Alkate andere agurgarria: Jakin nahiko nuke Biderka eta LKSren txostenak argitaratuko dituzuen udalaran weborrialdean. Bidenabar, lagungarria liteke jakitea nola izan ziren kontratatuak: kontratatzeko prozedura, lana egiteko argibideak, erabilitako metodologia eta pagamendua. Adeitasunez, A.A.A. (2014-03-25)

Erantzunak Alkate

Egun on,

Zure galderei erantzunez, Biderkaren eta LKSren txostenak ez ditugu printzipioz webgunean argitaratuko. Udal honetan sortzen eta sartzen den txosten kopurua altua delakoz ez zaigu eramangarria iduritzen informazio guztia web orrialdean argitaratzea. Hala ere, txosten horiek publikoak dira eta eskuragarri daude herritar guztiendako eskaera erregistro bidez eginez gero.

Bertze aldetik, txosten hauek egiteko kontratazioaren prozeduraren inguruko galderari erantzunez, txostena Biderkak Udalaren aholkularitzarako duen zerbitzu kontratuaren barnean sartzen da. Beraz, ez du gastu gehigarririk ekarri, ez Udalarendako ez Zahar-etxeko patronatuarendako. Kontratu horren esleipena 2011n egin zen, Legeak eskatzen duen prozedurari jarraikiz. Urtean 15.000 euroren truke (KPIa urtero eguneraturik) aholkularitza juridikoa egiten dute, txostenak barne. Epaiketetako gastuak prezio horretatik kanpo daude. Konparatzeko, aitzineko legealdian baino 75.000 euro inguru gutxiago kostatzen zaigu baztandar guztioi urtero Udalaren aholkularitza juridikoaren zerbitzua. Kontratazio prozedura honen espedientea ere Udaletxeko bulegoetan eskuragarri dago, nahi izanez gero.

 LKSren txostenaren kontratazioa Zahar-Etxeko patronatuan erabaki zen 2014ko urtarrilaren 20an. Bertan zaharren egoitzaren egoeraren eta etorkizuneko aukeren gaineko txostena eskatzea eta LKS enpresari esleitzea erabaki zen. Hau ere, Kontratazio publikoari buruzko 6/2006 Foru Legeari jarraikiz egin zen. Patronatuak donazio baten medioz jasotako diruarekin ordaintzea onartu zen. Erabaki honen akta ere eskuragarri duzu Udaletxeko bulegoetan. Txosten honen aurrekontua 8.200 eurokoa da, BEZa kanpo, oraindik ez da faktura pasatu baina aurrekontu horren barne izango da. Ideia bat egiteko, 2007an antzeko helburuekin eskatu zitzaion GEROKON enpresari txosten bat eta 21.460 euroko kostua izan zuen.

 Zure zalantzak argitu direlakoan,

Adeitasunez,

Garbiñe Elizegi Narbarte (2014-04-02)

Volver arriba