Ekainaren 28a Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da, eta egun horretan sexu- eta genero-aniztasuna ospatzen dugu, baita pertsona guztiek askatasunez, duintasunez eta berdintasunez bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu ere.
Azken hamarkadetan aurrerapauso handiak eman dira LGTBIQ+ pertsonen eskubideen aitortzan. Borroka kolektiboari eta mugimendu sozialen lanari esker, gaur egun gero eta gizarte irekiago eta anitzago batean bizi gara. Hala ere, oraindik ere badira diskriminazio egoerak, indarkeria adierazpenak eta gorroto diskurtsoak LGTBIQ+ kolektiboaren kontra, eta horiek erakusten dute berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko bidea oraindik egiteko dagoela.
Baztango Udalak berresten du pertsona guztien eskubideekiko, askatasunarekiko eta duintasunarekiko duen konpromisoa. Gure herriak, auzoak eta espazio publikoak seguruak eta inklusiboak izan behar dira, pertsona orok bere nortasuna eta bizi-proiektua askatasunez garatu ahal izateko.
Konpromiso hori bat dator Baztango II. Berdintasun Planarekin. Plan horrek udalaren jarduera estrategikoen artean jasotzen ditu sexu- eta genero-aniztasunaren inguruko sentsibilizazioa eta informazioa sustatzea, LGTBIQ+ errealitateak ikusgarri egitea eta berdintasuna eta giza eskubideak oinarri dituzten ekimenak garatzea.
Horren aitzinean, Baztango Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:
- Sexu- eta genero-aniztasunaren inguruko sentsibilizazio, informazio eta hezkuntza ekintzak sustatzen segitzea, bereziki gazteen artean eta herriko eragileekin elkarlanean.
- Udal langileen eta udal ordezkarien prestakuntza sustatzea, sexu-orientazioaren, genero-identitatearen eta genero-adierazpenaren inguruko ezagutza eta arreta egokia bermatzeko.
- LGTBIQ+fobiaren, diskriminazioaren eta gorroto diskurtsoen aitzinean jarrera aktiboa mantentzea, prebentzioa, salaketa eta erantzun instituzionala indartuz.
- Baztanen LGTBIQ+ pertsonen arteko topaketa, parte-hartzea eta antolakuntza sustatzea, erreferenteak, sare komunitarioak eta ekimen kolektiboak sortzen lagunduko duten espazioak bultzatuz.
- Baztango udal politika guzietan berdintasunaren, aniztasunaren eta giza eskubideen ikuspegia txertatzen segitzea, pertsona guztien ongizatea eta parte-hartzea bermatzeko.
Baztan aniztasunean oinarritutako bizikidetzaren erreferente izatea nahi dugu. Baztan guztion etxea da, eta etxe horretan pertsona guztiek izan behar dute beren nortasuna askatasunez bizitzeko aukera. Horregatik, Baztango Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira antolatuko diren ekimenekin bat egitera eta sexu- eta genero-aniztasuna errespetatzen eta baloratzen duen herri bat eraikitzen segitzera.
HARRO BAZTAN elkarteak hurrengo deialdi hau antolatu du. Animatu zaitezte parte hartzera!
