzen.
Martxoak 18 eta 25, asteazkenak ⏰ 17:30 – 19:30
Arizkunenean
Izen-ematea beharrezkoa kultura@baztan.eus helbidean edo 667 80 78 10 telefonoan.

Laura Mitegirekin solasaldia – LITERATUR GERALDIAK
“Akabo” eleberriaren aurkezpena
Tradizioaren barrunbeak arakatzen dituen eleberriaren aurkezpena. Maitasuna, identitatea, bikote harremanak eta komunikazioa ere hartu ditu hizpide, hilketa batetik abiatuta.
Martxoak 26, ortzeguna ⏰ 18:30
Amaiurko Otsondo gelan
ANIMATU ZAITEZ!!