2026ko uztailak 6

Hausnarketatik konpromisora: Eskualdeko Gizon Taldea sendotzen ari da eta bidea egiten segituko du

Berdintasunaren aldeko bidea ezin da emakumeen bizkar gainean bakarrik utzi; gizonen, herriko eragile desberdinen eta jendarte osoaren konpromisoa eta inplikazioa ezinbertzekoak dira aldaketa erreal bat lortzeko. Abiatu dugun bide hau etengabeko prozesu baten lehen urratsa bertzerik ez da.

Foto noticia

2026ko urtarriletik ekainera bitartean, Bortzirietako, Malerrekako, eta Baztango Berdintasun Zerbitzuek sustatutako Eskualdeko Gizon Taldea hilero elkartu da, ERAIKIZ kolektiboaren laguntzarekin. Sei hilabete hauetan, gizonek berdintasunaren inguruan hausnartzeko, elkar entzuteko eta beren bizipenak partekatzeko espazio egonkor eta segurua eraiki dute.

Taldearen helburua ez da soilik berdintasunaren inguruan hitz egitea izan. Saioetan, genero-rolek eta maskulinitate tradizionalak gizonengan eta emakumeengan dituzten ondorioak aztertu dira; pribilegio maskulinoak, eguneroko diskriminazioak eta emakumeen kontrako indarkeria matxistak sostengatzen dituzten jarrera eta portaerak identifikatu eta landu dira, harreman bidezkoagoak eta indarkeriarik gabekoak eraikitzeko bidean.

Ikasturte amaieran egindako ebaluaketak erakutsi du parte-hartzaileek oso balorazio positiboa egiten dutela taldearen ibilbideaz. Bereziki nabarmendu dituzte sortutako konfiantza-giroa, elkarri entzuteko aukera eta hausnarketak eguneroko bizitzan izan duen eragina. Gizonek adierazi dute gaur egun errazago identifikatzen dituztela lehen oharkabean pasatzen zitzaizkien jokabide matxistak, eta kontzientzia handiagoz begiratzen dietela beren harremanei eta emakumeek bizi dituzten desberdintasunei.

Balorazioaren ondorio nagusietako bat argia da: parte-hartzaile guztiek taldearekin segitzeko nahia adierazi dute. Horregatik, Berdintasun Zerbitzuek datorren ikasturtean ere Eskualdeko Gizon Taldeari jarraipena emanen diote, hilean behingo saioekin.

 

Aldi berean, Bortziriak, Malerreka-Bertizarana, Baztan, Urdazubi, Zugarramurdi eta Xaretako bertze gizon batzuk ere animatu nahi dituzte taldearekin bat egitera. Ez da inolako ezagutzarik behar; interesa, jakin-mina eta berdintasunaren alde hausnartzeko eta inplikatzeko gogoa baino ez.

Berdintasunaren aldeko bidea ezin da emakumeen bizkar gainean bakarrik utzi; gizonen, herriko eragile desberdinen eta jendarte osoaren konpromisoa eta inplikazioa ezinbertzekoak dira aldaketa erreal bat lortzeko. Abiatu dugun bide hau etengabeko prozesu baten lehen urratsa bertzerik ez da.

Gorde data: datorren ikasturteko antolakuntza bilera irailaren 18an izanen da, Donezteben.

Informazio gehiago edo izena emateko, jarri harremanetan Bortzirietako, Malerrekako  edo Baztango Berdintasun Zerbitzuekin.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Imagen 2026ko Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta Baztango Udalak aho batez onartutako adierazpen instituzionala

2026ko Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta Baztango Udalak aho batez onartutako adierazpen instituzionala

Baztan aniztasunean oinarritutako bizikidetzaren erreferente izatea nahi dugu. Baztan guztion etxea da, eta etxe horretan pertsona guztiek izan behar dute beren nortasuna askatasunez bizitzeko aukera. Horregatik, Baztango Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira antolatuko diren ekimenekin bat egitera eta sexu- eta genero-aniztasuna errespetatzen eta baloratzen duen herri bat eraikitzen segitzera.

Imagen Bizirauteko sareak ehunduz: indarkeria matxista pairatu duten emakumeei zuzendutako laguntza psikoedukatibo eta musikoterapeutikoko landa-proiektu batek saria jaso du

Bizirauteko sareak ehunduz: indarkeria matxista pairatu duten emakumeei zuzendutako laguntza psikoedukatibo eta musikoterapeutikoko landa-proiektu batek saria jaso du

Baztango Udalak, Bortzirietako eta Malerrekako Mankomunitateekin batera, aitortza jaso du Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Tokiko Jardunbide Egokien Lehiaketaren X. edizioan (2025-2026), FEMPk eta Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzak antolatutako deialdian, “Babesgune terapeutiko egonkorra: indarkeria matxistaren biktima eta biziraule diren emakumeendako laguntza psikoedukatiboa eta musikoterapeutikoa” proiektuari esker.

Volver arriba