
BAZTANGO UDALA ITXITA ABENDUAREN 12, 13 ETA 14AN
Baztango udala itxita
Heldu den astean ospatuko dira Elizondoko Santio bestak. Besta giroak hartuko ditu karrikak, eta denek ongi pasatzea izanen dugu helburu. Halere, denek ez ditugu bestak modu berean bizitzen, hori argi dago. Indarkeria sexistek eta horiek pairatzeko mehatxuek emakumeen eta LGTBI+ pertsonen gozamena mugatzen dute, desberdintasun handi bat sortuz. Bestak bizitzaren erdigunean daude, ideia eta baloreen munduarekin estuki lotuak daude eta, hortaz, herriaren nortasunarekin eta jendarte egiturarekin ere bai. Bestetan burutzen diren ekintzak erranahi politiko eta sinbolikoa duten kultur adierazpenak dira eta gure kultura ezaugarritzen dute. Topaketa- eta harreman-guneak izaki, gainerako jendarte-testuinguruak bezala, batzuetan jokabide sexisten agertoki bihurtzen dira, pertsona guztiek bestak askatasunez gozatzea eragotziz.
Indarkeria sexistak boterearen erabilera bat dira, eta eraso sexistetatik hasita (hitzezko jazarpena, iraintzea, etab.) sexu-eraso larrienetaraino hel daitezke. Adierazpen horiek guztiek indarkeriaren continuum bat sortzen dute, desberdinkeria eta diskriminazioa, sexuei lotutako rolak eta estereotipoak abiapuntu dituena, eta gure jendartean oraindik ere aunitzetan azaleratzen direnak. Ligatzeko insistentzia edo hitzezko jazarpena bezalako ekintzak praktika, sinesmen edo estereotipo matxistekin lotzen dira, eta ohikoenak dira aisialdiko testuinguruetan, orain arte normalizatuak eta ikusezinak izan baitira.
Azken urteetan Udalak, gizarte-mugimenduek, hezkuntza-sistemak… genero-desberdintasuna errotik eraldatzeko lan bat egin dugu eta horretan sakontzen ari gara, baina oraindik aunitz dago egiteke. Bide horretan, beharrezkoa da emakumeek eta LGTBI+ kolektiboko pertsonek pairatzen duten diskriminazioa eta indarkeria sexistak artatzea eta horri erantzun koordinatu bat ematea.
Udalerriarekin dugun konpromisoak harreman-eredu berri bat, bidezkoagoa, berdinzaleagoa, lurraldeko balio matxistak behin betiko baztertuko dituena eraikitzea berekin dakar, eta hori erdiesten ez dugun bitartean, indarkeria horiek pairatzen dituzten emakumeei eta LGTBI+ pertsonei arreta ematen segituko dugu, desberdintasunak irauten duen bitartean indarkeria sexistak eta sexualak pairatzen segituko dugulako.
Alde horretatik, Baztango Udalak, Mugimendu Feministak eta Elizondoko herriak jarrera aktiboa agertzen dute emakumeen kontra besta-eremuetan eta horietatik kanpo egiten diren indarkerien aitzinean. Egindako ekintzen artean, batzuk diskriminazio positibotik egin dira, desparekotasun-egoerak zuzendu eta estereotipoak hautsiz, hau da, gutxietsitako taldeen bizi-kalitatea hobetzeko gizarte-politika eta eskubide zibilak erabiltzeko aukera emanez. Helburua talde horien aurkako diskriminazioa ezabatzea da, eta, horretarako, gutxietsitako talde bati lehentasunezko tratua ematea proposatzen da, errespetatua izatea erdietsi ondotik, pixkanaka aukera-berdintasuna ere lortzeko.
Ekintza positibo horietako bat da, erraterako, apirilean aho batez osoko bilkuran onartu zen Baztango Emaztekien Kontrako Indarkeriaren aitzinean Jarduteko I. Koordinazio Protokoloa. Emakumeak eta LGTBI+ kolektiboa babesteko protokolo bat da hau, Indarkeria Protokoloa, Udala eta bertzelako eragileak gizonek emakumeen eta LGTBI+ pertsonen gain egin dezaketen edozein indarkeria motaren aitzinean duen erantzukizuna eta erantzun koordinatua arautzen duena. Testu honetan indarkeria mota aunitz azaltzen dira, indarkeria fisikoez gain, bertze hainbat ere, adibidez irainak, mehatxuak edota mesprezuak; denak indarkeria gisa aintzat hartzen dira.
Jakina da halakoak gertatu direla bestetan azken urteetan, adibidez, mutil dantzen inguruan. Hauek ez errepikatzeko bidean, herritar guztiak Elizondoko plazan mutil dantza parekidean parte hartzera gonbidatzen ditugu, eta, bide batez, prebentzio gisa, hortik kanpokoak ez dantzatzeko eskaera ere egiten dugu, gure kulturaz eta folkloreaz berdintasunean eta elkarbizitzan oinarritutako baloreetan gozatzea bermatzeko. Modu berean, errespetuzko elkarbizitza hau hautsi dezaketen jarrerak eta ekimenak ekiditea eskatzen dugu, bestak denondako gozagarri izan daitezen.
Azken finean, helburua herritar guztiak emakumeen eta LGTBI+ kolektiboaren kontrako indarkeria guztiak ezabatzearen aldeko bidean parte aktiboa sentitzea da. Gizon helduei eta gazteei dei egin nahi diegu horretan lagun dezaten eta jokabide sexista eta indarkeria sexualen konplize izan ez daitezen, jokabide horiek adierazten eta desagerrarazten lagunduz. Bide beretik, emakume gazteei eta helduei dei egiten diegu edozein motako erasoei erantzutera eta bertze emakume batzuen eta mugimentu antolatuen babesa bilatzera, mugimendu feministarena adibidez.
Ekintza positiboen bertze adibide bat da ere Elizondoko bestetan indarkeria pairatzen dutenei laguntza eta erantzuna ematea. Zentzu honetan Iñarrosi Neska Gazteen Taldeko eta Elizondoko Besta Batzordeko boluntarioek Brigada Morea martxan paratuko dute.
Bestetako edozein eraso sexista edo sexualen aitzinean, besoko morea daramaten pertsonengana hurbildu eta behar duten arreta jaso ahal izanen dute herritarrek. Arreta mota aunitzetakoa izan daiteke: pairatutako erasoaren berri ematea, gertatutakoaren berri izateko eta etorkizunean prebentzio-ekintza zehatzak egin ahal izateko; osasun-zentrora edo poliziarengana laguntzea, beharrezkoa izanez gero; erantzun irmoa ematea, kaleak hartuz, erasorik onartzen ez dugula eta erasotzaileek gure gizartean lekurik ez dutela ozen errateko.
Erasoren bat pairatzen baduzu edo erasoa jasan duen norbait ezagutzen baduzu, pertsona horiengana jo, lagunduko dizute, gertatu zaizuna artatzeko zein baliabide dauden edo norengana jo azalduko dizute (laguntza psikologikoa, legala, sanitarioa, soziala…), eta behar duzun guztian ondoan izanen dituzu, babesa ematen.
Zalantzarik baldin baduzu edota informazio zehatzagoa eskuratzeko, jo ezazu Udaleko webgunera: https://www.baztan.eus/zerbitzuak/berdintasuna/erasoen-aitzinean-zer-egin/
Baztango udala itxita
https://hacienda.navarra.es/sicpportal/mtoSubastas.aspx?Cod=231123145422013FFB7E
https://hacienda.navarra.es/sicpportal/mtoSubastas.aspx?Cod=231123150016DA7560A9