Amaiur

Amaiurren bista panoramikoaAltitudea: 281 metro.

Biztanleria 2005ean: 253 biztanle.

Iruñetik 58 km-ra dago. Herrira heltzeko N-121-B errepidea hartu behar da, eta Otsondo mendatea igotzen hasita, eskuinera dagoen desbideratzean herrira eramanen gaitu.

Aipatzekoak dira Amaiurren:

Amaiur 1665ean banandu zen Baztandik, eta 1969an, alegia, hiru mende gerora, berriz ere bat egin zuen Baztanekin.

Herriaren sarreran arkua dago, herriaren ataria; herrigunearen muga adierazten du. Arkua baino lehen XVII. mende-bukaerako gurutzarria dago.

Amaiur ohiko karrika-herria da, kilometro erdiko luzeran hedatua. Etxeen aitzinaldeak ez daude lerrokatuta, eta ez dira denak berdinak; hartara, karrikaren monotonia hausten da, eta perspektiba ezin hobeak ematen ditu. Amaiurko etxeak arkitekturaz anitzak eta aberatsak dira; izan ere, ibarreko kategoria tipologiko gehienak ageri baitira bertan.

Bertzalde, ondoren aipatzen diren etxeen eta jauregien jauregi-arkitekturaren itxura nabarmendu beharra dago:

  • Arretxea jauregia (45. zenbakia). XVI. mendean nagusia zen.
  • Borda jaurekia. 1728an lortu zuen oinetxe kategoria.
  • Arriada etxea. Bertan egiten ziren batzarrak XVI. mendean.

Hala ere, Amaiurko lekurik aipagarriena monolitoa da, inolako zalantzarik gabe. Monolitoa Nafarroako dinastiak bere lurraldea berreskuratzeko egin zuen azken ahaleginaren oroigarria da. Naxerako Duke eta Leringo Konde beaumondarren armadek gogor setiatu zuten gaztelu zaharra artilleria baliatuta. Jaime Velaz Medrano alkaidearen agindupean zeuden soldadu-talde agramondarrek gaztelua adore handiz defendatu bazuten ere, 1522an guztiz suntsitu zuten.

Armarrian ezkila eta xake irudia ageri dira, ibarrekoan ez bezala; honetan xake irudia baizik ez baita ageri. Erraten dute ezkilak Nafarroako Erregeak Lapurdirekiko mugan zuen zaintzailea adierazten duela. Erraten dute, halaber, Gazteluan zeuden soldaduei herriko aferen eta gorabeheren berri ematen zien ezkilaren oroigarria dela armarriko hori.

Herriko eliza, Jasokundearena, Erdi Arokoa da, XVI. eta XVIII. mendeetan hainbat aldiz berreraikia. Elizak “Cavaille-Col” organo erromantiko ederra du.

Herriko bestak abuztuaren 15ean dira, Jasokundearen Ama Birjinaren omenez.

Volver arriba