2021eko urriak 14

BAZTAN BERDINZALE BAT BULKATZEKO AUKERA BERRI BAT

Foto noticia

OLATU HONEN PARTE IZATEKO PREST?

Baztango Udalak benetako berdintasunaren aldeko apustu garrantzitsu eta beharrezkoa egin du 2021 honetan. Badakigu asko dagoela egiteko, bidea luzea izanen dela, baina Udalak bide horri indarrez ekitea erabaki du.

Berdintasun Zerbitzua berriz martxan paratu zen maiatzean, teknikaria kontratatu ondotik. Hilabete hauetan, batez ere, udal barnean berdintasun ikuspegia txertatzeko lanketa egin da, langileen gaitasunak indartzeko asmoz. Horretarako politikariekin eta teknikariekin bilerak eta sentsibilizazio saioak egin dira. Baina bertze urrats bat emateko unea da, gure herrien eta herritarren, eta, batez ere, gure emakumeen* eta nesken* beharrei erantzunen dion plangintza estrategikoa egiteko momentua.

Baztango emakumeok* erabaki nahi dugu zer nahi dugun, nola nahi dugun eta zein aukera eta oztopo ikusten ditugun. Erabaki horiek hartu nahi ditugu benetako berdintasuna lortzeko eta emakumeen* aurkako diskriminaziorik, desberdinkeriarik eta indarkeriarik gabeko bizitza bizi ahal izateko.

Horregatik, Baztango Udalak berdintasunaren alorrean orain arte egindako ibilbidean bertze pauso bat eman du aitzinera.  Hala, I. Berdintasun Planaren ebaluazioa eta erronka berrien identifikazioa ardatz dituen prozesua garatuko du, udalerrietan dauden aukerak aztertu eta prozesu zabal bat gauzatzeko. Horretarako, Baztango Udaleko teknikari zein ordezkari politiko guzien ahotsak eta esperientziak biltzeaz gain, Baztango udalerrietako emakumeen* bizipen eta errealitateak ezagutzeko bide-orria adostu dugu. Prozesua sustatzeko eta segimendua egiteko Talde Eragilea sortu dugu eta Elhuyarrek aholkularitza tekniko eta metodologikoa eskainiko du prozesu osoan zehar.

Prozesu honek zenbait hilabete iraunen du, eta helburu nagusiak I. Berdintasun Planaren ebaluazioa eta erronka berrien identifikazioa izanen dira; baina, horiez gain, prozesua bera ere garrantzitsua izanen da. Izan ere, beste hauek ere egiten ahaleginduko gara: elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko eremuak ireki, berdintasunean sentsibilizatu eta trebatzeko guneak eskainiko ditugu eta herritarren eta Udalaren arteko zubiak zein emakumeen* eta eragileen arteko sareak elikatuko ditugu. Hori guztia lortzeko, ezinbestekoa izanen da herrietako emakumeen* zein Udaleko langile eta ordezkari politikoen inplikazioa eta erantzunkidetasuna. Prozesu emankor eta kolektiboa gauzatu nahi dugu Baztanen; berdintasunaren bidean, ortzi-muga berriak irekitzea ahalbidetuko duen prozesua.

Horrela, lehen saioa emakume* migratuekin eginen dugu; bigarrenik, eskualdeko beste zenbait alorretan diharduten emakumeekin (kultura, kirola, politika, hezkuntza, etab.) bilduko gara; hirugarren saioa lurrarekin harremana duten emakume* anitzen ikuspegiak eta ahotsak biltzeko eginen dugu (nekazaritza- abeltzaintza- sektorekoak, lurra lantzea gustoko dutenak, baserri inguruan bizi direnak, etab.). Indar eta interes berezia jarri nahi dugu azken saio horretan, eskualdeko herri guztietako emakumeak* gertura daitezen, Baztango errealitatearen argazki zintzo eta erreala izan dezagun. Azken asmo horri loturik, Baztango udalerrietako 15 alkate juratuekin ere bilduko gara Baztango errealitatea osorik ezagutu eta erronka berrien definizioa ahalik eta errealena izan dadin.

  • Emakume* migratuekin lan-saioa: urriak 14, osteguna, 15:00 – 17:00 bitartean, Arizkuneneako batzar gelan (1go solairua)
  • Zenbait alorretan ari diren emakumeekin* (kultura, kirola, politika, hezkuntza, etab.): urriak 20, asteazkena, 17:00 – 18:30, Arizkuneneako batzar gelan (1go solairua)
  • Baztango udalerrietako 15 alkate juratuekin: urriak 27, asteazkena, 17:00 – 19:00, Arizkuneneako batzar gelan (1go solairua)
  • Lurrarekin harremana duten emakumeak* (nekazaritza- abeltzaintza- sektorekoak, lurra lantzea gustoko dutenak, baserri inguruan bizi direnak, etab.): azaroak 10, asteazkena, 17:00 – 18:30, Arizkuneneako batzar gelan (1go solairua)
  • Mugimendu Feministarekin zein eragile esanguratsuekin eta herritar guziekin kontraste saioa: abenduan izango da, data, lekua eta ordua zehazteke

Akitzeko, prozesuan zehar jasotako informazioarekin osatuko den txostena udalerriko Mugimendu Feministarekin zein  eragile esanguratsuekin eta herritar guziekin partekatuko dugu. Bertan, ekarpen berriak jaso, hausnarketarako eta baloraziorako tartea ireki eta azken txostena osatuko dugu.

Ariketa kolektibo horretatik, Baztango udalerriak bizi duen errealitatea ezagutu eta berdintasunaren alorrean dituen erronkak definituko ditugu. Emakumeentzat* bizigarriak diren bizitzak eta herriak eraikitzen jarraitu nahi du Udalak. Genero-bereizkeriarik gabe, gizon* eta emakume* orok elkarbizitza osasuntsu, parekide eta justua izan dezaten abiatuko dugu prozesua, zeina eraldaketa sakon baten zati txiki bat bertzerik ez den.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Imagen 2026ko Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta Baztango Udalak aho batez onartutako adierazpen instituzionala

2026ko Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta Baztango Udalak aho batez onartutako adierazpen instituzionala

Baztan aniztasunean oinarritutako bizikidetzaren erreferente izatea nahi dugu. Baztan guztion etxea da, eta etxe horretan pertsona guztiek izan behar dute beren nortasuna askatasunez bizitzeko aukera. Horregatik, Baztango Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira antolatuko diren ekimenekin bat egitera eta sexu- eta genero-aniztasuna errespetatzen eta baloratzen duen herri bat eraikitzen segitzera.

Imagen Bizirauteko sareak ehunduz: indarkeria matxista pairatu duten emakumeei zuzendutako laguntza psikoedukatibo eta musikoterapeutikoko landa-proiektu batek saria jaso du

Bizirauteko sareak ehunduz: indarkeria matxista pairatu duten emakumeei zuzendutako laguntza psikoedukatibo eta musikoterapeutikoko landa-proiektu batek saria jaso du

Baztango Udalak, Bortzirietako eta Malerrekako Mankomunitateekin batera, aitortza jaso du Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Tokiko Jardunbide Egokien Lehiaketaren X. edizioan (2025-2026), FEMPk eta Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzak antolatutako deialdian, “Babesgune terapeutiko egonkorra: indarkeria matxistaren biktima eta biziraule diren emakumeendako laguntza psikoedukatiboa eta musikoterapeutikoa” proiektuari esker.

Volver arriba