AMAIURKO AINTZINAKO ERAIKIN NOBLEAK

Ondarea_t

Borda Jauregiaren kanpoaldea 

 

Bi hauek dira Amaiurko jauregien arkitektura hobekien ezaugarritzen duten jauregiak:

  • Arretxea jauregia: Herriko kaskoetako batean kokatua dago XVII. mende erdialdean eraikitako leinu-etxe hau. Harlanduzko etxaurre erregularra du, bi atalekoa, eta baita bi isurkiko estalkia duen atikoa ere. Beheko solairuan, zirkulu erdiko arkua duen atea dago, erdigunetik aldendua eta arku-uztai kiribilduarekin. Bigarren solairuan, berriz, karel kiribilduko hiru leiho ageri dira, lerrokaturik. Horietako biren artean, eremu-erdiko armarria ageri da, zatitua eta moztua. Bukatzeko, atikoan, bi leiho zuzen daude.
  • Bordakoetxea jauregia: Ezagunagoa da, herritarren artean, Borda jauregia bezala. Aurrez deskribatu dugun jauregiaren parean dago eta XVII. mendean eraikia da. 1728an leinu-etxe bihurtu zen, Joan Tomas Borda jabeak 4.000 erreal ordaindu eta gero. Eraikinak hiru maila edo solairu ditu, inpostez bananduak, eta, lehen bietan, harlandua, kuxindurazkoa da. Beheko solairuan, zirkulu-erdiko bost arku dituen portikoa ikus daiteke. Erdiko arkua mardulagoa da, lau zutabeetan bermatua. Bigarren solairuan, arkuekin ardatzean, bost hutsarte angeluzuzen daude, eta erdiko hirurek zurezko balkoia osatzen dute. Balkoia harrizko lau irtenune edo mentsula kiribilduk euskarritzen dute. Goiko solairuko lau leihoen artean, armarria ikus daiteke aingeruen artean, eta aingeruek lehoi bana eusten dute kateekin.

 

Volver arriba