2026ko urtarriletik ekainera bitartean, Bortzirietako, Malerrekako, eta Baztango Berdintasun Zerbitzuek sustatutako Eskualdeko Gizon Taldea hilero elkartu da, ERAIKIZ kolektiboaren laguntzarekin. Sei hilabete hauetan, gizonek berdintasunaren inguruan hausnartzeko, elkar entzuteko eta beren bizipenak partekatzeko espazio egonkor eta segurua eraiki dute.
Taldearen helburua ez da soilik berdintasunaren inguruan hitz egitea izan. Saioetan, genero-rolek eta maskulinitate tradizionalak gizonengan eta emakumeengan dituzten ondorioak aztertu dira; pribilegio maskulinoak, eguneroko diskriminazioak eta emakumeen kontrako indarkeria matxistak sostengatzen dituzten jarrera eta portaerak identifikatu eta landu dira, harreman bidezkoagoak eta indarkeriarik gabekoak eraikitzeko bidean.
Ikasturte amaieran egindako ebaluaketak erakutsi du parte-hartzaileek oso balorazio positiboa egiten dutela taldearen ibilbideaz. Bereziki nabarmendu dituzte sortutako konfiantza-giroa, elkarri entzuteko aukera eta hausnarketak eguneroko bizitzan izan duen eragina. Gizonek adierazi dute gaur egun errazago identifikatzen dituztela lehen oharkabean pasatzen zitzaizkien jokabide matxistak, eta kontzientzia handiagoz begiratzen dietela beren harremanei eta emakumeek bizi dituzten desberdintasunei.
Balorazioaren ondorio nagusietako bat argia da: parte-hartzaile guztiek taldearekin segitzeko nahia adierazi dute. Horregatik, Berdintasun Zerbitzuek datorren ikasturtean ere Eskualdeko Gizon Taldeari jarraipena emanen diote, hilean behingo saioekin.
Aldi berean, Bortziriak, Malerreka-Bertizarana, Baztan, Urdazubi, Zugarramurdi eta Xaretako bertze gizon batzuk ere animatu nahi dituzte taldearekin bat egitera. Ez da inolako ezagutzarik behar; interesa, jakin-mina eta berdintasunaren alde hausnartzeko eta inplikatzeko gogoa baino ez.
Berdintasunaren aldeko bidea ezin da emakumeen bizkar gainean bakarrik utzi; gizonen, herriko eragile desberdinen eta jendarte osoaren konpromisoa eta inplikazioa ezinbertzekoak dira aldaketa erreal bat lortzeko. Abiatu dugun bide hau etengabeko prozesu baten lehen urratsa bertzerik ez da.
Gorde data: datorren ikasturteko antolakuntza bilera irailaren 18an izanen da, Donezteben.
Informazio gehiago edo izena emateko, jarri harremanetan Bortzirietako, Malerrekako edo Baztango Berdintasun Zerbitzuekin.