LGTBIQ+fobiaren kontrako Nazioarteko Eguna
Baztango Udala Foru Gobernuak maiatzak 15eko osoko bilkuran LGTBIQ+fobiaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta onartutako adierazpen instituzional honetara atxikitzen da:
“Maiatzaren 17an, LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, LGTBI+ pertsonentzat garrantzi handia duen mugarri historiko bat gogorarazten da. 1990ean, Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasunen nazioarteko sailkapenetik kendu zuen homosexualitatea. Hori aurrerapauso nabarmena izan zen LGTBI+ pertsonen duintasuna eta eskubideak onartzeko bidean. Transexualitatea, berriz, 2022ra arte ez da despatologizatu. Izan ere, urte horretan eskuliburu hori azkenekoz eguneratu zen arte, nahasmendu mentalen atalean jasota zegoen.
Horregatik, gaurko egunean, Nafarroako Gobernuak erabat arbuiatu nahi du LGTBIfobia dakarren edozein adierazpen, eta berresten du LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsan duen konpromisoa.
Azken hamarkadetan, aurrerapen handiak egin dira LGTBI+ eskubideen arloan: LGTBI+ pertsonen eskubideak aitortzen eta bermatzen dituzten zenbait lege onetsi dira, bai Nafarroan, bai Espainian, eta horrekin batera gizartean aldaketak eta aurrerapenak egin dira. Hori guztia erakundeen eta kolektiboen lan koordinatuaren eta konpromisoaren emaitza da. Izan ere, erakunde eta kolektibo horiei aitortu eta eskertu behar zaie lan nekaezina egin dutela LGTBI+ pertsonen eskubideen alde.
Hala ere, hainbat lorpen izan badira ere, egungo testuingurua erronka handia da, kezkaz ikusten ari baikara nola ari diren areagotzen azken urte hauetan gorroto-delituak eta diskurtso LGTBIfobikoak, erdietsitako aurrerapen eta eskubideak zalantzan jartzen dituztenak. Adibidez, azken bi aste hauetan gutxienez bi eraso homofobo izan dira, eta, jakina denez, indarkeria LGTBIfobikoaren adierazpen horiek icebergaren punta baino ez dira.
Nafarroako Gobernuarentzat, LGTBI+ eskubideak giza eskubideak dira, eta halakotzat babestu eta defendatu behar dira. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak, adierazpen honen bidez, indarkeria- eta diskriminazio-adierazpen oro gaitzesten du, eta berresten du konpromisoa duela LGTBI+ arloko politika publikoak egiteko, LGTBI+ eskubideak bermatu eta sustatzeko eta Nafarroa erkidego askotarikoagoa eta berdinzaleagoa bilakatzeko.”
Era berean, Baztango Udalak LGTBI pertsonen berdintasuna sustatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du, heteroarauari eta sexu-genero sistemari aurre egiten dioten praktikak dituzten pertsonen ikusgarritasuna sustatzen eta erreferenteak eskaintzen.
LGTBIQ+fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, zatoz Arizkunera eta gozatu arratsalde batez ZINEGOAKekin
Baztan kolorez eta aniztasunez betetzen da ZINEGOAK LGTBIQA+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren erakusketa batekin. LGTBI+fobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna ikusarazteko eta LGTBIQ+fobiarik gabeko bizitzak aldarrikatzeko ekintzen barruan, LGTBIQ+ gaiko film laburren eta dokumentalen proiekzioa iragartzen dugu. Proiekzio hau Arizkunen izanen da maiatzaren 16an, 18:30ean, Medikuaren Etxean.
Inklusioa, aniztasuna eta arte zinematografikoa ikusten eta aldarrikatzen ditu, emozioak eta hausnarketak ekarriko dituen arratsalde berezi honetan. ZINEGOAKek LGTBIQ+ komunitatearen esentzia atzematen duten lanen aukeraketa bat dakar, bere istorio, borroka eta garaipenen leiho paregabea eskainiz. Kontu handiz aukeratutako film labur eta dokumental hauek LGTBIQ+ komunitatearen esperientzien ikuspegi intimoa emateaz gain, aniztasunaren eta errespetuaren garrantziari buruzko hausnarketa eta elkarrizketara gonbidatzen gaituzte.
Hitzordua ezinbertzekoa da LGTBIQ+ zinemak eskaintzen duen kultur eta giza aberastasunean murgildu nahi dutenendako. Proiekzio honetan parte hartzea ez da bakarrik arte zinematografikoaz gozatzea, elkartasun eta ulermen mugimendu batekin bat egitea ere bada. Aniztasuna onartzeari eta errespetatzeari dagokionez oraindik erronkak dituen mundu honetan, funtsezkoa da LGTBIQ+ komunitatearekin batera ikastea eta haztea.
Zatoz eta bat egin aztarna utziko duen esperientzia zinematografiko honekin!
- 2024ko maiatzaren 16a, 18:30ean, Arizkungo Medikuaren Etxean
Informazio gehiagorako, 613 003634 edo berdintasuna@baztan.eus eta segitu gure sare sozialak.
Zu han ikustea espero dugu!