Industria
Baztan Ibarrean arras garrantzitsua da industria, lanpostu asko sortzen dituen sektorea delako. Hain zuzen ere, eraikuntza arloko enpresak kontuan hartuta, Baztan Ibarrean ehun bat industria enpresa daude egun. Nekazaritzako elikagaien industriak, eraikuntzakoak, zurgintzakoak eta mineralak atera eta eraldatzeko enpresak dira nagusi. Gainerako jarduerak, hari elektrikoen enpresa bat salbu, enpresa txikiak eta tailer osagarriak dira (karrozeriak, nekazaritza makinen salmenta eta konponketa, eta abar). Horrenbertzez, mineralak (marmola, granitoa, kareharria, hareharria, eta abar) ateratzeko eta eraldatzeko industriak eta zuraren industriak dira enpresa gehien duten azpisektore handienak. Bietan daude eraldaketa maila ezberdineko enpresak: lehenengoan, harrobiak ustiatzen dituztenak zein hargintza lanak egiten dituztenak; bigarrengoan, berriz, zerraketa lanak egiten dituztenak nahiz altzariak fabrikatzen dituztenak.
Nolanahi ere, ez dugu pentsatu behar era honetako industrian erabiltzen den material edo lehengai guztia ibarrean sortzen denik, kanpoko hornitzaileak ere behar izaten baitira.
Nekazaritzako elikagaien industriari dagokionez, zenbait enpresak ogia eta deribatuak ekoizten dituzte. Gazta-fabrikak, urdaitegiak eta haragi deribatuak ekoizten dituzten enpresak ere badaude, eta orobat, likoreak, sagardoa eta etxeko marmeladak egiten dituztenak.
Kuartelen arabera banatuta, Erbereak ditu enpresa gehien, eta ondoren, Baztangoizak, Elizondok eta Basaburuak.
Egoera honen berezitasun nagusia da ibarrean horren industria gutxi izan arren, 500 lagun baino gehiago ari direla sektore horretan lanean, ibarreko industria-langileak herritik kanpora joaten baitira lan bila (Legasa eta Lesakako Arcelorren lantegietara gehienak).
Industriak Baztan Ibarrean izan duen garapen eskasaren eragileak hainbat dira: bertzeak bertze, eskualdea bakartuta dago inguru geografikoarengatik, eta bideko azpiegiturek zaildu egin dute antzina bertan industria enpresak eraikitzea, hobeto komunikatuta eta lotuta dauden inguruko hainbat eremurekin alderatuta. Gogoeta horietatik hainbat ondorio atera daitezke, bertzeak bertze, arras garrantzitsua dela N-121 errepidea hobetzeko lanei eustea eta horiek indartzea. Bertako herritarrek industria tradiziorik eta sormen kulturarik ez izateak ere eragina izan du. Batetik, Baztanen eskulangile prestatuak daude baina arras aukera gutxi dute ibarrean lan egiteko. Bertzetik, kapital pribatuak kanpoan edo bertze sektore batzuetan inbertitu du. Negozio autonomoak sortzeko baino ez da mugimendu pixka bat nabari.