Ahalegin bateratu batean, Baztango Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Berdintasun Zerbitzuak, tokiko mugimendu feministarekin elkarlanean, ekimen bat iragarri dute herritarrak eta funtsezko eragileak prestatzeko, 2024an besta-inguruneetako indarkeria matxistei eta sexualei aurre egiteko eta artatzea eta prebentzioan aurrera pausuak egiteko asmoarekin.
Ekimen honen helburua komunitateko hainbat sektore inplikatzea da, indarkeria matxistak eta sexualak hautemateko, artatzeko eta prebenitzeko funtsezkoak direnak, sentsibilizazioaren eta prestakuntzaren bidez, eta nagusiki hiru taldetan zentratzen da: herri bakoitzeko besta-komisioak eta Baztandarren Biltzarreko kideak, ostalaritzako negozioak eta Brigada Moreak antolatzeko edo horietan parte hartzeko interesa duten herritarrak oro har.
Esku-hartze honen helburu orokorra da guztiontzat indarkeriarik gabeko besta-eremu seguru bat sortzea, errespetuaren eta berdintasunaren kultura sustatuz. Helburu zehatz gisa, honako hauek azpimarratu behar dira: batetik, eraso sexistaren eta sexualaren kontzeptuak argitzea; bertzetik, eraso sexisten aitzinean jarduteko protokoloa eta erantzun sozialaren protokoloa azaltzea; eta, azkenik, parte-hartzaileen kezkei edota zalantzei erantzutea, benetako kasu praktikoak landuz. Azkenik, komunitatearen gaitasuna hobetu nahi da, taberna batean, txosna batean edo gure herrietako kaleetan eraso bat gertatzen denean erantzun egokia emateko, esku-hartzearen kalitatea eta emakumeei ematen diegun laguntza hobetuz eta babesa handituz.
Saioak martxoan hasi ziren besta komisioei zuzendutako bi saioekin, 11 herritako ordezkariak eta Baztandarren Biltzarra antolatuz. Zoritxarrez, 4 herrik ezin izan zuten saioetan parte hartu, baina boluntarioendako saioetan prestakuntza berreskuratzeko aukera izanen dute: Irurita, Oronoz, Amaiur eta Ziga. Martxoaren 9an eta 16an egin ziren saio horiek, eta maiatza arte luzatuko den prestakuntza-zikloari hasiera eman zioten.
Apirilean, aste santuko egun gogorren ondotik, bailarako ostalaritza-negozioetara eramanen da fokua, eta 8 saio programatuko dira hilaren 17rako eta 22rako. Prestakuntza horiek ordubetekoak dira, eta langileak eta nagusiak beren establezimenduetan indarkeria matxista eta sexualeko egoerak identifikatzeko eta egoera horietan jarduteko beharrezko tresnez hornitzeko diseinatuta daude. Kasuei arreta emateko hainbat egoera eta baliabide publikoren aitzinean jarduteko moduei buruzko gomendio orokor batzuk emanen dira.
Ekimena maiatzean amaituko da, herritar guziei zuzendutako saio irekiekin, zehazki Brigada Moreetako kide izan nahi duten pertsonei zuzenduta dauden saioekin. Brigada horiek boluntarioz osatuta daude, eta bestetan eraso sexistak edota sexualak pairatu ditzaketen biktimei babesa eta arreta eskaintzeko zeregina izanen dute, kalean bertan. Edozein laguntza behar izanez gero, hurbilen dauden pertsonak izanen dira. Prestakuntza-saioak maiatzaren 4an eta 18an izanen dira.
Miren Orozkok, gaian aditua den profesionalak, sentsibilizazio- eta prestakuntza-saioak gidatuko ditu, eta parte-hartzaileei funtsezko ezagutzak emanen dizkie indarkeria matxistei eta sexualei buruz, alkoholaren eta bertze substantzia batzuen inpaktuari buruz, eta kasu horietan identifikazioa eta esku-hartze zuzena oztopatzen duten mitoak eta estereotipoak desmuntatuko ditu, bertzeak bertze.
Baztango Udalak dei egiten die Baztango sektore guztiei ekimen honekin bat egitera, gazteen parte-hartze aktiboaren eta tokiko negozioen garrantzia azpimarratuz. Eskutik helduta, besta-giro seguruagoa eta errespetuzkoagoa eraiki dezakegu guztiondako.
Prestakuntza-saioetan parte hartzeko edo Brigada Moreetan parte hartzeko informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan berdintasuna@baztan.eus, 613 003 634, gizartezerbitzua@baztan.eus, 689 035 078 kontaktuetan.