Azpilkueta
Altitudea: 367 metro.
Biztanleria 2005ean: 189 biztanle.
Iruñetik 59 km-ra dago. Herrira heltzeko N-121-B errepidea hartu behar da. Errepideko puntu batean, ezkerretara, Azpilkuetarako desbideratzea dago. Herriak lau auzo ditu: Arribiltoa, Apaioa, Urrasun eta Zuaztoi.
Aipatzekoak dira Azpilkuetan:
Azpilkuetan, Baztango hainbat eta hainbat lekutan bezala, lamien erreferentziak aurkituko ditugu. Herri honen inguruko mendi batean, Meatzeta parajean, hain zuzen ere, bi emakume lurperatu omen zituzten, biak ere lamiak. Tradizioaren arabera, bertan sortzen omen dira ekaitzak.
Bertzalde, Azpilkuetako jauregiaren arkitekturaren taxua azpimarratu behar dugu. Leinu-etxe hau San Frantzisko Xabierkoaren amaren sortetxea izan zen. Erdi Aroko dorretxea, defentsarako gotorlekua, Cisneros Kardinalaren aginduz birrindu zuten ia osorik 1516. urtean.
Azpilkuetako Apaioa auzoan, arkitektura-eredu ederra topatuko dugu, Iriartea etxea. Bere armarria Velázquezen garaiko koadro blasoidun barrokoa da. Armarriko kasket astun eta gogorraren lekuan, gizaki baten aurpegia dago, albora begira, garaiko artisten koadroetan agertzen zirenen antzekoa (aurpegiera, bibotea, kokotsa eta kapela). Oraindik ere koadro blasoidunak izan zuen kolorearen arrastoak ikus daitezke.
Eliza San Andresen ohoretan eraiki zuten. Barnealdean XVIII. mendearen bigarren erdialdeko erretaula-multzo aipagarria dago. Elizaren egungo itxura XVIII. mendean egin zen zaharberritze baten ondorioa da.
Herriko bestak uztailaren 7an dira, San Fermin egunean.