EUSKARAREN EGUNA OSPATZEN JARRAITZEKO ANTZERKIA IZANEN DA IRURITAN
Albisteak_ac
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira hainbat ekitaldi antolatu dira Baztanen, abenduaren 3an bertan, zein bezperan baita biharamunean ere. Ospakizuna larunbatera ere luzatuko da, Euskararen Eguna egun bakarrekoa ez dela erakutsiz. Horrela, NUMENAK izeneko antzerkia emanen dute abenduaren 7an, 19:00etan, Iruritako Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean. Adin guztietako publikoarentzat da eta sarrera doan izanen da.
“Familiendako antzerkialdia” zikloaren barruan eskainiko dute Iruritako emanaldia, Yarleku konpainiaren eskutik.
Inguru menditsu batean, Lanbro eta Leka, bi galtzagorri bihurri agertuko dira, ez dakite nor duten ama. Ieltxuak, txori itxurako pertsonaiak, zalantza hori argitzen lagunduko diela agintzen die baina nahasi baino ez ditu eginen eta galdu eginen dira. Bidean, gure protagonistak pertsonai mitologiko desberdinekin egingo dute topo; Basajaun, Lamia, Sorgina, Gentilak etab…
“Familiendako antzerkialdia” zikloaren baitan, Iruritako emanaldiaz gain, beste hainbat herritan eskainiko dituzte antzezlan ezberdinak. Guztiak abenduaren 1etik 8ra bitartean, euskararen nazioarteko egunaren bueltan. Baztanen, esan bezala, abenduaren 7an izanen da NUMENAK ikusteko aukera, Iruritako Gizarte Bilgunean.