DANTZAK
Festak_t
MUTIL-DANTZA
Mutil-dantza da Baztan Ibarreko dantza adierazgarriena. Biribil irekian dantzatzen duten dantza da, erlojuko gezien norabidearen kontrakoan. Korroaren erdian txistularia eta atabala-jotzailea jartzen dira, eta gazteek dantzan interpretatzen duten musika jotzen dute.
Tradizioan, Ibarreko jai-egunetan eta bileretan dantzatzen ziren mutil-dantzak, eta zenbaitetan, baita aldamenekoekin egindako lanen baten edo auzolanen baten ondorioz sorturiko festetan ere, beti modu naturalean. Gaur egun, herri bakoitzeko jaietan edo Ibarreko jaietan egiten dute dantza, Baztandarren Biltzarrean, esaterako.
19 dantza dira guztira, baina gutxitan dantzatzen dira guztiak ikuskizun berean. Antza arras errepertorio zaharra da, urratsak arras sinpleak baitira, baina hala ere hainbat modutan nahasten dira. Horrez gain, dantzen izenek ere erakusten digute zaharrak direla arras, nekazaritza munduari loturiko gaiak aipatzen baituzte, askok txorien izenak dituzte gainera. Ez dakigu zehatz koreografia hauek animalia horien mugimenduak eta kantatzeko modua islatzen dituzten, edo dantza abestuak ziren eta hortik hartu zituzten izenok.
Mutil-dantza Baztan Ibarrean baino ez da dantzatzen, baina dantza-iauzien multzo zabaleko osagai ere bada, eta hain zuzen, multzo horretako dantzak Iparraldean nahiz Nafarroan, Luzaiden dantzatzen dira, eta eremu bakoitzean aldaera ezberdinak dituzte. Egun Ibarreko edozein herritan dantzatzeko era bateratu bat dago ere, XX. mende hasieran hainbat aldera dantzatzen ziren txistulariak jotzen zuen soinuaren arabera. Baina berezitasun txiki horiek desagertu egin ziren pixkanaka, eskola bateko eta bertzeko dantzariak hainbat aldiz elkarrekin dantzan aritu ondoren.
Ibarreko bi txistulariren ekarpena arras garrantzitsua izan da, hala partiturak berreskuratzeko eta mantentzeko, nola dantzak irakatsi eta kontserbatzeko: Antonio Elizalde eta Joxe Telletxea “Joxe-Xixtu”. Bi gizon horiek egin zuten lana erabakigarria izan zen, Lizarrako Aita Olazaranek eta Aita Donostiak ondoren dantza horien pentagramak berreskuratzeko, haien ibilbidean eta esperientzian oinarritu baitziren.
Mutil-dantzen zerrenda osoa: Aunitz urtez!; Hiru puntukoa; Billantziko; Biligarroaine; Biligarroine zaharra; Billantziko txiki; Billantziko zaharra; Zahar-dantza; Mando zaharraine; Xerri begi; Xerri begi zaharra; Muxiko; Xoxuaine; Ardoaine; Añar-haundi; Tellarin; Xoriaine; Añar-xume; Zazpi-iauzi eta Zazpi-iauzi zaharra.
IRRI-DANTZAK
Iostaketa-dantzak ere esaten diete, eta Baztan Ibarrean talde horretako 12 dantza-jolas daude bizirik. Nekazariek urteko hainbat garaitan eta egiten zuten lan komun eta solidarioa da dantza-jolason jatorria. Hainbat helburu zituzten: artoari hostoak kentzea, kare-harrobietan karea fabrikatzea eta egurra biltzea. Dibertitzeko hainbat unetan ere dantzatzen zituzten, bazkari garrantzitsu edo ezkontzetan, esaterako.
Jolas eta jai giroan dantzatzen dira beti, eta ohi denez, lanaldi edo ospakizun berezi baten ondoren egiten dira.
Irri-dantza guztiak: Jean petit qui danse; Bizker dantza; Katadera dantza inguruan; Saskito dantza; Esku dantza; Itses dantza; Katadera dantza; Eskalapoin dantza; Paxa dantza; Zurrume dantza; Ipurdi dantza eta Zartain dantza.
SAGAR-DANTZA
Bereziki azpimarragarria da sagar-dantza, tradizio luzea baitu Ibarrean, Arizkunen esaterako, askotan dantzatzen baitzen bertan. Lauko taldeetan dantzatzen da, sagarrak eskuan hartuta eta amaieran, ikusleei jaurtitzen dizkiete.