ELIZONDOKO ANTZINAKO ERAIKIN NOBLEAK
Ondarea_t
Hona hemen Elizondoko jauregien arkitektura hobekien ezaugarritzen duten eraikin edo etxeak:
- Arozarena etxea: XVII. mendeko eraikin barroko hau Arizkunearen leinu berekoa da, armarrietan antzeman daitekeen moduan. Sargunea arku erako portiko baten pean dago. Horren gainean, lehen solairuan, balkoi jarraitu bat dago harrizko mentsula handietan sostengatua; azken horiek kiribildurez apainduak daude, eta hiru hutsune ageri dira kiribildutako marko baten barruan. Goiko solairua, harlanduzko horma eta guzti, hertsiagoa da eta zedarrituago dago; bi albo-balkoi ditu, bi leiho erdialdean eta noble-armarria horien artean. Solairuaren gainean, erlaitza zabaltzen da, eta erdi parean arku itxura hartzen du armarriak hala behartuta, eta, era berean, horren gainean, zurezko hegala, hiru lekutan eteten dena, leiho txapitulatuei tarte egiteko. Armarriak orla apaingarri bat du, guztiz barroko erakoa, eta bertan uztartzen dira artetsuki beheko maskaroia, lehoiak, haur sostengatzaileak eta C handi kiribilduak; aurreko guztia kasketa batez hornitua dago.
- Istekonea etxea: Erregeordearen etxe gisa ezagutzen da Pedro Mendinueta Muzkiz jaunarekin zerikusia duelako. XVIII. mende bukaeran eta XIX.aren hasieran eraiki da. Etxaurrean, elkar nahasten dira XVIII. mendeko barrokoan ohikoa zen plano zentralaren albo-hegalekiko atzeratze arina ( Arizkuneneako jauregiaren berrinterpretazio berantiar modura ondorioztatu litekeena) eta XIX. mendeko klasizismoaren araztasuna. Portalea pilastra angeluzuzen batzuez markoztatua dago. Etxaurrea frontoi hiruki gisa amaitzeak ikusgarritasuna emango lioke, eta haren formara egokituko litzateke albo-hegalen gainean horizontalki luzatzen den zurezko hegala ere. Etxaurre horretan, leku nabarmen batean, armarria legoke, arrokaiazko apaingarri berantiarrekin eta girnaldekin.
- Datue jauregia: Hirigunetik kanpora dago, Irurita bidean. Jauregi hau Peruko erregeorde izandako Agustin Jauregirena zen. XVIII. mendeko jauregi-arkitekturaren beste adibide eder bat da. Bloke kubiko ederra osatzen du, bakartua, paramentu igeltsuztatuekin eta harlandu gorriko ertzekin. Hutsarteak eta kiribildura bereizleak ere baditu atalen artean. Azken atal edo solairu gainean, zurezko hegal bikoitza dago, lau isurkiko teilatura bideratua, eta bertan lau txapitula. Beheko solairuan, zirkulu-erdiko portalea dago, erdigunean kiribildura duena, eta zutabeak markoztatzen ditu fuste lauak, kapitel dorikoak eta diamante puntadun zutoinak dituzten kontrapilastren bidez.
- Udaletxea: Baztango Haraneko Udaletxea XVII. mendeko eraikin barrokoa da. Harlanduzko etxaurrea pintoa da, paramentuko harri gorrixka hutsarteen marko zuriekin nahasten baita. 1696tik aurrera eraiki zen, Urdax-eko monasterioari erositako lurretan. Juan Arozarena harginari bete beharreko baldintza ezarri zioten: Elbeteko Jarola jauregian oinarritzea eraikuntza lanak egiterakoan, hala hargintza-lanetan nola burdina lantzeko garaian. Eraikina bloke angeluzuzen bat da eta elkarren segidan daude beheko solairua (zirkulu-erdiko hiru arkuz osatutako portikoa duena), lehen solairua edo solairu noblea (aldenik alde zurezko balkoia daukana, eta bost hutsune bertara bideratuak), eta, azkenik, atikoa. Hemen bost leiho zuzen ageri dira markoztatuak eta kiribilduriko karel batekin, eta azken hau zurezko hegalari lotua dago.