2023ko abenduak 13

Baztango Udalak emakumeen kontrako indarkeriaren aitzinean jarduera koordinatzeko lehen tokiko protokoloa sinatu du

Baztango Udalak bere lehen protokoloa sinatu du, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako prozedurak eta ekintzak koordinatzeko. Sinadura ekitaldian, Nafarroako Berdintasun Institutuko, Osasunbideko eta Gobernu Ordezkaritzako ordezkariak izan dira, Baztango Udalak indarkeria matxista kasuak artatzeko eta desagerrarazteko duen konpromisoa islatzen duen urrats esanguratsu hori babesteko.

Foto noticia

Nafarroako Berdintasun Institutuak, Osasunbideko ordezkariek eta Gobernu Ordezkaritzak protokolo hau sinatzeko ekitaldian parte hartu dute, eta, honekin, Baztango Udalak urrats berriak eman ditu indarkeria matxistak artatzeko eta desagerrarazteko.

Emakumeen kontrako indarkeria giza eskubideen urraketa larria da, eta milioika emakume eta nesken bizitza baldintzatzen du. Egiturazko indarkeria da, eta gizonek emakumeen kontra egiten dute, definizioz. Indarkeria horrek hainbat adierazpen ditu, eta kalte sakonak eragiten dizkie indarkeria jasaten duten bizirik irauten duten emaztekiei, haien familiei eta inguruneari, eta, ondorioz, baita gure jendarte osoari ere, genero-rolak eta -estereotipoak eta oraindik ere oso nabarmena den desberdinkeria betikotuz. Emakumeen kontrako indarkeria motak dira indarkeria fisikoa, sexuala, psikologikoa eta indarkeria ekonomikoa.

Errealitate hori ez da Baztandik kanpo geratzen; izan ere, toki guztietan bezala, indarkeria-kasuak erregistratzen dira, eta egoera tamalgarri hau bizi duten emakumeak eta familiak artatzen dira. Kontziente gara udalaren esku-hartzeak dituen mugez (baita tokiko, foru eta estatuko baliabide guziak martxan jartzen dituen arreta integralak dituen mugez ere, zenbakiek ez dute gezurrik erraten, eta aurten inoiz baino kezkagarriagoak izaten ari dira), eta horregatik bertze urrats bat eman nahi dugu egiten dugun prebentzioa eta arreta hobetzen segitzeko.

Gaur goizean sinatzen dugun Protokolo hau udalaren esku-hartzearen esparruan egin da eta urte eta erdiko lan-prozesu baten amaiera da, baita protokoloa martxan paratzeko bide berri baten hasiera ere. Protokolo hau errealitate bihurtzeko, udaleko, eskualdeko eta Nafarroako baliabide eta zerbitzu desberdinetako langileek, Baztanen indarkeria matxistatik bizirik atera diren emaztekiek eta Baztango politikariek parte hartu dute prozesuan. Hori guzia, udaleko berdintasun-arloak bulkatuta eta koordinatuta. Baztango Emaztekien Kontrako Indarkeriaren aitzinean Jarduteko I. Koordinazio Protokolo honek udaleko talde politiko guztien aho bateko konpromisoa izan du, 2023ko uztailean onartu baitzen osoko bilkuran.

Dokumentu honen helburu nagusia erantzun egokia ematea da eta esku-hartze koordinatua eta homogeneoa, espezializatua, integrala, kalitatezkoa eta genero-ikuspegia duena egitea da, betiere egiten dugun arretak emakumeen eta nesken ahalduntzea bulkatzea helburu gisa izanda.

Sinadura Baztango Udalean egin da, eta bertan parte hartu dute Patricia Abad INAI/NABIko zuzendari-gerenteak, Fernando Anbustegi Baztango alkateak, Montserrat De la Fuente Hurtado Nafarroako Osasun Zerbitzuko Arreta Soziosanitarioko Ataleko buruak eta Izaskun Pombo Munilla Nafarroako Osasun Zerbitzuko Iruñeko Eremuko Sexu eta Ugalketa Osasuneko Ataleko buruak. Bertan izan dira, halaber, Baztango Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako, Osasun Zentroko eta Sexu eta Ugalketa Osasuneko Zentroko ordezkariak, bai eta emakumeei eta haien familiei arreta ematen diharduten segurtasun-indarrak eta Estrella Lamadrid, Gobernuaren Ordezkaritzako Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Koordinazio Unitateko burua.

Protokoloaren funtsezko elementuetako bat da emakume horien arretan inplikatutako baliabideak koordinatzea, tokiko koordinazio-mahai bat planteatuz. Mahai horretan honako hauek izanen dira ordezkariak: Baztango Udaleko Berdintasun Zerbitzua, Baztango Oinarrizko Gizarte Zerbitzua, Iruñerriko eta Iparraldeko Genero-indarkeriaren Biktimei Arreta Integrala emateko Taldea (EAIV), Gobernuaren Ordezkaritza, Baztango osasun-zentroa, Elizondoko sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroa, eta Foruzaingoa eta Guardia Zibila.

Koordinazio-tresna gisa, aldizkako bilerak proposatzen dira inplikatutako baliabideen artean, kasuen jarraipena egiteko eta haien bilakaeraren eta gorabeheren erregistro homogeneo bat egiteko. Erreferentziako ebaluazio-fitxa bat erabiliko da kasuaren larritasuna eta aktibatu beharreko tresnak zehazteko. Gainera, lau urtean behin protokoloa berrikusteko konpromisoa hartzen dute, erabiltzaileen asebetetzean oinarrituta.

Protokolo hori Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan egin da, eta, beraz, emakumeen aurkako indarkeria-egoerei erantzuteko koordinazio-prozedurak toki-erakundeetatik homogeneizatzeko oinarriak ezartzen ditu. Era berean, indarkerian espezializatutako baliabideen kudeaketa optimizatu nahi du, emakumeen eta haien familien birbiktimizazioa saihestuz. Beraz, bide berri baten hasiera da.

IRAKURRI EMAZTEKIEN KONTRAKO INDARKERIAREN AITZINEAN JARDUTEKO I. KOORDINAZIO PROTOKOLOA HEMEN.

IRAKURRI ERASO MATXISTEI ERANTZUTEKO PROTOKOLOA HEMEN.

NOTICIAS RELACIONADAS

Volver arriba