ARIZKUNGO AINGERUKO ANDRE MARIAREN KOMENTUA

Ondarea_t

Komentuaren kanpoaldea

Klaretarren komentu hau Joan Bautista Iturralde jaunak – Murillo el Cuendeko markesak – eta haren emazte Manuela Munarriz andreak sortu zuten. Iturralde Arizkungoa zen izatez, 1674an jaioa, baina Madrilen bizi izan zen 1701az geroztik. Han diru asko egin zuen eta goi-intendente kargua betetzera ere iritsi zen Errege-Ogasunean. Oinordekorik ez zuela-eta, Arizkungokomentua eraikitzeko eskaini zuen bere herentzia. Iturralde etxearen ondo-ondoan eraiki zuten, hura baitzen eratzailearen gurasoen leinu-etxea. Eskriturak 1736koak dira. Hogeita bost serora jarri ziren han bizitzen, nahiz eta, hasiera batean, hamabi aurreikusi. Eta, gastua ere, 30.000 dukatekoa izan zen ornamentu, apaingarri eta erretaulak barne, nahiz eta, hasiera batean, 12.000 dukat kostatuko zela uste.

Elizako oinplanoa latindar gurutzekoa da eta nabe handia du, hiru atalez osatua, eta baita gurutzadura eta burualde zuzena ere. Elizari atxikia, klaustro karratu bat dago, zirkulu-erdiko bost arkuteria dituena eta horma-artez kanpoaldeari lotua lehen solairuko harlandu gorrizko pilastren bitartez. Eliza kanpoaldean, berriz, etxaurre barroko egundokoa, harlandu grisez eta gorriz jantzia, komentu kanpoaldearen eta Iturralde etxearen artean kokatua. Irudi horri egiten zaizkio Arizkunen eta Baztan osoan argazki gehien, ikusgarritasun berdingabekoa baita.

 

Horri guztiari, lau erretaula gehitu behar zaizkio. Bi Ebanjelioaren aldean, San Joseren erretaula eta San Migelen erretaula, eta, beste biak, Epistolaren aldean, San Joan Bautistarena eta Sortzez Garbiarena. Bestalde, erretaula nagusia dago, Bertuteen lau irudirekin eta frantziskotarren bi armarrirekin, eta, guztia osatuz, zeruko loria, hodei, aingeru eta Espiritu Sainduarekin.

Volver arriba