2026ko irailak 23

Bortziriak, Malerreka-Bertizarana eta Baztango tokiko erakundeak bat egiten dute “Landa-eremuko emakume gehiago erabakiguneetan” kanpainarekin, urriaren 15aren harira, eta jarduera programa aurkezten dute

Urriaren 15ean, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunean, Bortzirietako Mankomunitateak, Malerrekako Mankomunitateak eta Baztango Udalak bat egiten dute Nafarroako tokiko eta lurraldeko erakundeek bulkatutako kanpainarekin, landa-eremuko emakumeen rola aitortu eta ikusarazteko.

Foto noticia

“Landa eremuko emakume gehiago erabakiguneetan” lelopean, ordezkaritza- eta erabaki-guneetan landa-eremuko emakumeen presentzia handiagoa aldarrikatzen da, bai eta oraindik ere parte-hartzea zailtzen duten oztopoak ezabatuko dituzten politika publikoak garatzea ere. Adierazpenak gogorarazten du, halaber, emakumeek ezinbesteko ekarpena egiten diotela komunitate-bizitzari, enpleguari, elkartegintzari eta erabakiak hartzeari, eta berdintasun handiagoa, parte-hartzea, lidergoa eta zaintzetako ardura partekatua aldarrikatzen ditu.

Tokiko erakunde eta mankomunitate horietatik guzietatik aldarrikapen bera partekatzen da: benetako berdintasunaren alde egitea, oztopoak ezabatzea, landa-eremuko emakumeen lana aitortzea eta haien presentzia sustatzea landa-lurraldeetako bizitza publikoan, sozialean, ekonomikoan eta politikoan.

Irakurri adierazpen isntituzionala HEMEN.

Gainera, egun hauetan emakumeei zuzendutako lan-saioak eginen dira gure lurraldean, INAk bulkatutako EmakumeON eta Emakume Politikoen Foroa programen baitan. Nafarroan emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa bulkatzen lagunduko duten topaketa-, gogoeta- eta ekintza feministako guneak sortzea da helburua. 2026-2027ko “Zaintzen duten komunitateak” programak zaintzetan sakontzea proposatzen du, ikuspegi feminista eta eraldatzailetik abiatuta. Bi saio proposatzen dira: Larraintzarren hitzaldi bat, “Zaintzak ikuspegi feministatik”, urriaren 5ean, 17:00etan, Kultur Etxean, eta bigarren saio bat, “Bizitza sostengatzen duten praktika feminista inspiratzaileak” izenburupean, azaroaren 9an, 17:00etan, online.

 


 

 

 

 

 

 

 

 

Gainera, Landa-Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, zaintzekin eta etxeko zein zaintzako langileen eskubideekin lotutako hainbat jarduera antolatu dira, herritar guztiei eta lanbide-eremuetako profesionalei zuzenduta, sentsibilizazio-, prestakuntza- eta gogoetarako proposamenekin.

Hiru hitzaldi informatiboko ziklo bat eskainiko da herritar guztiei, etxeko eta zaintzako langileei, enplegatzaileei eta zerbitzu publikoetako langile tekniko eta profesionalei zuzenduta, Etxeko langileen lan-eskubideak izenburupean, Gaztelann eskutik. Saioetan honako gaiak landuko dira: lanaldia, atsedenaldiak, oporrak, nominak, kotizazioa, langabezia-prestazioa, erretiroa… baita intereseko tresnak eta baliabideak ere. Prestakuntza urriaren 1ean, 17:00etan, Arizkunenean izanen da Baztanen, Bortzirietan urriaren 7an, asteazkenez, 17:00etan, Beralandetan; bi saio horiek herritarrei irekita egonen dira. Malerreka-Bertizaranan saioa urriaren 29an, 12:00etan, Mankomunitatean izanen da; oraingo honetan, saioa profesionalendako, laneratzeko enpresendako edota informazio horretan interesa duten tokiko elkarteetako pertsonendako izanen da.

Programak, gainera, Anduriña Zurutuzaren eta Beatriz Egizabalen “JO!” proposamen eszenikoarekin jarraituko du, urriaren 3an, 19:00etan, Arantzan. Helduendako clown ikuskizuna da, ikuspegi feministatik eta umorea erabiliz, amatasunaren, familia osatzearen eta gizarte-itxaropenen inguruan emakumeek bizi dituzten tentsioak, presioak eta kezkak agerian jartzen dituena.

Urriaren 15ean, 19:00etan, Elizondon, Asisko Urmenetaren “Sorgina banaiz” dokumentala ere proiektatuko da. Nafarroako sorgin-ehizatik abiatuta, emakumeen jazarpenari buruzko gogoeta historiko eta kolektiboa irekitzen duen proposamena da; izan ere, jakintzak, sareak eta komunitateko zaintzak sostengatu zituzten emakumeen jazarpena ere lotuta dago zaintzeko eta bizitza sostengatzeko lanaren gutxiespenaren historiarekin.

Jarduera hauen barruan ere, urriaren 16an, Donezteben, “Etxeko lanaren eta zaintzen balio sozial eta ekonomikoaren ikusgarritzea” izeneko hitzaldia eginen da herritar guztiendako. Proposamen horren helburua lan horiek bizitzaren iraunkortasunerako diren funtsezko ekarpena aitortzea eta haien duintasunaren eta jendarte-aitorpenaren alde aitzin egiten segitzea da.

Baztango Udalak, Bortzirietako Mankomunitateak eta Malerrekako Mankomunitateak herritar guztiak gonbidatzen dituzte, eta bereziki lurralde hauetako emakumeak, programatutako jardueretan parte hartzera eta ekimen honetara bat egitera. Izan ere, emakume landatarrek egiten duten ekarpena, zaintzen balioa eta erabakiak hartzeko guneetan emakumeen presentzia handiagoa lortzeko beharra paratu nahi dira erdigunean.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Imagen TRANSIZIOAN ZAINDUZ

TRANSIZIOAN ZAINDUZ

Baztango Gizarte, Kirol eta Berdintasun Zerbitzuek klimaterioan eta menopausian ongizate integrala sustatzeko programa bat martxan paratuko dute.

Imagen Baztango Gizarte eta Berdintasun Zerbitzuek AMARTEANen edizio berri bat sustatu dute

Baztango Gizarte eta Berdintasun Zerbitzuek AMARTEANen edizio berri bat sustatu dute

2026ko lehen edizioaren esperientziaren ondoren, taldeak ikasturte berri bati ekinen dio, berriz ere amen parte-hartze aktiboa baliatuz. Horregatik, saioak hasi aurretik antolaketa-bilkura bat eginen da, eta bertan parte-hartzaileek elkarrekin erabakiko dituzte taldearen funtzionamendua, saioen maiztasuna, ordutegiak, datak, landu nahi dituzten gaiak eta lan egiteko modua.

Volver arriba