2022ko irailak 1

Onartu da Baztango Emazteki* eta Gizonen* Berdintasunerako II. Plana (2022-2026)

Aho batez onetsi zen uztailaren 21eko osoko bilkuran

Foto noticia

Plana Udalaren dokumentu estrategikoa da emaztekien eta gizonen arteko egiazko Berdintasun eraginkorrerantz aitzinera egiteko.

Berdintasunerako II. Plana

Berdintasun Plana lan tresna egokia da emaztekien eta gizonen arteko egiazko berdintasuna lortze aldera bulkatzen diren ekintzak antolatu, planifikatu eta ebaluatzeko.

2021eko udazkenean abiatu eta 2022an akitu zen Baztango I. Berdintasun Plana ebaluatzeko prozesua. Prozesu hartatik ateratako ondorioekin eta hainbat datu estatistikorekin Diagnostiko Txostena osatu genuen, eta analisi horretatik ateratako informazioaz baliaturik sortu zen II. Plana. Hausnarketa eta kontraste prozesu hauek herriko mugimendu feministarekin, udal teknikariekin, emakume talde desberdinekin eta ordezkari politikoekin batera egin ditugu. Prozesu horietan Baztanek berdintasunaren arloan dituen erronkak identifikatu ditugu eta horiei erantzuna eman diegu.

Sei atal dauzka Planak: Sarrera; Nola egin da?; Marko arautzailea eta programatikoa; Printzipioak eta Bermeak; II. Planaren deskribapena; eta Kudeaketa sistema.

Plan honen garapenean dokumentu arina, ulergarria eta errealista garatzen saiatu gara.

Lau lan-ardatzetan egituratuko da: Genero ikuspegia txertatzea Udalaren jardueran; Emaztekien kontrako indarkeria matxista; Ekonomia zaintzaren ikuspegitik; eta azkenik, Berdintasuna kontsolidatzeko rol eta estereotipoak aldatzea eta emaztekiak ahalduntzea.

2022 eta 2026 artean indarrean egonen den Plan honek 50 ekintza proposatzen ditu, erran bezala, 4 lan-ardatzetan banatuta, eta 15 helburu biltzen  ditu. Ekintza bakoitzeko adierazita daude aurreikusitako egutegia eta plana gauzatzeaz arduratuko diren arloak, bai eta jarraipena eta ebaluazioa egiteko adierazleak ere.

Lerro hauen bidez, diagnostikoa eta Plana lantzeko prozesuan egindako lana eta jasotako ekarpenak eskertu nahi dituzte Baztango Udalak eta Berdintasun Zerbitzuak. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkie eztabaida taldeetan, elkarrizketetan, etab. aritu diren elkarte eta herritarrei, baita, udaleko arduradun politikoei eta teknikariei ere. Denon artean, Baztan berdinzaleago, zuzenago eta jasangarriago bat eraikiko dugu.

II. Plana hemen irakurri edota deskargatu dezakezu: https://labur.eus/kt0pX

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Imagen Bizirauteko sareak ehunduz: indarkeria matxista pairatu duten emakumeei zuzendutako laguntza psikoedukatibo eta musikoterapeutikoko landa-proiektu batek saria jaso du

Bizirauteko sareak ehunduz: indarkeria matxista pairatu duten emakumeei zuzendutako laguntza psikoedukatibo eta musikoterapeutikoko landa-proiektu batek saria jaso du

Baztango Udalak, Bortzirietako eta Malerrekako Mankomunitateekin batera, aitortza jaso du Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Tokiko Jardunbide Egokien Lehiaketaren X. edizioan (2025-2026), FEMPk eta Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzak antolatutako deialdian, “Babesgune terapeutiko egonkorra: indarkeria matxistaren biktima eta biziraule diren emakumeendako laguntza psikoedukatiboa eta musikoterapeutikoa” proiektuari esker.

Imagen Baztango Udalak Berdintasunerako II. Plana luzatzea adostu du

Baztango Udalak Berdintasunerako II. Plana luzatzea adostu du

Luzapenari esker, 2026an eta 2027an oraindik burutu gabe dauden ekintzak garatzen segituko da. 2028a berriz, kanpo-ebaluazioa egiteko urtea izanen da; urte horretan eginen da planaren ebaluazio orokorra, berdintasunaren egoeraren diagnosia eguneratuko da, eta Baztango Emazteki* eta Gizonen* Berdintasunerako III. Plana prestatzeko oinarriak landuko dira.

Volver arriba