2022ko abuztuak 4

Elizondoko bestetan gertatutako eraso sexistak gaitzesteko ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Elizondoko bestetan 5 emaztekik jasan dituzten intentsitate desberdinetako eraso sexisten aitzinean, Baztango Udaleko talde politiko guziek, Elizondoko Herriak eta Elizondoko Besta Komisioak adierazi nahi dugu erabat gaitzesten ditugula eraso sexista horiek, eta Mugimendu Feministak egindako elkarretaratze deialdian parte hartzeko eskaera luzatzen diogu Baztango herritar guziei. Elkarretaratzea abuztuak 4, arratsaldeko 8etan, Elizondoko Plazan izanen da

Foto noticia

Indarkeria eta eraso matxistek emazteki guziei eragiten diete, adina, egoera sozioekonomikoa edo nazionalitatea kontuan hartu gabe, eta edozein unetan agertzen dira, baita jaietan ere. Maila sinboliko eta materialean, gizonak emaztekien gainetik jartzen dituzten botere-harremanetan oinarritzen dira, eta emaztekiak gizonen aitzinean mendetasun-egoeran bizitzea betikotzea dute helburu. Indarkeria matxista horiek hainbat modu eta jarrera dituzte. Horietako bakoitza detektatzea, ikusaraztea, baztertzea edota gaitzestea ezinbertzekoa eta premiazkoa da adierazpen sexista guztien prebentzioan osorik lan egiteko.

Erran bezala, indarkeria matxista era askotara agertzen da. Batzuetan nabarmenago agertzen da baina, gehienetan, oharkabean pasatzen zaigu. Indarkeria matxista da emaztekiak gutxiesten dituen portaera oro, mehatxuak, umilazioa, irainak, kontrola, debekuak eta jendaurreko deskalifikazioak. Indarkeria matxista da hedabideetan eta publizitatean emaztekiak objektu gisa aurkeztea. Indarkeria matxista dira sexu-erasoak, norberaren borondatearen kontra sexu-harremanak inposatzea.

Hau lehen mailako arazoa da. Emaztekien eguneroko ogia. Jendarte osoaren arazo larria. Oraindik, neurri handi batean, ezkutuan mantentzen da, justifikatu eta tapatu egiten da. Ez da inola ere, ordea, esparru pribatuari dagokion arazo bat. Arazo kolektiboa da, guztiona, eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea, emazteki eta gizonena, herritar, elkarte zein erakundeena.

Indarkeria eta eraso matxistak ezin dira gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu: sistema heteropatriarkalaren adierazpide bat da, adierazpiderik edo ondoriorik larriena. Indarkeria matxista emazteki eta gizonen arteko botere-harremanak mantentzeko baliabide indartsua da. Indarkeria matxista egiturazkoa dela diogu indarkeria-mota honen oinarrian ordena soziala bera dagoelako; indarkeria-mota hau sostengatu, sustatu, babestu eta ahalbidetzen duen sistema oso bat, alegia. Horregatik ezinbertzekoa da nabarmentzea, gaur inoiz baino gehiago, indarkeria matxistak gizon eta emaztekien arteko botere harremanetan duela jatorria.

Indarkeria matxistak jatorri estrukturala duen heinean, aurre egiteko neurriak eta erantzunak ere integralak behar dute izan. Pertsonen arteko harreman-sistema berria sortzea da erronka, gaur egungo jendarte antolaketa eraldatzea, azken finean. Horrekin batera, indarkeriaren prebentzioan egin behar da bereziki ahalegina. Pertsonak askatasunean heziko dituen hezkuntza sustatu behar da (sistema heteropatriarkalak sortzen dituen emazteki eta gizonen arteko botere harremanak eta emazteki eta gizon izateko eredu bakarrak gaindituko dituena). Pertsonon sozializazio-prozesuei erreparatzea ezinbertzekoa da, hortaz. Era berean, ezinbertzekoa da emaztekien ahalduntzea eta herritarren arteko babes-sareak sustatzeko neurriak martxan paratzea, bakardade sentsazioari eta babesgabetasun egoerei aurre egiteko.

Horregatik, Elizondoko bestetan 5 emaztekik jasan dituzten intentsitate desberdinetako eraso sexisten aitzinean, Baztango Udaleko talde politiko guziek, Elizondoko Herriak eta Elizondoko Besta Komisioak adierazi nahi dugu erabat gaitzesten ditugula eraso sexista horiek, eta Mugimendu Feministak egindako elkarretaratze deialdian parte hartzeko eskaera luzatzen diogu Baztango herritar guziei. Elkarretaratzea abuztuak 4, arratsaldeko 8etan, Elizondoko Plazan izanen da.

Baztanen, 2022ko abuztuaren 4a

NOTICIAS RELACIONADAS

Imagen Bestak gozatu ditzagun, denok elkarrekin, inor kanpoan utzi gabe

Bestak gozatu ditzagun, denok elkarrekin, inor kanpoan utzi gabe

Heldu den astean ospatuko dira Elizondoko Santio bestak. Besta giroak hartuko ditu karrikak, eta denek ongi pasatzea izanen dugu helburu. Halere, denek ez ditugu bestak modu berean bizitzen, hori argi dago. Indarkeria sexistek eta horiek pairatzeko mehatxuek emakumeen eta LGTBI+ pertsonen gozamena mugatzen dute, desberdintasun handi bat sortuz. Bestak bizitzaren erdigunean daude, ideia eta baloreen munduarekin estuki lotuak daude eta, hortaz, herriaren nortasunarekin eta jendarte egiturarekin ere bai. Bestetan burutzen diren ekintzak erranahi politiko eta sinbolikoa duten kultur adierazpenak dira eta gure kultura ezaugarritzen dute.

Imagen Herrietako bestak jasangarriagoak, euskaraz eta indarkeria sexistarik gabekoak izan daitezen bilkurak egin ditu Baztango Udalak herrietako Besta Komisioekin

Herrietako bestak jasangarriagoak, euskaraz eta indarkeria sexistarik gabekoak izan daitezen bilkurak egin ditu Baztango Udalak herrietako Besta Komisioekin

Udan herri guzietan bestak izanen direla-eta Baztango Udalak hainbat bilkura egin ditu herrietako Besta Komisioetako ordezkariekin. Honako gaiak landu dituzte bertzeak bertze: euskara, jasangarritasuna, genero rol eta estereotipoak eta indarkeria sexista. Arras garrantzitsua da bestak antolatzen dabiltzanak kontziente izatea bestetan ere indarkeria sexistarik gabeko gune seguruak behar ditugula; euskaraz solas egitea eta musika ere euskaraz aditzea beharrezkoa dela; eta ahalik eta besta jasangarrienak izatea ere beharrezkoa dela.

Imagen Karrikak kolorez betetzen, aniztasuna balioan paratzen

Karrikak kolorez betetzen, aniztasuna balioan paratzen

Hondar urteetan gorroto-diskurtso LGTBI+fobikoak modu arriskutsuan naturalizatu dira, erasoek goiti egin duten moduan. Hortaz, herritar guziekin batera sexu joera ororekiko errespetua aldarrikatzea arras garrantzitsua da, baita haur eta nerabeekin ere.

Volver arriba