Historia
Historiaurrea
Baztan behialako aztarna anitzen kokalekua da, antzinako hainbat oroitzapenek bere horretan iraun duten lurraldea. Ikerketa zientifikoek azaleratu dutenez, lehen baztandarrak haranean sortu, hil eta lurperatu ziren Kristo aitzineko XIII. mende aldera. Baztango arkeologia-aztarnategiek anitzetan piztu dute ikertzaileen arreta. Gure haranak hainbat historialari eta aditu ere erakarri ditu. Egun, zenbait baztandarrek jaso dute historialari haiek Baztango megalitismoarekiko erakutsi zuten grina, hala nola Josu Cabodebillak eta Itziar Zabalzak. Biek gidaliburu batean bildu eta katalogatu dituzte Baztango monumentu megalitiko gutziak.
Aztarna horietatik guzietatik honako hauek dira aipagarrienak, ezagunenak baitira: Urdintzeko monolitoa zein Otaltzuko eta Xolborroko trikuharriak (Legaten); Urkizteko, Luurzuko, Beoltringo, Autringo eta Zaluko trikuharriak eta Maistrugaineko eta Soalarko harrespilak. Horietaz gain, Urlegiko tumulua (Alkurruntzen) eta trikuharri hauek: Uztanborrokoa (Iruritan), Sorginetxoakoa (Erratzun), Errolanen pasabidekoa (Erratzu-Aldude geltokian) eta Oizakoa (699 metroko garaian, Elizondotik hurbil); gehi Otsondoko bertze bi, Legate inguruko bertze sei eta iruinarri bat; Lekarozkoa, Iparlako harrespila eta iruinarria, Elortako eta Aznabazterrako trikuharriak (Erratzun); Bagordiko iruinarria… Soalarko iruinarria bere lekutik kanpo aurkitu zen, lorategi pribatu batean, eta egun Baztango Museoan (Jorge Oteiza Museo Etnografikoa – Javier Ciga Bilduma izenekoan) dago jende guztiarendako erakusgai.
Erromatarrak eta Erdi Aroa
Hainbat eraikuntza motak haranera erromatarrak iritsi zirela erakusten digute. Baztango hegoaldetik Bordele eta Astorga lotzen zituen bidea pasatzen zen eta gero bide hori Santiagora zihoazen erromesek baliatu zuten. Oharrizko zubia izanen da, segur aski, erromatarren ondarerik aipagarriena, baina ezin dugu ahantzi Aritzakungo meategia, erraten baita erromatarrek han urre-hobi txiki bat aurkitu zutela. Zenbait mende geroago, Erromako Inperioak gure lurrak menderatzeari utzi eta gero, Nafarroako Foruko aitzinsolasean bildurik daude Baztani buruzko hurrengo aipamen historikoak, eta han erraten da musulmanen inbasioa ez zela lur hauetara ailegatu. Geroago, 1025. urtearen inguruan, Antso Handiak Baztango Jaurerria sortu zuen Semen Otsoanitzen alde; hau da, Jauregizarreko, Amaiurko eta Iruritako jauna zenaren alde. Alfontso I.ak Baztango erregetzat jo zuen bere burua, Zangozan 1132an jaulkitako dokumentu baten bidez. 1397ko maiatzaren 22an, Karlos III.ak, Elizondoko bizilagunek egindako eskariari erantzunez, hauxe adierazi zuen: “… sean e finquen guardados e mantenidos en sus condiciones de fidalguía e infançonía, en que decían haber estado a perpetuo” (Izan daitezela eta finka daitezela gordeta eta mantenduta kaparetasun- eta handizurentasun-egoeran, beti egon omen diren bezala). Errege-ondarearekin 1440an izandako auzian, aziendendako errege-mendietako larreen petxak ordaintzeari buruzkoan, bertze behin berretsi zen kaparetasun-eskubide hori. Baztango historiari buruzko ibilbide honetan Baztanek kondaira epikoetan utzitako aztarna ere aipatzeko modukoa da; errate baterako, Navas de Tolosako gudu ospetsuan parte hartu izana. Erraten denez, hortik dator gaur den egunean Baztango etxeetan ageri den armarria. Baina armarriaren jatorriaren gainean teoria bat baino gehiago daude (beherago informazio gehiago).
Nafarroako Erresuma
Nafarroako Erresumaren historian erreferentzia da Baztan, batez ere Amaiurko gaztelua eta haren defentsaren gudarengatik. Amaiurkoa, Nafarroako Erresumako azken gotorlekuetako bat izan zen, Gaztelako Erresumak egindako konkistan eroritako azken defentsetako bat. Maiz entzuten da Nafarroak independentzia 1512an, Noaingo gudua eta gero, galdu zuela. Hala jo ohi da, baina jakina da Nafarroako koroaren jarraitzaile leial batzuek, buru egin nahian, Amaiurko Gazteluan bilatu zutela aterpea, Lapurdiko mugatik arras hurbil.
1522 arte iraun zuten gazteluan, urte hartan Gaztelako armadak menderatu baitzituen. Hala ere, nafar haiek arras gogor eutsi zioten gaztelarren erasoari, eta, gutiago izanda ere, hainbat bataila eta sarraski jasateko gauza izan ziren setioak iraun zuen; 200 nafarrak ziren, gaztelarrak aldiz, 10.000 eta hauek, askoz hobeki prestatuta zeuden.
Gaztelarrak Antzinako Erresuma menderatu eta gero, Cisneros kardinalak, hau da, Errege-erregina Katolikoen konfiantza-gizonak, Nafarroak Gaztelari egindako erresistentzia gogora ekartzen zuten gotorleku edo defentsa-bastioi guztiak suntsitzeko agindu zuen. Hala, Amaiurko Gaztelua suntsitu egin zuten, Nafarroako bertze hainbat gaztelu bezala; zortzi edo bederatzi gazteluk bakarrik iraun zuten.
XVI-XIX. mendeak
XVII. mendearen erdialdetik ia-ia XIX. mendearen hasiera artio eta gure haraneko bizi baldintza gogorrak kontutan hartuz, nafar batzuek Madrilera jo zuten bizimodu hobe baten bila; haien artean baztandarrak ere baziren. Sorterritik alde egindako baztandar batzuk kargu garrantzitsuak eskuratzera iritsi ziren, bai Madrilgo gortean bai Ameriketan (gehienak hango herrialdeen konkistatzaile gisa). Baztanek ministroez, militarrez, eliz-pertsona, hornitzaileez eta merkatariez hornitu zuen Madrilgo gortea, eta, hain kopuru handia zegoen non Saltilloko Markesa Madril nafarrek (batik bat baztandarrek) menderatua zegoela erratera iritsi baitzen. Hala ere, kasu guzietan ez zen garaipen edota meriturik erdietsi eta anitzek jaioterrira bueltatu behar izan zuten.
Horiek guztiak baztandarren gutxiengo bat ziren zalantzarik gabe, haranean gelditu zirenak bertako bizimodu xumearekin jarraitu zuten aitzina, gehienak laborantza lanetan. Izurriteak gainditu behar izan zituzten, eta hori ez ezik gerra eta gosete handiak ere pairatu zituzten. Aipatzeko da halaber, Madrildik ere diru anitz jaso zutela haranean bertan gelditu ziren hainbatek eta horren adierazgarri Baztanen ikus daitekeen garai horretako arkitektura zibila dugu. Bertzalde, Baztanek garrantzi handia izan zuen Lehen Karlistaldian. Fernando VII.a hil eta gero, Karlos infantea Baztanen barna sartu zen, Portugaldik heldu zelarik, erregegaitako. Eta, atera ere, hemen barna egin zen, Dantxarineko mugatik Frantziara ihes egin baitzuen. Bertzeak bertze, Arizkunenea karlistendako gudu biltoki garrantzitsua izan omen zen. Horren aitzinetik, gertaera latzak izan ziren. 1835ean, erraterako, Espoz Mina jeneralak Lekaroz erre zuen.
XIX-XX. mendeetan, emigrazio haundia egon zen Ameriketara. Itsasoaren bertzaldera jo zuten baztandar gehienak baserritarrak ziren, urrutian aberastu baino, haien sortetxeak mantentzeko diru sarrera bat bilatzen zutenak alegia. Emigrazio horrek batez ere Mexiko, Argentina eta Estatu Batuak izan zuten helmuga eta alde gindako gehienak artzaintzan aritu ziren.
XX. mendea
Aipatzekoak dira 1913an Erratzun eta Elizondon izandako uholdeak, zalantzarik gabe, Baztanen inoiz gertatutako hondamendirik handienetako bat izan zirenak. 1936ean hasi zen Espainiako gerra zibilak eta ondorengo diktadura-aldi luzeak, bertze hainbat lekutan bezala, ondorio latzak ekarri zituen Baztanen ere. Euskara, abertzaleak eta ezkertiarrak jazarriak izan ziren. Horietariko anitzek ondoan dugun muga zeharkatzera behartuta ikusi zuten beren burua, bizirik segitzekotan. Bertzalde, alde egin ez zuten hainbat lagun preso hartu zituzten eta bertze anitz hil. Espainiar Estatuko bertze lekuetako preso errepublikarrak ere gure ekualdera ekarri zituzten lan behartuak egitera. Batez ere mendi errepideak eraiki behar izan zituzten Francoren erregimenaren esklabo gisa. Artesiagako errepidea, Irurita eta Eugi lotzen dituena erraterako, Francoren agintaldiko esklaboek sortua da. Bortxazko langileek pikotxaren kolpez kolpe ireki zuten NA-1740 errepidea. Egun, horien omenez oroitarri bat dago (Baztango Udalaren, Iruritako herriaren, Memoriaren Bideak elkartearen eta Geronimo de Uztariz Institutuaren ekimenez paratua).
Autarkia ezarri eta mugak itxi zirenez, baztandar anitzek bizimodua ateratzeko bide alternatiboa bilatu zuten: kontrabandoa. Delitu hura arte bihurtu zuten Baztango bizilagunek, hamaika modu asmatu baitzituzten mendiz eta eskuarki gauez garraiatutako salgaiak (parpailak, errodamenduak, aziendak eta abar) helmugara ailegarazteko. Hala, jornal gehigarria irabazten zuten, garai hartako bizimodu gogorrari buru egiteko. Lan gogorra zen kontrabandistarena, gehienak herritar apalak izanik diru gehigarri hori oso txikia izaten zen, egiazko botere eta dirua, gutxi batzuen eskuetan baitzegoen.
Bitxikeria historiko bat ere badugu Baztanen. Izan ere, Gerra Hotzaren garaian Estatu Batuetako armadak base militarra eraiki zuen Gorramendin eta han zaintza eta komunikazio lanak egiten ziren. Baztandarrek ustekabean eta harrituta ikusten zuten nola ailegatzen ziren lehen jeepak eta estatubatuarrak gure lurretara.
Agotak
Agoten lehen aztarnak XIII. mendeko dokumentuetan ageri zaizkigu. Sei mendez bizi izan ziren Pirinioetako haranetan komunitate bereizi gisa, eta inguruko herri guztiek baztertu zituzten. Haien ospe txarreko jatorriaren inguruan hainbat hipotesi daude. Zenbaiten ustez, legenardunen ondorengoak ziren eta horregatik baztertzen zituzten, kutsatzearen beldur baitziren. Bertze batzuen ustetan berriz, godoen ondorengoak ziren, larru zuria eta ile horia zutelakoz. Agoten ezaugarri fisikotako belarri-gingilarik ez zutela edo izatekotan belarrira atxikirik zutela erran izan da. Zer nahi ere den arrazoia, arrazoi ekonomikoak ere aipatu dira, areago Baztanen, agotek Arizkungo Bozate auzoa sortu baitzuten auzo-eskubideak eta kaparetasuna lortu nahi zituztelakoz. Dirudienez, orduko baztandarrek ez zuten horrelakorik onartzen, agotek ez baitzituzten “eskubide haiek lortzeko baldintzak betetzen”; antza, Baztango jatorria eta odol garbia izatea. Beraz, arrunt bazterturik zeuden eta ia-ia ez zuten eskubiderik. Ez zieten herri-lurrak lantzen uzten; ezin zuten errota erabili; elizetara sartzeko, ate bereziak zituzten (“Agote ateak”), eta gainera beti gibeleko aldean jarri behar izaten zuten elizetan. Nolabait ere bizirik irauteko, agotek abere-hiltzaile edo zurgin lanak bakarrik egiten ahal zituzten (uste baitzen zuraren bidez ez zela eritasunik kutsatzen), baina geroago, igeltsero, artisau eta musikari ere jardun zuten. Izan ere, arras onak omen ziren eskulanetan. Bozateko arkitektura ederra eta hango etxe bereizgarriak ikustea bertzerik ez dago horretaz ohartzeko. Bizi ziren lekuan bizi-baldintzak sobera gogortzen zirelarik, bizilekua aldatzen zuten. Urteek aitzina egin ahala, baldintzak samurtuz joan ziren eta, hala, agotak beren bizilekuetan finkatzen hasi ziren. Baztanen ere halaxe gertatu zen. Bozaten, XX. mendearen hasieran, agotak gizatalde bereizi eta baztertutzat hartzen ziren oraindik. Egun ere zenbait familiak beren agot jatorriaren oroipena atxiki dute.
2011n Iñaki Elizaldek “Baztan” pelikula zuzendu zuen. Filmak Baztango agoten iraganaz eta orainaldiaz gogoeta interesgarria egiten du, haren zuzendariak honela adierazia: «BAZTAN pelikula tamalez oso ezaguna den eta maiz errepikatzen den istorio unibertsal batetik sortu da: gehiengo batek gutxiengo bat du diskriminatua, animaliak bezala tratatua, ghetto batean. Behar bada, kasu hau bertze batzuetatik ezberdintzen duena, honako hau da: kasu honek hamar mendeetan Nafarroako iparraldeko bazter txiki batean (hain zuzen filmari izena ematen dion haranean) ezkutaturik gaur egun arte iraun izana».
Baztango armarria
Baztango armarria, oinarrian, xake-taularen itxurakoa da, eta laukiak beltzak eta zilar kolorekoak dira. Nafarroako zaharrenetako eta ezagunenetakoa da. Inguruan hainbat apaingarri izaten ahal ditu eta goitiko aldean, armarriaren buru, zaldun baten kasketa.
Jatorriari buruz, hipotesi aunitz daude eta, kasu gehienetan, elezaharren edo istorioren baten inguruan sortuak dira. Horrek, armarri hori Baztango ia etxe guztietan agertzea are garrantzitsuagoa egiten du. Teoria horietako batek 1212. urtera eramaten gaitu, Navas de Tolosako gudua izan zen garaira. Gerra horren ondotik, Antso VII. Azkarrak, Nafarroako Erregek, xake-taularen itxurako armarria eman omen zien baztandarrei, gerra-zelaian Erregeri laguntzeko izandako jarrera saritze aldera. Teoria zaharrago batek Antso Abarkaren erregealdia (970 – 994) du abiaunea. Antso Abarka Iruñeko Errege zelarik, frantziarrek atxilo hartu zuten eta, erraten denez, hainbat “jaunak” askatu zuten. Jaun horien artean Morentingoa, Oibarkoa, Lodosakoa bai eta Alfontso Gonzalez Baztangoa ere omen zeuden. Azken honi Erregek xake bat eman omen zion oparitako eta ordutik Baztango ikurrik kutunenetarikoa izan da. Nolanahi ere, haren jatorria dena delakoa dela, Baztango armarria inguru honetako edozein erakinetako nahitaezko osagai bihurtu da, etxe noblea nahiz baserria izan, aberatsa nahiz pobrea. Familiako norbait hiltzen zelarik, armarria zapi beltz batez estaltzen zuten.
Baztango kondairak eta mitologia pertsonaia nagusiak
Lamiak emazteki eder baten itxura du gorputzaren erditik goiti, eta arrain tankera, izokiarena hain zuzen, gerritik beheiti. Lamiak biziki atsegin du urrezko orrazi batez bere adats ederra orraztea, erreka bazter batean. Erreka putzuetan bizi ohi da (Xorroxinen, Arizkungo Lamiarritan…). Azpilkuetako lurretan, Meatzeta alderdian, behiala bi emakume lurperatu omen zituzten, biak lamiak ziren, eta tradizioaren arabera toki horretan sortzen omen dira ekaitz guztiak.
Sorgiñak emakume maltzurrak ziren aintzin-aintzinean. Hori da behinik behin, Baztango kondaira anitzetan kontatzen dena: haurrak bahitu eta Infernuko errekako lezeetara (Orabidean) eramaten zituztela.
Basajaun basoko jauna da, gizon handi eta izugarri baten itxura duena. Gorputza ilez estalia du, adatsa belaunetaraino iristen zaio, eta aurpegia, bularraldea eta sabela ia guztiz tapatzen dizkio. Kondairek eta ipuinek diotenez Basajaunek eraiki zituen gure inguruko megalitoak. Basajaun da ekaitza datorrelarik artaldea babesten duena. Deiadar egiten die artzaiei artaldea babesteko eta ez dio otsoari hurbiltzen uzten. Ardiek joareak batera mugitzen adierazten dute Basajaunen presentzia. Jeinuaren babesarekin lasai egon litezke artzaiak, otsoa ez da hurbilduko eta.