“MUGAKO AHOTSAK. Kontrabandoaren testigantzak” dokumentalaren aurkezpena eta mahai ingurua parte hartzaileekin

2024ko urriak 30 | 18;00

Arizkunenea

Foto evento

    Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Baztango Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu MUGAKO AHOTSAK. Kontrabandoaren testigantzakdokumentalaren proiekzioaz gozatzera, urriaren 30ean 18:00etan Arizkunenean.

    Baztango eta Baigorriko Udalek LABRIT Multimediaren eskutik egindako ikus-entzunezko material honek historian zehar kontrabandoan eta, horrela, bi udalerriak banatzen dituen muga administratiboaren bi aldeen garapen ekonomikoan eta harremanen garapenean berebiziko garrantzia izan duten emakume eta gizonen lekukotasuna jasotzen du elkarrizketa formatuan. Hala ere, emakumeen ekarpena ezkutuan egon da neurri handi batean, ikusezin kontakizun ofizialetan. Proiekzio honen helburua da haien ahalegina, ausardia eta gaitasuna ikusaraztea eta aldarrikatzea, zubiak eraikitzeko muga batek banandutako bi komunitateren artean, baina bizikidetzak eta eguneroko partekatzeak elkartuta.

    Saioak mahai-inguru bat izanen du eta bertan Joxepi Miurak eta Mari Karmen Auzkik, elkarrizketetako protagonistetako bik, euren esperientzia pertsonalak partekatuko dituzte. Elixabet Etxandi ere bertan izango da, gaiari buruzko landa-ikerketa lana egin baitzuen, errealitate horri buruzko ikuspegi aberasgarria emanez. Mahai ingurua Marijo Garmendia kazetariak dinamizatuko du, eta elkarrizketa eta publikoaren parte-hartzea erraztuko ditu.

    Ekitaldi honen helburua ez da soilik emakumeek mugaren bi aldeetako familia aunitzen biziraupenerako funtsezkoa izan zen jarduera batean izan zuten papera gogoratzea eta bi haranetarako diru-sarrera eta merkataritza iturri garrantzitsu hau mahai gainera ekartzea. Kontrabandoak, behar ekonomikoa izateaz gain, Baigorri eta Baztango herrien arteko elkartasun sareak ehundu zituen, ezarritako oztopoak oztopo, komunitateek bat eginda mantentzen jakin dutela erakutsiz.

    Herritar guztiak gonbidatzen ditugu ekitaldi honetan parte hartzera. Bertan, historia, euskara, landa-garapena, horien arteko harremanak, ekonomia eta memoria kolektiboa ere baden emakumeen memoria uztartzen dira, zubiak eraikitzeari eta beren komunitateen garapenean eta familiaren sostenguan presentzia handia izateari inoiz utzi ez zioten emakumeen papera aldarrikatzeko.

    Ekitaldiari buruzko informazioa:

    • Eguna: 2024ko urriaren 30a, asteazkena
    • Ordua: 18:00
    • Lekua: Arizkunenea

    Animatu zure komunitatearen historia ezagutzera!

     

    Ekitaldi hau Nafarroako Gobernuak finantzatutako mugaz gaindiko proiektu baten parte da.

    Adierazpen instituzionala:

    URRIAK 15, LANDA EREMUKO EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA: LANDA EREMUKOAK KONPLEXURIK GABE

    Aurten ere, Berdintasun teknikaridun Nafarroako Toki eta Lurralde Entitateok, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egin dugu,Landa eremukoak konplexurik gabe lelopean, landa-garapenean emakumeek egiten duten ekarpen erabakigarria aitortzeko.

    Gaurko egunean, emakumeek landa-ingurunean jendartean berdintasuna lortzeko egiten duten borroka aldarrikatzen eta ospatzen da, eta, horrekin batera, merezitako omenaldia egin nahi zaie landa-eremuko emakumeei, garapen ekonomiko, sozial eta iraunkorrean eta landa-eremuko udalerrietan biztanleria finkatzean duten eginkizun estrategikoa aitortuz.

    Emakumeak nekazariak edo abeltzainak dira, baita enpresaburuak, ekintzaileak, artistak, kirolariak, zaintzaileak, politikariak… Aniztasun horrek agerian uzten du komunitateetan betetzen duten zeregin anitza eta funtsezkoa. Bertzeak bertzte, emakumeen parte-hartze politikoa alkatetza eta kontzejuetako presidentzien % 32 da, Estatuko batez bertzekoa baino % 7,5 gehiago. Gainera, Nafarroako emakumeak landa-ekintzailetzaren buru dira: Nafarroako hiru landa-ekintzaileetatik bi emakumeak dira.

    Azkenik, azkeneko datuen arabera, emakumeen ia bikoitzak gizonek baino goi-mailako titulazio gehiago ditu, % 52,7ko tasa du unibertsitateko ikasketekin, eta gizonen kasuan, berriz, % 45,3koa da.

    Testuinguru horretan, Landa Garapenerako Foru Legearen zirriborroa garatzen ari da, eta, bertan, Landa Eremuko Emakumeen Estatutua txertatzea aurreikusten da, emakumeek Nafarroako landa-ingurunean duten eginkizuna aitortzeko eta indartzeko funtsezko alderdi gisa.

    Araudi horrek aukera eta berme bat ematen du tratu- eta aukera-berdintasuna sustatzeko, sektore guztietan emakumeen presentzia sustatzeko pizgarriak emanez, landa-eremuko emakumeen talentu eta berrikuntza-gaitasuna indartuz, eta lurraldeetako trebakuntza eta prestakuntza feminista hobetuz. Era berean, funtsezkoa da indarkeria sinbolikoak desagerraraztea, tradizioz esleitutako rolekin lotzen diren landa-eremuko emakumeen diskurtsoa, ideietan eta irudikapen desegokietan nahastuta baitaude.

    Horregatik guztiagatik, Nafarroako Toki eta Lurralde Erakundeok aurten ere urriaren 15a ospatuko dugu, berdintasun politika publiko aktiboak, zeharkakoak eta intersekzionalak lantzeko konpromiso irmoarekin. Funtsezkoa da landa-eremuko emakumeak benetako berdintasun-egoeran jartzea, beren bizi-baldintzak hobetzeko garapen pertsonal eta profesionaleko dibertsitatea eta inguruabar espezifikoak kontuan hartuta.

     

     

    ERLAZIONATUTAKO EKITALDIAK

    Volver arriba