ENPRESAN EUSKARA TXERTATZEKO ESKULIBURUA prestatu dute Nafarroako mendialdeko euskara zerbitzuek.
Lan munduan euskararen erabilera, oro har, txikia dela ohartuta prestatu dute gida hau. Izan ere, hezkuntzan, administrazioan, aisialdian eta hedabideetan, besteak beste, euskara bere espazioa irabazten joan bada ere, arlo sozio-ekonomikoan hutsune handi samarra dago oraindik.
Argitalpenean azaltzen den moduan, edozein tamainako enpresatan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko proposamena da. Hainbat aholku, argibide eta informazio ematen da: euskarak lan mundua bereganatzearen garrantziaz; euskara enpresan txertatzeko dauden arrazoiak eta nola txertatu euskara enpresan; baita dirulaguntzei buruzko informazioa ere: Nafarroako Gobernuak ematen duena lantoki pribatuetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko; baita Udal eta Mankomunitateek eskaintzen dutena ere.
Jakina da heldu askok lantokian pasatzen dutela beren denboraren zati handi bat. Gaur egun, eta euskal hezkuntzari esker hein handi batean, gero eta gehiago dira euskal hiztunak, haur eta gazteak bereziki. Orain arte, ordea, nahikoa erdalduna izan da eremu hau. Egoera hori iraultzeko, enpresetan ere euskararen presentzia areagotu behar da. Eta erabaki kontzientea hartu behar da, lan mundua ez baita modu naturalean euskaldunduko, euskara besterik gabe txertatuta. Esku hartze planifikatua eta eragile guztien parte hartzea eta elkarlana behar dira horretarako. Zeregin horretan eragiteko gonbidapena egin nahi diete euskara zerbitzuek arlo sozio-ekonomikoko eragileei.
Egitasmo honetan parte hartu duten Nafarroako mendialdeko euskara zerbitzuek (Baztango Udala, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea eta Sakanako Mankomunitatea) era guztietako enpresei proposatu nahi diete euskararen aldeko urratsak eman ditzatela. Bide horretan laguntzeko prestatu dute, hain zuzen ere, honako eskuliburua (klikatu irudiaren gainean).
