ERRENTA AITORPENA EUSKARAZ EGITEKO KANPAINA
Albisteak_ac
Maiatzaren 6an hasiko da ERRENTA AITORPENA egiteko kanpaina Nafarroan, eta aurten ere, UEMAK eta Baztango Udalak, errenta euskaraz egitera gonbidatu nahi dituzte baztandarrak. Modu honetan herritarrek adminstrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahi da.
Iturria: Uema.eus
Aurrez aurreko hitzorduak bertan behera geratu baldin badira ere alarma egoeraren eta osasun larrialdiaren ondorioz, errenta euskaraz egiteko kanpainarekin aurrera egingo dute UEMAk, udalek eta hainbat erakunde publikok, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian. Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik.
Administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea ere beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du aurten ere UEMAk, udalekin eta beste hainbat erakunde publikorekin elkarlanean abiarazitako kanpainak, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere.
Azken urteotan bezala, errenta aitorpena egiteko hainbat modu daude, aurten alarma egoerak baldintzatuta aurrez aurreko hitzorduak bertan behera geratu edo udazkenera atzeratu diren arren. Lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen badiera ere, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin UEMAk lortu nahi duena. Batetik, datuetan islatu dadin udalerri euskaldunetan herritarrak euskaraz bizi direla. Bestetik, administrazioa euskalduntzeko bidean eragiten jarraitzeko.
Lurralde edo eskualde bakoitzera moldatutako kanpainak
Lurralde, foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua, eta UEMA ere horren arabera ari da elkarlanean bateko eta besteko erakundeekin.
Nafarroan, esaterako, aitorpen gehienak mekanizatuak dira, beste herrialdeetan bezala, baina ondasunetan aldaketak badira, banketxeetan eta aholkularitzetan zuzentzen dituzte. Beraz, horietarako Hemen errenta aitorpena euskaraz egin dezakezu mezuarekin kartelak zabalduko dituzte leku horietan. Era berean, UEMAko kide diren Nafarroako herrien zerrendarekin ere kartela zabalduko dute, herritarrei datuak hobetzeko gonbidapena eginez. Nafarroan, maiatzaren 6an hasiko da errenta aitorpena egiteko kanpaina.