Elkarretaratze instituzionala – AZAROAK 25 – “Indarkeria matxista digitalak baditu ondorio errealak”

2025eko azaroak 25 | 12:00

Arizkunenea

Foto evento

    Baztan bat egin du “Indarkeria matxista digitalak baditu ondorio errealak” kanpainarekin eta herritarrak deitu ditu azaroaren 25eko elkarretaratze instituzionalera

    Urtero bezala, Baztango Udalak bat egiten du Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunarekin (azaroaren 25a), eta bere konpromisoa berresten du emakumeen eta nesken kontrako indarkeria matxista forma guztien aitzinean. Berdintasunaren aldeko borrokan jarraitzea eta emakumeek beldurrik gabe, askatasunez eta eskubide osoz bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzea da helburua. Indarkeria matxista denborarekin aldatzen eta egokitzen da, baina gure salaketa, gaitzespena eta aldarrikapena irmo mantentzen dira.

    Aurtengo kanpainak indarkeria matxista digitala paratu du erdigunean, gure gizarteko arazo berri baina oso erreal gisa. “INDARKERIA MATXISTA DIGITALAK BADITU ONDORIO ERREALAK” lelopean, azpimarratu nahi da sarean eta ingurune digitaletan gertatzen denak ondorio larriak, ukigarriak eta mingarriak dituela, eta ezin dela ezkutuan edo isilean geratu.

    Kanpaina hau Nafarroako toki eta lurralde entitateetako Berdintasun Teknikariek sortu eta bulkatu dute, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren laguntzarekin, eta Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Estatu Itunaren babesa du. Kanpainak material grafikoa eta Nafarroa osoko udalerriek sinatutako adierazpen instituzional bateratua jasotzen ditu, mezuaren batasuna eta konpromiso kolektiboa sendotuz.

    Baztango kasuan, adierazpen instituzional hori urrian udal plenoan aho batez onartu zen, eta azaroaren 25ean, eguerdiko 12:00etan, Elizondoko plazan eginen den elkartaratze instituzionalean irakurriko da.

    Elkarretaratze instituzionala: Azaroak 25, asteartea – 12:00etan – Elizondoko plaza

    Irakurri aho batez Baztango Udaleko urriko osoko bilkuran onartutako adierazpen instituzionala: https://labur.eus/A25adierazpena

    Deskargatu irakurketa errezean hemen.

    Gainera, Baztango Udalak azaroaren 25aren inguruko jarduera-egitaraua prestatu du: antzerkia, hitzaldiak, hausnarketa-ekintzak eta ihes gela familiar bat, bertzeak bertze.

    Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu ekintza hauetan parte hartzera eta indarkeria matxistaren kontrako borrokan aktiboki inplikatzera, jendarte bidezko eta berdinzaleago baten alde.

    Materialak, antolatutako ekintzak eta informazio guztia, hemen: https://labur.eus/azaroak25-2025

    ERLAZIONATUTAKO EKITALDIAK

    Volver arriba