2025eko urtarrilak 16

Baztango Udalak “Oinarrizko Brikolaje lantegia” abian jartzen du emakumeendako*

Udalerriko emakume* guztiei zuzendutako ekimena. Tailer praktiko honetan matxuratutako etxeko ohiko tresnetan konponketa ttikiak egiteko beharrezkoak diren oinarrizko ezagutzak eta behar diren erremintak erabiltzen ikasiko dute.

Foto noticia

Baztango Udalak, Berdintasun zerbitzuaren bidez, “Oinarrizko Brikolaje lantegia” martxan jarriko duela jakinarazten du, udalerriko emakume* guztiei zuzendutako ekimena. Tailer praktiko honek etxeko mantentze-lan arruntetan ohiko tresnak erabiltzeko autonomia, konfiantza eta esperientzia sustatzea du helburu, hau da, matxuratutako etxeko ohiko tresnetan konponketa txikiak egiteko beharrezkoak diren oinarrizko ezagutzak eta behar diren erremintak erabiltzen ikasiko dute.

Ikastaroak bost saio izanen ditu, bakoitza 2 ordu eta erdikoa, eta Elizondoko Lanbide Eskolan emanen dira. Saioak otsailaren 19an hasiko dira eta martxoaren 26an amaituko dira, asteazken guztietan 17:45etik 20:00etara.

Tailerrean zehar, parte-hartzaileek destornilladoreak erabiltzen, iltzeak sartzen eta ateratzen, karrakarekin eta karrakarik gabe torlojuak sartzen, perkutorearen erabilera ezagutzen, zerra eta egurra eta burdina mozten, kableak zuritzen, lixatzen, segatzailea eta baita entxufe eta etengailuetan oinarrizko konponketak egiten ere ikasiko dute. Gainera, luzagailuak eraikitzea eta etxean gertatzen diren itzalaldiak konpontzea bezalako lanak ere landuko dira.

Ekimen honek jakinmina eta autokontzientzia sustatzeko diseinatuta dago, jendarte tradizionaleko rolak oraindik ere emakumeen garapen pertsonal eta profesionala mugatzen duen gizarte batean ahizpatasuna bulkatuz. Tailer honen bidez, Baztango Udalak emakumeek beren etxeen oinarrizko mantentze-lanak modu autonomoan kudeatzeko gaitasunak garatu ahal izateko ahalduntze espazioak sortzea bilatzen du.

Parte hartu nahi dutenek otsailaren 12a baino lehen izena eman behar dute, berdintasuna@baztan.eus helbidera posta elektronikoa bidaliz edo 613 003 634 telefono zenbakira deituz (whatsapp ere bai). Plazak mugatuak dira eta Baztanen erroldatutako emakumeei lehentasuna emango zaie, izen-emate ordenaren arabera esleituko dira plazak.

Anima zaitez parte hartzera eta ezagutu zure eskuekin lor dezakezun guztia!

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Imagen TRANSIZIOAN ZAINDUZ

TRANSIZIOAN ZAINDUZ

Baztango Gizarte, Kirol eta Berdintasun Zerbitzuek klimaterioan eta menopausian ongizate integrala sustatzeko programa bat martxan paratuko dute.

Imagen Baztango Gizarte eta Berdintasun Zerbitzuek AMARTEANen edizio berri bat sustatu dute

Baztango Gizarte eta Berdintasun Zerbitzuek AMARTEANen edizio berri bat sustatu dute

2026ko lehen edizioaren esperientziaren ondoren, taldeak ikasturte berri bati ekinen dio, berriz ere amen parte-hartze aktiboa baliatuz. Horregatik, saioak hasi aurretik antolaketa-bilkura bat eginen da, eta bertan parte-hartzaileek elkarrekin erabakiko dituzte taldearen funtzionamendua, saioen maiztasuna, ordutegiak, datak, landu nahi dituzten gaiak eta lan egiteko modua.

Volver arriba