Gaizka Sarasola Iartzabalek irabazi du IX. (H)ilbeltza beka

Euskara_as

Gaizka Sarasola Iartzabalek irabazi du (H)ilbeltza sormen beka

‘Mug(H)erri I’ izeneko eleberri proiektua aurkeztuta gailendu da. Adineko emakume bat du protagonista, urteetan atzerrian izan eta erretiroa hartu ondoan sortetxera itzuli den andre bat. Txalapartak plazaratuko du nobela, 2026ko abenduan.

Baztanek aspalditik du euskal nobela beltzarekin lotura. Izan ere, Jose Antoni Loidiren Hamabost egun Urgainen eta Mariano Izetaren Dirua galgarri izan ziren lehendabiziko euskal nobela beltzak. Euskal Nobela Beltzaren astearen harira sortu zen beka. Beraz, esan dezakegu Baztan euskarazko nobela beltzaren erreferentziazko eskualdea dela.

Lehenbiziko edizioa sormen beka izan zen, Miel A. Elustondok irabazi zuen eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019ko hasieran. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska nobela euskaratu eta aurkeztu zuen Josu Barambonesek. Hirugarrenik, Miren Gorrotxategik irabazi zuen sormen beka, eta Sotoan gordeak izan zuen emaitza. Laugarren beka Koldo Bigurik jaso zuen Massimo Carlottoren eleberri bat italieratik itzultzeko, eta Agur maitea, ikusi arte izena jaso zuen. Bosgarren beka Eneko Barberenak jaso zuen, eta 2023ko ilbeltzean izan zuten solasgai Suak erreko ez balu. Seigarrenean, Beñat Irastorzaren lagina saritu zen, eta Fred Vargasen Altxa, hildakoak argitaratu. 2025eko ilbeltzean aurkeztu genuen Joxan Oizen Amazurtza eleberria, eta, dena onbidean, urtea amaitu aitzin argitaratuko dugu Amaia Apalauzak euskaraturiko Guillem, Nùria Cadenasen eleberria.

 

Bekaren antolatzaileak:

  • Baztango Udala
  • (H)ilbeltza elkartea
  • Txalaparta argitaletxea

Epaimahaia:

  • Fernando Anbustegi, Baztango alkatea.
  • Joxan Oiz, (H)ilbeltza elkarteko ordezkaria.
  • Garazi Arrula Ruiz, Txalaparta argitaletxeko ordezkaria.

Lagin irabazlea: Gaizka Sarasola Iartzabalen “Mug(H)erri I”
Epaimahaikideek azpimarratutakoa:

Baztan izan daitekeen landa eremuan kokatzen du istorioa egileak; horrela, lokalizazioak istorioari hurbiltasuna emateaz gainera, landa giroaren bizitzaren eta bilakaeraren erradiografia bat egiten du, betiere klixeetatik ihes egin nahian. Fantasiari eta errealismo magikoari ere keinu egiten dio, genero beltzean hain ohikoa ez dena, eta arteaz ere gogoeta egiten du. Alde horretatik, (H)ilbeltza bekaren parametroekin bat eginik ere, ezohiko elementuak txertatzen direla goraipatu du epaimahaiak, eta hizkera landua erabiltzeak indartu egiten du proiektua. Zoriondu nahi dugu irabazlea eta baita epaimahaiaren lana zaildu duten gainerako proiektuak ere.
Saria: Lagin irabazleari 3.000€ emango zaizkio orain eta beste 3.000€ lana akitzerakoan.
Argitalpena: 2026ko abenduan argitaratuko du lana Txalaparta argitaletxeak, eta 2027ko (H)ilbeltza ekimenean aurkeztu.
Irabazleari buruz: Gaizka Sarasola Iartzabal (Lesaka, 1974). Txistulari eta musika irakaslea. Mairu Antzerki Tailerraren sortzaileetariko bat da. Talde horren zenbait lanetarako musika eta testuak sortuak ditu. Bi liburu argitaratuak ditu bere zenbait antzezlanen bildumekin: Erleak, satorrak, beleak (EDO!, 2016) eta Zerrakuretan (Susa, 2021). Musika arloan, Ixuriak (2004) eta Ez naiz deusen jabe (2007) diskoak kaleratuak ditu Xabier Erkiziarekin batera, eta LedSilhouette dantza konpainiaren Concavo-Convexo (2019) lanarentzat musika sortu du.

Volver arriba