Bertatik Bertara kanpaina “gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak” aldarrikatzeko

Albisteak_ac

Udalerri euskaldunek beren baitan biltzen duten aberastasuna ikusaraztea eta aldarrikatzea du helburu.  Herritarrak zein bisitariak sentsibilizatzeko ekimena izango da eta ekainaren 19an hasiko da. Baztango Udalak, Uraren Bailarak eta Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak bat egin dute UEMAk antolatutako kanpaina honekin.

Iturria: UEMA.eus

COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, aldaketa handia izango du batetik bestera bidaiatzeko eta atseden egunak antolatzeko moduak. Beraz, inoiz baino gehiago, gure bazterrak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu hurrengo hilabeteotan. Horregatik, Baztango Udalak eta hainbat eragilek bat egin dute UEMAren eta Bertatik Bertara kanpainarekin, herritarrei eta bisitariei erakusteko udalerri euskaldunak zer-nolako altxorrak diren, bertatik bertara zenbat goza daitekeen nabarmenduz, bertako produktuekin, bertako kulturarekin eta bertako ekonomian oinarritutako garapenari eskutik helduta. Beti ere udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela ahaztu gabe.

“Gure bazterrak ezagutzera eta maitatzera gonbidatzen zaitugu, eta horrekin batera, baita horren bertakoa den eta horren bizirik dagoen hizkuntzaz gozatzera ere” dio denda, jatetxe, ostatu eta zerbitzu sektorerako prestatatutako karteletan eta mahai-gainekoetan ageri den testuak. Zehazki, horiek izango dira lehen hilabete hauetan kanpainaren erakusleiho nabarmenenak.

Baztango Udalak banatuko die material guztia bertako merkatariei, ostalariei eta zerbitzu sektoreko eragileei, herritarrengana eta bisitariengana heltzeko bitartekari ezin egokiagoak direlakoan. Horrekin batera helduko da udaren atarian hedabideetan egingo den komunikazio kanpaina ere, eta sektoreko arduradunei eta langileei trebatzeko online saioak eskainiko zaizkie, interesa duenak eska dezan.

Abian diren beste hainbat kanpainen osagarri

Osasun larrialdiak eta konfinamenduak ekonomikoki zerbitzu sektorea gogor kolpatu duenez, hainbat udalek iragarri dituzte sektorea suspertzeko kanpainak eta dirulaguntzak. Udal asko, esaterako, herriko komertzioak eta ekonomia hauspotzeko neurriak eta erosketa-bonuak bideratzen hasi da. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanoren hitzetan, “Bertatik Bertara kanpaina horien guztien osagarri da. Udal gehienak egoera larria ahal den egokien bideratzeko egiten ari diren ahaleginaren erdian, garrantzitsua da gainerako erakunde publikoek ere bidea hori dela nabarmentzea, gure herrien benetako garapena herriko ekonomian eta herriari arnasa ematen dioten sektoreetan dagoela sinetsita”.

Hori guztia ikusarazi nahi du Bertatik Bertara kanpainak. Gure herriak, gure bazterrak, gure hizkuntza eta gure produktuak nabarmentzen ditu hasiera batean, baina horiei estuki lotuta, baita gure herrietako dendak, bertako elikagaiak, lehen sektorearen garrantzia, bertako kultura eta bertako hedabideak ere. UEMAko lehendakariaren hitzetan, “horiek guztiak dira gure herrien taupadak, eta ezinbestekoa da herritarrek eta zerbitzu sektoreak hori ulertzea, gero bisitariei ere erakusteko eta koherentziaz aritzeko”.

Uda, lehen urratsa

Kanpainaren lehen euskarriak udako lehen hilabeteetarako aurreikusi eta prestatu ditu UEMAk. Besteak beste, jatetxe, taberna eta ostatuetan otorduren bat egiten duen edonork mahai gainean ikusi ahal izango duen mantela, edota udal eraikinetan eta dendetan ikusgai egongo diren kartelak, herritarrak eta bisitariak kontzientziatzeko.

Volver arriba