2025eko irailak 22

Sexilioari buruzko ‘Xerka’ hitzaldia eta argazki-erakusketa eskainiko dute Martxel Larrazak eta Joseba Olagaraik ortzegunean, Elizondon

Euskal Herriko landa-eremuko bortz pertsona queerren bizipenak, hausnarketak eta sentsazioak biltzen ditu ‘Xerka’ fotokazetaritza proiektuak, eta LGTBIQ+ komunitateak herrietan bizi duen erbesteratze prozesu isila lantzen du

Foto noticia

Martxel Larraza eta Joseba Olagarai kazetariek Xerka hitzaldia emanen dute Elizondon, heldu den ortzegunean, 18:30ean, Arizkunenean. Eurekin batera, Xarre Bidegain lekaroztarrak ere bere lekukotza eskainiko du. Solasaldiaren ondoren, hurrengo ortzegun goizera arte, argazki-erakusketa ikusgai egonen da Arizkunenean.

Hitzaldian, zenbait lurralde, jatorri eta adinetako bortz pertsona disidenteren nortasunak eta bizi-esperientziak ezagutaraziko dituzte. Ekimenak, hain zuzen, helburu du mezu positibo bat transmititzea: euskal landa-eremuan posible dela queer izatea eta herrian bizitzea, euskaraz. Izan ere, sexilioa deitzen zaio sexu-orientazioa edo genero-identitatea dela-eta jasandako zapalkuntzarengatik euren gizarte-ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBIQ+ pertsonen migrazio behartuari.

Xerka Martxel Larrazak 2023an ondutako fotokazetaritza proiektua da, urtebete beranduago komunikazioko GRALen III. BERRIA sariketan saritu zutena. Paisaiaren eta erretratuaren genero klasikoak uztartuz eta hainbat teknika eta estilo fotografiko baliatuz, subjektuaren eta haren ingurunearen arteko dialektika poetikoa proposatzen dute argazkiek, gatazkatsua bezain harmoniatsua izan daitekeen harremanaren inguruan.

 

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

SOLASEAN programa

ESKOLATIK KANPO EUSKARA INDARTZEKO EGITASMOASolasean hizkuntzaren errefortzurako aisialdi-programa bat da, euskaraz ikasteko eta aritzeko zailtasunak dituzten haurrei zuze...

BAZTAN-BAIGORRI topaketak

Aurten ere, Baztango Udalak eta Baigorriko Herriko Etxeak Baztan-Baigorri topaketak antolatu dituzte, bi ibarren arteko harremanak sendotu eta euskararen sustapena helburu nag...

Volver arriba