Nori zuzenduta:
Alkatea/Alcalde
12-07-2026
Alkate jauna: Datorren uztailaren 19an ospatuko den Baztandarren Biltzarraren harira idazten dizut. Badakit desfilearen eta karrozen antolaketa zehatza agian ez dela zuzenean Alkatetzaren eskumena, baina ez dakit gai hau zein erakunde, batzorde edo arduraduni helarazi behar zaion. Horregatik, eskertuko nizuke orientabideren bat edo eman diezadakezun informazioa. Nire kezka desfileko karroza batzuetan animaliak erabiltzearekin lotuta dago. Azken urteetako zenbait ediziotan animalien ongizateari dagokionez kezka sortu didaten egoerak ikusi ditut. Besteak beste, ardi bat ikusi dut karroza baten gainean hanketatik immobilizatuta, jendaurrean ile-mozketa edo ile-ebaketa erakustaldi bat egiten zitzaion bitartean, jendez, zarataz eta zalapartaz beteriko giro batean. Era berean, oiloak ikusi ditut saskietan eramanda, hankak eta hegoak lotuta mugitu ezinik. Halaber, behin baino gehiagotan asto bat ikusi dut aurreko hanketan zauri markak zituela, eta estres-zantzu argiak erakusten zituena, desfilean aurrera egiteari uko eginez. Egoera horietako batean, animalia gidatzen zuen pertsonak ukabilarekin muturrean kolpe bat eman ziola ikusi nuen, aurrera egitera behartzeko asmoz. Ez dakit indarrean dagoen araudiak animaliak horrelako baldintzetan erabiltzea baimentzen duen, ezta haien ongizatea bermatzeko zer kontrol edo gainbegiratze-neurri aurreikusten diren ere. Horregatik, honako hauek jakin nahiko nituzke: * Aurten desfilean animaliak erabiltzea aurreikusita dagoen. * Animalien ongizateari buruzko protokolo edo gainbegiratze berezirik dagoen. * Animalien arduradunei jarraibiderik eman zaien estresa, beharrezkoa ez den immobilizazioa edo animalien ongizatea arriskuan jar dezakeen edozein egoera saihesteko. Animaliak berriro erabiltzea aurreikusita badago, bereziki eskertuko nizuke egoera horiei arreta berezia jartzea, animalien ongizatea bermatzeko eta ikusleen artean kezka edo deserosotasuna sor dezaketen egoerak saihesteko. Aldez aurretik eskerrik asko zure arretagatik. Adeitasunez,
14-07-2026
Egun on:Diozun bezala, Baztandarren Biltzarra eguneko desfilea eta karrozen antolaketa ez da alkatetzaren eskumena, ezta Baztango Udalarena ere. Baztandarren Biltzarra eguna Baztandarren Biltzarra elkarteak antolatzen du, auzolanean.Baztandarren Biltzarra elkartearekin harremanetan jarri gara eta zure idatzia helarazi diogu.
Hauxe izan da erantzuna:“Baztandarren Biltzarra Elkarteak, bigarren urtez jarraian, animalien ongizatearen inguruko salaketa gehiago ekidite aldera, indarrean dagoen legediaren laburpen bat prestatu du eta 15 herriei helarazi die. Horrekin batera, salaketaren bat izanez gero, horien arduraduna akzioen egilea izanen dela adierazi zaie, inoiz ez BB elkartea edota hirugarren pertsona bat. Jarraian dokumentu hori atxikitzen da. Edozein zalantza izanez gero, arazorik gabe bbiltzarra@gmail.com helbidearen bitartez galdetu dezakezu.”Hauxe da iaz eta aurten 15 herriei helarazi zaien laburpena:“BAZTANDARREN BILTZARRA 2026Animalien ongizaterako jarraibideakKaixo guztioi,Baztandarren Biltzarran parte hartuko duten pertsona eta talde guztiei gogorarazi nahi dizkizuegu animalien ongizatea bermatzeko bete beharreko arauak. Guztion ardura da desfilea tradizioa eta animaliekiko errespetua uztartuz egitea.EZ DA ONARTUKO:• Animaliak jotzea, kolpatzea, beldurtzea edo oihuka nahiz objektuekin behartzea.• Hankak lotzea edo animaliak beharrezkoa ez den moduan inmobilizatzea.• Animaliak tamaina desegokiko kaiola, itxitura edo lotuneetan edukitzea, mugimendu normala eragotziz.• Animaliaren gaitasun fisikoa gainditzen duten kargak edo pertsonak eramatera behartzea.• Animaliak urik, itzalik edo atsedenik gabe edukitzea.• Artilea moztea edo bestelako manipulazioak egitea animaliari mina, estresa edo sufrimendua eraginez.• Animalia gaixo, zauritu edo egoera fisiko desegokian daudenak desfilean erabiltzea.• Animaliaren ongizatea arriskuan jartzen duen edozein jokabide.GARRANTZITSUANorbaitek salaketarik jarriz gero, araudia ez betetzeak 500 € eta 200.000 € arteko administrazio-isunak ekar ditzake, arau-haustearen larritasunaren arabera, eta, kasu batzuetan, bestelako erantzukizunak ere sor ditzake.Eskermile guztioi zuen lankidetzagatik eta Baztandarren Biltzarra animaliekiko errespetuz ospatzen laguntzeagatik!!!GORA BAZTANDARREN BILTZARRA!!”Esker mila eta ongi izan
