2023ko otsailak 24

MARTXOAK 8 EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA. Anitzak gara, orain askeak.

Anitzak gara, orain askeak. Martxoak 8ko programazioa eta aho batez onartutako adierazpen instituzionala.

Foto noticia

ANITZAK GARA, ORAIN ASKEAK

  • Programazioa:

Lodifobia eta estetikaren esklabotzaren inguruko HITZALDIA, Mijo Lizarzabururen eskutik

Sistema honetan emakumeak ez gaude inoiz gure gorputzarekin guztiz konforme, gorputzarekin lotutako genero-estereotipoek diskriminazioa indartzen dute eta emakumeen askatasuna mugatzen dute. Esparru feministetan gero eta gehiago hitz egiten da “lodifobia”ri buruz, ez depilatzeari buruz, ezgaitasunen bat duten pertsonen zein adineko emakumeen balioari edota sexualitateari buruz. Gorputz, desio eta sexu praktika anitzak politikoki aldarrikatzea behar-beharrezkoa da, baina benetan lortu al dugu edertasunaren agindu zorrotzak kolokan jartzea? Uda garaian bikini-operazioa ahaztea eta gorputzak eta desioak deskolonizatzea izan daiteke erronka.

📆 Martxoak 9, ortzeguna ⏰ 18:30
📍 Arizkuneneako hitzaldi aretoan (azken solairuan)

Informazio gehiago berdintasuna@baztan.eus helbidean edo 613 003634 telefonoan.

ANIMATU PARTE HARTZERA!!

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Anitzak gara, orain askeak

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakume guztion aniztasuna eta ikusgaitasuna aldarrikatu nahi ditugu. Emakumeen askatasuna etengabe baldintzatzen dute edertasun eredu femeninoetan oinarritutako genero estereotipoek,  gorputzen eta emakumeen aniztasunarekin bat ez datozen arau estetiko batzuk paratzen baitituzte, askotan irrealak eta utopikoak direnak.

Emakumeenganako presio estetikoa sistema patriarkalaren eta kapitalismoaren arteko aliantzaren adibide da. Alde batetik, emakumeei beti gorputz perfektua lortzeko esperoan egoteko eskatzen zaie, beren buruekin etengabeko asegabetasuna sortuz. Bertzalde, helburu horiek lortzeko milioika produktu kontsumitzea bulkatzen da eta horrek negozio handi bat sortzen du emakumeen gorputzen inguruan.

Argaltasunean, perfekzioan eta betiko gaztetasunean oinarritutako gorputz femenino zehatz bat definitzen duten eredu horiek edertasun eredu hegemonikoa betetzen ez duten emakumeak ikusezin bihurtzen dituzte: adineko emakumeak, arrazalizatuak, lodiak, argalegiak, desgaitasuna dutenak, depilatzen ez direnak, burusoilak…

Sare sozialek, publizitateak eta entretenimenduaren industriak mota horretako mezuak zabaltzen dituzte behin eta berriz. Feminitate eredu normatiboa betetzen duten emakumeak bakarrik ikusarazten dira, eta horrekin batera haiek bezalakoak izatea lortzeko milaka produktu sustatzen dira.

Gorputzarekin lotutako genero-estereotipoek bazterkeria indartzen dute hainbat esparru sozialetan eta harremanak oztopatzen dituzte, autokontzeptua, osasuna eta autoestima kaltetuz, hau da, emakume eta neska askoren bizitzak kaltetuz. Emakumeak eskuraezina den gorputz baten idealen menpe paratzeko modu bat da, emakumeen bizitza ideal hori lortzeko borroka etengabe bat izan dadin, beren gorputzen, denboraren joanaren eta norberaren aurkako etengabeko borroka bat. Arrakasta sozialak, sexu-afektiboak, lanekoak etab. lotura estua du edertasun kanonak betetzearekin. Presio estetiko hori, halaber, osasun mental eta fisikoko arazo garrantzitsuekin lotuta dago, hala nola elikadura-jokabidearen nahasmenduekin, eta horiek gazteei eragiten diete bereziki. Lodifobia bezalako jokaerek ondorio sozial eta osasun-ondorio arras nabarmenak dituzte gorputzen aniztasuna kontuan hartu gabe haien gorputzak ez direla osasungarriak erraten zaien emakumeengan.

Horregatik martxoaren 8an emakumeen aurkako indarkeria estetikoan eta haren ondorioetan paratu nahi dugu fokua. Inposatzen den edertasun eredu hegemonikoa eskuraezina da eta gorputz eta emakume gehienei balioa kentzen die. Edertasun eredu bakar hori eraldatzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu, bertze edertasun mota batzuk, askotariko gorputzak, errealitate ezberdinak eta emakume ezberdinak daudela erakusteko. Emakumeen askatasuna beren eskubideetan baitago eta ez haien irudian.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 8an, toki-erakundeek, HONAKO KONPROMISO HAUEK HARTZEN DITUGU:

  • Tokiko esparruan emakumeen osasun fisikoa eta emozionala eta harreman-osasuna sustatzen duten politika publikoak bulkatzea.
  • Genero-estereotipoen inguruan sentsibilizatzea eta edertasun eredu hegemonikoarekiko gogoeta kritikoak sortzea.
  • Emakumeen dibertsitatea ikusaraztea eta balioestea.
  • Aitortzea mugimendu feministak arlo honetan egindako ekarpenak eta lana.

NOTICIAS RELACIONADAS

Imagen Bestak gozatu ditzagun, denok elkarrekin, inor kanpoan utzi gabe

Bestak gozatu ditzagun, denok elkarrekin, inor kanpoan utzi gabe

Heldu den astean ospatuko dira Elizondoko Santio bestak. Besta giroak hartuko ditu karrikak, eta denek ongi pasatzea izanen dugu helburu. Halere, denek ez ditugu bestak modu berean bizitzen, hori argi dago. Indarkeria sexistek eta horiek pairatzeko mehatxuek emakumeen eta LGTBI+ pertsonen gozamena mugatzen dute, desberdintasun handi bat sortuz. Bestak bizitzaren erdigunean daude, ideia eta baloreen munduarekin estuki lotuak daude eta, hortaz, herriaren nortasunarekin eta jendarte egiturarekin ere bai. Bestetan burutzen diren ekintzak erranahi politiko eta sinbolikoa duten kultur adierazpenak dira eta gure kultura ezaugarritzen dute.

Imagen Herrietako bestak jasangarriagoak, euskaraz eta indarkeria sexistarik gabekoak izan daitezen bilkurak egin ditu Baztango Udalak herrietako Besta Komisioekin

Herrietako bestak jasangarriagoak, euskaraz eta indarkeria sexistarik gabekoak izan daitezen bilkurak egin ditu Baztango Udalak herrietako Besta Komisioekin

Udan herri guzietan bestak izanen direla-eta Baztango Udalak hainbat bilkura egin ditu herrietako Besta Komisioetako ordezkariekin. Honako gaiak landu dituzte bertzeak bertze: euskara, jasangarritasuna, genero rol eta estereotipoak eta indarkeria sexista. Arras garrantzitsua da bestak antolatzen dabiltzanak kontziente izatea bestetan ere indarkeria sexistarik gabeko gune seguruak behar ditugula; euskaraz solas egitea eta musika ere euskaraz aditzea beharrezkoa dela; eta ahalik eta besta jasangarrienak izatea ere beharrezkoa dela.

Imagen Karrikak kolorez betetzen, aniztasuna balioan paratzen

Karrikak kolorez betetzen, aniztasuna balioan paratzen

Hondar urteetan gorroto-diskurtso LGTBI+fobikoak modu arriskutsuan naturalizatu dira, erasoek goiti egin duten moduan. Hortaz, herritar guziekin batera sexu joera ororekiko errespetua aldarrikatzea arras garrantzitsua da, baita haur eta nerabeekin ere.

Volver arriba